Bide ohikoetan egongo ziren arazoak, ziur. Mendizalea kontziente da arriskuaz, baina jende gehiago dabil mendian, jende berria, eskarmenturik ez duena, eta modu horretan arriskua biderkatu egiten da. Elurretan ibiltzeak errespetua eragin behar du beti, ez da txantxetan hartzeko modukoa.
Nik mendiko GPSa erabiltzen dut beti, elurretan, ukimenarekin ez, botoiekin funtzionatzen duena, hatzak hotzarekin komeriak ematen dituztelako, eta horri esker ia ezinezkoa da galtzea, nahiz eta bisutsa sartu bat-batean, eta ikusgaitasuna erabat desagertu. Ziurtasuna bilatzen dut. Elurretan erraza da toki txarretan sartzea, markak desagertu egiten dira, eta kontuz ibili behar da. Nire inguruan jendea ez dut txorakeriarik egiten ikusi. Nik garbi dut mendiari errespetua zor zaiola, eta galtzen badiozu, arazoak sor daitezkeela. Errespetu hori edukiz, eskarmentuarekin irabazten da, pixkanaka, hasieran zu baino esperientzia handiagoa daukan norbaitekin ibilita. Eguraldia bat-batean alda daiteke neguan, eta ondo egotetik gorriak pasatzera igaro zaitezke minutu gutxiko tartean. Adarrari dagokionez, esango nuke inoiz mendian ikusi ez dudan jendea badabilela, baina konfinamenduaren ondorio zuzena dela. Pentsatzen dut pandemia bukatzen doan heinean arazo hau desagertu egingo dela.
Abisuak: Nire kasuan eguraldiari erreparatzen badiogu, eta ona ikusten badugu, mendira joaten gara. Normalean abisuak eguraldi txarrarekin lotuak daude. Informazio nahiko badugula esango nuke: segapotoan, irratian, telebistan, egunkarietan… Kasu egiten da, baina etxeratzeak, Pirinioetara joateko debekua eduki izanak bizitzaren bat edo beste salbatu duela esango nuke, ze euskaldunak oso mendizaleak, Pirinio zaleak gara. Arriskua emanda badago, zerbaitegatik da, eta orokorrean jendeak abisuak aintzat hartzen dituela esango nuke.
Aralar aldean txikiak ziruditen elur jausiak ikusi ditut, baina sumatzen zen elur geruza 70-80 zentimetrokoa zela. Galdetu nion, topatu nuen eski zale bati, ea tamaina horretako jausi batek pertsona bat hil ote zezakeen, eta baietz esan zidan, burua elur azpian geratuz gero bertatik ateratzea ezinezkoa dela. Apur bat harrituta geratu nintzen, baina hausnartu arazi zidan, elur jausiak Pirinioetan edo Alpeetan bakarrik gertatzen direla uste baitugu. Aralarren ere bai, bistan da, elurte handiak daudenean. Niri elur jausiak ikusi izanak errespetu handia sorrarazi dit. Metro eta erdiko elur geruzaren azpian trabatuta geratuz gero, akabo. Txindokiko ohiko bidetik joanez gero, eguraldi txukunarekin, arazorik ez dago, arrastoa irekita baitago. Alegia, elurretan ibil daiteke, segurtasunez, eta gozatzeko, baina beti ere mendiari errespetua edukiz. Azken finean, Pirinioak etxean bagenitu bezala dago egoera, eta probestu beharra dago.