Herrietako itxiera perimetrala agintzen duen txostena ikuskatzen buruko min franko izan ditu Lauri Eizmendi Urnietako Udaltzain buruak. Zer egin daitekeen, zer ez… “Herritarrek ulertze aldera, lan, hezkuntza edo osasun kontuengatik ez bada, ezin da herritik irten, eta kasu horietan, behar hori argitzen duen agiria eskatuko da”. Astelehen eguerdian intzidentzia tasa 750era igo da Urnietan. “Adituek ohartarazi gintuzten, Gabonetan oso lasai ibili ginela, marmotaren egunean bezala bueltan gatoz. Ez ditugu gauzak ondo egiten, edo ez dugu ikasten”. Eta zergatik, bada? “Ez dakit. Ziur aski kasu gehienetan Covid 19aren ondorio mingarriena ez delako gehienen begietaraino iritsi, ez dutelako birus horren aurpegi gaiztoena ezagutzen, gertuko senitartekoren baten bitartez, eta garrantzia kendu Covid-ari”.
Orain herritik atera ezinik egon beharko dugu, tabernak itxita, eta datozen hogei egunerako, gutxienez. “Otsailaren 15a arte ziurtzat jo dezakegu itxiera perimetrala. Orduan ikusiko da zer ematen duten zenbakiek. Aurreikuspenak egitea alferrikakoa da”. Udaltzainek jarrera informatzailea izango omen dute, zigortzailea baino gehiago. “Beti bezala, aurreneko aukeran, galdetu, eta bigarren arau hauste bat ematen bada, ba zigorra jarri”. Iazko martxo-apirileko etxeratzean indarrean jarri zuten antzeko lanketa izango dute orain ere: “kalean kontrol gehiago, mugikortasunean jendeari galdetu, nora doan eta zertara”. Garbi du gehiengoak arauak errespetatuko dituela, baina baita “gutxiengo bat horiek ez betetzen saiatuko dela”. Euren zainketa lana oraingoan iazko martxoan baino zailagoa izango dela uste du Eizmendik, “ezin delako herriko sarrera nagusiak 24 orduz zainduta eduki. Ezinezkoa da Mandazubi edota Irurainen 24 orduko kontrolak jartzea, baliabiderik ez dugulako. Jendeak laguntzen ez badu, guk jai dugu”.
Arauei iskin egiteko tentazioa
Zaintza lan horren inguruan, Eizmendi ziur da Andoain edo Hernanira joan nahi duenak zirrikituren bat bilatuko duela: “Izan autoan, bizikletan edo oinez, toki batetik edo bestetik. Norberak erabaki behar du arauak betetzea edo ez, erantzukizunez jokatu edo ez. Eman nahi nukeen mezua hauxe da: neurri zorrotzen iraupena gure jokaeraren araberakoa izango da, eta herritarrek hori ulertzea nahi genuke. Alegia, arauak betetzen badira, datuek hobera egiten dute. Betetzen ez badira, ez”.
Herritarrak triste sumatzen ditu
Martxoan pandemiak erasan gintuenetik urtea beteko da, eta Lauri Eizmendik udaltzain-buruak herritarrak triste sumatzen dituela dio: “Erreta. Gazteak gazte direlako eta ezin dutelako parrandarik egin. Zaharrak bere azken urteak direlako, eta itxuraz euren azken hilabeteak izan daitezkeen garaian egoera latza bizitzen ari direlako. Jende asko muga-mugan dago, eta sumatzen da, asko trantze txarra pasatzen ari dela”.