EkonoVID

“Guk egiten ez badugu, ez du inork gugatik egingo”

Alba Cabrera Jauregi 2021ko urt. 24a, 09:00

Marisa Iturbe

Pandemiak salerosketan zuloa eragin arren, Urnietako merkatariek indarra eta gogoa dute euren sektorea babesteko eta sustatzeko. “Guk egiten ez badugu, ez du inork gugatik egingo”, adierazi du Iturbek.

 

1964. urtean hasi zen Marisa Iturberen aita sukaldeko ekoizle gisa, eta, ondoren, bi hamarkada beranduago, ireki zuten Iturbe altzarien denda Urnietan, hain zuzen, 1988an. Geroztik sukaldeak egiten eta etxeko gainerako altzariak merkaturatzen aritu dira.

Ia zazpi hamarkada ematen dute zer ikusia eta ikasia, baina inork gutxik irudikatuko luke osasun-pandemia bat saltokiaren atarian. Hala, beste merkatari askoren gisan, berrasmatzeko gaitasuna eduki behar izan dute Marisa Iturbek eta bere lankideek, negozioak martxan jarrai dezan.

Iturberen esanetan, jendeak denbora luze jo du etxean, eta konturatu da zer falta zaion eta zeintzuk diren bere premiak. "Nahiz eta bi hilabetez itxita eduki”, dio merkatariak, “nahikoa errekuperatu dugu”. Oro har, enpresaren egoera ona dela uste du, zeren 2019. urtean baino apur bat gutxiago fakturatu arren, ez baitago alde handirik: “Ezin gara kexatu geure sektorekoak: pozik gaude”.

Itxialdiaren ostean, nabarmenki egin zuten gora erosketek altzarien alorrean, baina, urtearen amaieran (azaroan zein abenduan), eskaria berriro ere jaitsi egin da. Obra txikiagoak egiten dira orain nagusiki: ateak aldatu, koltxoia aldatu… Joera hori jendeak etxean igarotako orduekin lotu du Iturbek: “Zerbait zaharkituta badago, gehiago nabaritzen dugu, etxean pasatako denboragatik. Etxea eroso edukitzea inportantea da orain, lehen baino inportanteagoa”.

Berrasmatzeko beharra

Bezeroei dagokionez, Andoain da Iturbe altzariak dendarentzat herri garrantzitsuena, eta hari batzen zaizkio jarraian Villabona eta Urnieta, baita eskualdeko beste hainbat herri ere. Hori dela eta, beren jarduna zaildu dute pandemiari aurre egiteko neurri murriztzaileek. Esaterako, soilik ondoko herrien arteko mugikortasuna baimendu zuten pasa den urtearen amaieran. Gauzak horrela, egoerari irtenbidea bilatu nahian, berrasmatu egin zuten beren lana: Urnieta ondoko herrien kasuan, bezeroak joaten ziren saltokira aurrekontuak jasotzera. Alabaina, gainerakoetan, Iturbe bera joan zen bezeroen etxera ordenagailuan proiektua eta aurrekontua erakustera.

Gainera, Urnietan positiboen datuek goia jo zuten azaroan eta eragina izan zuen horrek salerosketan. Iturbek nabaritu du bezeroen partetik “beldur handiagoa” dagoela: “Jendea apur bat dago itxaroten ea zer gertatzen den ikustera. Askok ez digute ezezkoa eman aurrekontuan, baina itxaron egin nahi dutela diote”.

Epeen malgutasuna

Espazio handiko lekua da Iturbe altzarien saltokia; beraz, aforoari dagokionez, ez dute oztoporik izan. Hala ere, proiektuak amaitzeko epea luzatu egin zaie, egoera dela medio. Iturberen esanetan, lehen, 4-6 aste bitartean zuten entrega-epea; aldiz, orain, 8-10 astetara ere luzatu egin behar izan dute zenbait kasutan: “Beti gaude zalantzan, izan ere, fabrikatzaile batek itxi egin behar badu, horrek baldintzatu egiten gaitu gu. Beraz, gutxi gora beherako data ematen diegu bezeroei”. Hala ere, nabarmendu du bezeroek duten pazientzia eta egoera ulertzeko ahalmena. Sukaldeko materialei dagokionez, ez dira hainbeste luzatu epeak, zeren ez baitaude beste inoren esku, hau da, beraiek dira beren materialaren fabrikatzaile.

Urnietako merkatarien borondatea

Pandemiak salerosketan zuloa eragin arren, Urnietako merkatariek indarra eta gogoa dute euren sektorea babesteko eta sustatzeko. “Guk egiten ez badugu, ez du inork gugatik egingo”, adierazi du Iturbek. Horrez gain, gaineratu du “dinamikoak” izan behar direla eta “egoerara moldatzeko gaitasuna” izan behar dutela. Gainera, saltzaileen arteko elkar zaintza lehenetsi du merkatariak: “Ostalaritza, esaterako, une gogorrak ari da bizitzen. Beraz, ahal dugun neurrian, lagundu egiten diegu. Izan ere, gaur ostalariak dira, baina bihar, behar bada, beste sektore bati tokatuko zaio”.

Bestalde, hainbat ekimen egin zituzten joan den urtean, merkatarien zein ostalarien poltsikoetako zuloa txikitze aldera, eta herrian ikusgarritasuna lortzeko. Lehenik eta behin, herriko dendetan xahutzeko bonoak atera zituzten Udalarekin elkar lanean. Jarraian, #Niereostalarianaiz kanpainari ekin zioten: zozketa-billeteak saldu zituzten, irabazitako dirua ostalariei emateko. Ondoren, gabonetan, parte-hartzaileen artean zozketa egin zen 42 sarirekin. Iturbek uste du dirua biltzea baino gehiago, ostalaritzak bizi duen egoeraren berri ematea zela ekimenaren helburua: “Urnietak duen herritar-kopuruarekin ezin da irabazi handirik izan, baina diru hori baino inportanteagoa da jendea konturatzea zein egoeratan dagoen ostalaritza, eta lagundu egin behar zaiela. Orain desegonkorra da lehen ziurra zena”.

Azkenik, urtea amaitu baino lehen, “VIP” kanpaina abiatu dute. Lau sektoretan banatu dituzte herriko dendak eta zerbitzuak: elikadura, osasuna, ostalaritza eta aurreko hiruetan sailka ezin daitezkeen gainerako saltokiak. Hala, lau sektoretan erosita “Vip bezeroa” bilakatzen da herritarra. Ondorioz, 25 euroko bonoa ematen zaio, zoriz tokatutako lau alor horietako batean xahutzeko. Iturbek esan duenez, tokiko merkataritza sustatzen duten horiek saritzeko modua da hori: “Bizitza Urnietan egiten duena oso bezero garrantzitsua da guretzat”. Pasa den astean hasi eta otsailaren 28ra bitarte izango dute urnietarrek abantaila horretaz gozatzeko aukera.

Hemendik aurrera, “Urnietako merkatariak ostalariak eta zerbitzuak” izenpean egingo dute lan. Hala ere, juridikoki egituratuta ez daudenez, lehengo elkartea (Onbizi) darabilte gestioak egiteko. Iturbek adierazi du pandemiari aurre egiteko ahaleginean 80 bat merkatari daudela. Beraz, indarra badute berriro ere martxan jartzeko. Aurrera begira, oraindik eskuartean ezer berririk izan ez arren, aurki ekingo diote hainbat ekimen egiteari: "Jada pentsatzen ari gara zer egin udaberriari begira. Oraindik ez dakigu zer egin, baina egin, egingo dugu ziur".

"Oso eskertuta gaude, herritarrek gure egoera ulertzen dutelako eta pazientzia dutelako"

Orain bost urte pasatxo eutsi zion hernaniarrak Osane belar-dendari, aurretik egondako kideak hiru urtez izan ostean.

Lan-ordu asko izan arren, pozik dago Maialen Estarloa Osane dendako kidea: oso gustukoa du denda nutrizionistak, baita herritarrekin hartu-emanean aritzea ere. Pandemia aurreikusi ez eta ezustean hartu zuen; beste hainbat esparrutan gertatu bezala, Osanen ere eragina izan du koronabirusak.

Ez da garai erraza izaten ari dendentzat; are gutxiago herrietako tokiko merkatarientzat... Nola bizi duzu egoera?

Estres handiko aldia izan zen martxoa. Jende guztiaren ahotan zegoen gaia, eta ez nuen bestelako gairik hitz egiteko dendara sartzen ziren herritarrekin. Denbora osoan gaiarekin gora eta behera, ni neu ere kiribil horretan sartzeraino. Antsietatea eragiten du horrek. Ondoren, neurriak aridu ahala, astetik astera aldatutako murriztapenetara egokitu nuen denda. Ezjakintasun handiko egoera izan zen, estres handikoa.

Orain, badirudi ohitu egin garela egoerara. Leku guztietan ikusten dira jende-ilarak, adibidez. Beste bizi-erritmo batetara ohitu gara, eta ez dakigu hori ona den ala ez. Bere alde onak zein txarrak izango ditu, noski.

Hala ere, Urnietako merkatariek egoerari aurre egiteko borondatea duzue.

Izugarrizkoa, eta oso eskertuta gaude jendearen erantzunagatik; oso pozik. Gure artean batzeak aukera eta ideia berriak sortzea dakar, bizia ematea, alegia. Orain urtebete ekin genion horri guztiari. Ideia mordoxka genuen ateratzeke, baina guztia etetea eragin zuen pandemiak. Ondoren, ikusi genuen lehen baino behar handiagoa zegoela, hots, aurretik buruan genituen ideiak martxan jartzeko egoera aproposa zela. Oso proiektu polita bezain inportantea da herri gisa funtzionatzeko.

Urnietako egoera epidemiologikoa kezkagarria zen urte amaiera aldean.

Jendeak beldur handiagoa zuen, etxean sartuta zegoen, eta kaleak hutsak zeuden, hilda. Hala ere, beti zegoen mugimendua; azken finean, jendeak etorri egin behar zuen erosketak egitera. Ohiturei dagokionez, orain erosketa handiagoak egiten dira; aldiz, lehen txikiagoak ziren, eta maiztasun handiagoarekin etortzen ziren herritarrak. Jendeak beldurra sentitzen du eraikin txikietara eta itxietara sartzeko. Aforoagatik ere ilarak egiten dira. Baina oso eskertuta gaude, herriatarrek gure egoera ulertzen dutelako eta pazientzia dutelako.

Nabaritzen duzu eroslearen aldetik tokiko merkataritza babesteko joera?

Izugarrizkoa. Egoerak bermatu du: batetik, merkatarien arteko harremana sendotzea; bestetik, tokiko merkataritza aintzat hartzea eta sustatzea. Hori ez ezik, gazte jende askok jotzen du herriko dendetara; horien aldeko apustua egiten ari dira, kontzientziatuta daude.

Zer moduzko Gabonak izan dira, aurrekoarekin alderatuta?

Oso antzekoak. Egia da, egun horietan jendea lasaitu egiten dela eta beherakada egoten dela. Baina orain hasten dira urte berriarekin batera egindako promesak eta garbiketa-saioak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!