Jorge Segurado Urnietako alkatearen adierazpena:
"Urnietako egoera epidemiologikoarekin kezkatuta gaude, izan ere, azken egunetan izandako positiboekin goranzko joera berretsi da, eta gero eta gertuago dugu eremu gorria. Gaur, intzidentzia-tasa 434,85ekoa da, eremu gorria markatzen duen 500etik oso gertu, eta denok dakigu zer ekarriko lukeen eremu horretan sartzeak. Besteak beste, udalerriaren konfinamendu perimetrala, ostalaritza ixtea eta eskola kirola etetea.
Beraz, zuhurtasunerako eta erantzukizunerako beste dei bat egiten dugu, eta ezarritako neurriak zorrotz betetzea eskatzen dugu eremu gorrira ez sartzeko eta, sartzen bagara, ahalik eta lasterren irteten saiatzeko.
Badakigu prozesu luzea eta gogorra izaten ari dela guztiontzat, irteteko, gizarteratzeko eta gure senide eta lagunekin egoteko gogoz gaudela, baina salbuespenezko egoera baten aurrean gaude, eta egoerak eskatzen duen mailan egon behar dugu, zentzu komunitarioarekin jokatuz, guztion osasuna baitago jokoan. Hortaz, jarrai dezagun lanean denok batera, txertaketaren amaieran iritsiko den immunitate komunitarioa lortu arte. Baina ordura arte arduratsu jarraitu behar dugu, birusak gure artean jarraitzen duelako eta arriskutsua delako. Mugatu dezagun kontaktu soziala ahalik eta gehien, sintomaren bat izanez gero, deitu osasun-zentrora, eta positiboak izanez gero edo positibo batekin kontaktu zuzena izan badugu, egin dezagun berrogeialdia behar bezala.
Orain arte egindako lan eta ahalegin guztiari jarraipena eman behar diogu, berandu baino lehen beste egoera batean egon gaitezen. Udalak laguntza eskatzen dizue beste behin, eta, aldi berean, animoak bidaltzen dizkizuegu besoak jaitsi ez ditzazuen. Ziur gaude guztion artean egoera honi aurre egingo diogula".