Cabarcenoko natur parkean, hiru urte besterik ez zituela hartu zuen lehen aldiz Beñat Lizaso Garcia urnietarrak argazki-makina; harrezkero, eguneroko ohitura bihurtu du iragankorra betikotzeko afizioa, etorkizunean ofizio bilakatu nahiko lukeena. Jaunartzean oparitu zion familiak bere lehen argazki-kamera, baina ez zen argazkilaritzatik bizi daitekeela jabetu harik eta Oreretako Katiuska enpresarekin ezkontzetan lanean aritu arte. Handik gutxira, Lasarteko tokiko komunikabidean, Txintxarrin, egon zen lanean orain bi urte, eta bertan ezagutu zuen gertutik fotokazetaritza. Orain, EHUn Kazetaritzako gradua amaitu berritan, ezusteko aukera paratu zaio begien aurrean, izan ere, bere argazkiek Bilboko Bizkaia Aretoaren atarira eraman dute: hilaren 28tik hasita, hilabete batez erakusketa bat egongo da ikusgai, bere azken lana hizpide, “Zomorroaren kronika bat”.
Unibertsitateko ikasketen azken txanpan harrapatu zuen Lizaso pandemiak, hain zuzen ere, gradua amaitzeko egin beharreko proiektuan lanean. Hala, Euskal Herriko gizartearen erradiografia egin nahi zuen argazki-erreportaje formatuan. Baina bere jarduna berrasmatzeko premia ikusi zuen itxialdia hasi zenean, hasierako asmoak koronabirusak iraungita. Hortaz, lanaren muina aldatu zuen, osasun-larrialdiak gizartean hartutako presentzia ezin ukatuta: “Nigan eta nire ingurukoengan zomorroaren eragina nolakoa izan den azaltzen duen kronika bat da, argazki bidez kontatua”. Orotara, bost argazki-bildumak osatzen dute proiektuaren bizkarhezurra, nahiz eta erakusketan bertan lau egon soilik. Argazkilaritzaren hainbat esparruk gidatuta atera ditu argazkiak, kaletik hasi eta bere baitaraino.
‘Etxeko arrastatzea’
“Itxialdiko egun batean, kamara hartu eta bikotekideari argazkia atera nion gitarra jotzen”, azaldu du Lizasok, “eta une horretan bertan argi ikusi nuen egoera horretatik abiatuta bazegoela zer kontatua”. Gauzak horrela, proiektuari ekin zion eta bi astez senideen atzetik argazki-kamerarekin ibili ostean, lanari itxura ematen hasi zitzaion. Fotokazetaritza, ezer baino lehen, autobiografikoa dela dio Lizasok, Tino Soriano National Geographic aldizkariko argazkilariaren hitzak gogora ekarrita: “Argazkilaria bera kokatzen da gertakaria jazo den lekuan, momentuan eta protatonistekin, eta bere begietatik, argazki-kameratik, kontatzen du bizi duena”. Ondorioz, gehitu du “oso intimoak” diren argazkiek osatzen dutela familiari zein etxe barruko bizimoduari zuzendutako atala; hala nola, gurasoen begiradak eta besarkadak, bikotekidearen negarrak edota anaia gaztearen nerabezaroko uneak landu ditu, baita etxe barruko bakardadea ere.
Bestalde, intimitatearen eta kontatu nahi zuen istorioaren arteko muga lausoa alde batera utzi zuen Lizasok erretratuak ateratzeko orduan: “Pertsonaletik asko du lanak, zeren atal honetan ni neu argazkietan atera ez arren, nire begiak baitira kontaketaren egile”. Gainera, adierazi du senitartekoek ez ziotela inongo trabarik jarri eta esperientzia “izugarria” izan zela: “Asko lagundu naute, eta uneoro onartu dute argazkiak ateratzea”.
Aski ezaguna zaio Lizasori bere etxea. Alabaina, azaldu du erreportajea lagungarria izan zaiola bertako ertzeei beste begirada batetik erreparatzeko: “Ariketa ederra izan da etxea beste modu batean ikusten ikasteko”. Adibidez, sukaldeko leihotik sartutako argia “itzela” zela jabetu zen egilea amari –ilea tindatu berritan eta aluminiozko papera buruan zuela– argazkia ateratzean: “Konturatu naiz ez dela azpiegitura handirik behar argazkiak ateratzeko eta horien bidez istorioak kontatzeko, transmitizeko”.
‘Itsasoa ere grisa bihur daiteke’
EAEn musukoa derrigorrezkoa zela iragarri zuten egunean joan zen Lizaso kamerak hartuta Donostiara: “Adineko pertsonei argazkiak ateratzea nuen helburu, beren bakardadea islatzeko”. Eta egin, horrelaxe egin zuen: “Maketatzerakoan, ohartu nintzen hainbat argazkitan kolore jakin batzuek zutela indarra”, eta ildo horri eutsita egituratu zuen argazki-bilduma; gorria, batetik; berdea, bestetik... Alabaina, atalaren azala zuri-beltzean izatea erabaki zuen, “bakardadea gris kolorearekin erlazionatu daitekeelako”. Donostiara bigarrenez joan zenean hartu zuen erabakia, hain zuzen, itsasoari begira zegoela. “Teleobjetiboarekin emakume bat ikusi nuen piraguan ibiltzen”, oroitu du Lizasok, “eta ba al da ezer itsasoa baino zabalagorik? Ba al da itsasoan senti zenezaken bakardadea baino handiagorik?”. Horrenbestez, bi egunetan egituratu zuen adinekoei zuzenduriko atala, eta “lagungarria” egin zitzaion hiria beste begi batzuekin ikusteko: “Ez naiz batere Donostiazalea, baina egun horretan etxera itzuli eta gurasoei esan nien: gaur gustatu egin zait Donostia”.
‘1998an jaiotako horiek’
Argazkilariaren asmoa ez dator beti bat azken emaitzarekin; horrenbestez, egileak adierazi du “inprobisatzeko gaitasuna” ere izan behar dela fotokazetaritza hizpide denean. “Gizartea orokorrean” aurkeztu nahi zuen Lizasok erreportaje soziologikoan. Hala, erretratuak ateratzeari ekin zion, osasungintzako langileetatik hasi eta herria osatzen duten beste hainbat sektorera bitarte. Dena den, datak gainera etorrita, bildumak beste norabide bat hartu behar zuela ohartu zen; beraz, herrira jaitsi zen eta plaza batean ipini, bertatik igarotzen ziren herritarrei erretratu bat atera asmoz. Baina euriak bere aurreikuspenak zapuztu zizkion, eta ondorioz, beste zerbaitetan pentsatu behar izan zuen; laguntza eskatu zien bere adineko lagunei: “Lagunen kurrikulumek osatzen dute atala, bakoitzaren lauzpabost erretratuk lagunduta”. Egilearen hitzetan, “gazteek, egun, jasaten dugun kriminalizazioa” islatzea du helburu, baita lan mundura salto egiteko zorian pandemiak nola eragin dien azaltzea ere: “Erakusketan baloratu genuen testuek ez zutela nahikoa indar, eta, beraz, erretratu bat aukeratu ez ezik, bideo bat egitea ere erabaki dut; beren lekukotzak biltzen dira bertan”.
‘Gelditzen ez direnak’
Pandemiak hamaika alorren jarduna etetea ekarri badu ere, badira, egilearen esanetan, “gelditu ez direnak”; horiexek Lizasoren lanean Gurutzeta baserriko Maite Otaño eta Joseba Lete dira: “Biak ala biak gertukoak ditugu; errepideaz bestalde dituzte beren lurrak, eta apur bat gorago, baserria”. Argazkilariak azaldu du lehen sektoreko langile asko dagoela Urnietan, eta nahiz eta bera “kalekumea” izan, betidanik izan dituela baserriak inguruan.
Gauzak horrela, egun batean, goiz-goizean esnatu eta baserritarrekin batera joan zen Hernaniko plazako merkatura. “Ez zen egun ona argazkiak ateratzeko, zeren eguzkiak gogor jotzen baitzuen. Alabaina, lortu nuen kontraste politak egitea”, azaldu du Lizasok. Horrez gain, negutegian sartu zen, baita baratzean ere. Gainera, egileak gaineratu du pozik dagoela berriki martxan jarri den Urnieta Km0 egitasmoarekin: “Nire lanean lekua eman diet, eta, beraz, ilusio handia eman dit ikusteak herriak ere balioan jarri duela lehen sektoreko lana”. Erakusketari dagokionez, barazki-kutxak ipini dituzte argazkien alboan, ikuslea Urnietako Gurutzeta baserrira gerturatzeko.
Inflexio puntua
Kazetaritzako ikasketen azken proiektua du Lizasok “Zomorro baten kronika” fotoerreportajea, baita etorkizunari begira egingo dituen hamaika lanen lehena ere. Lauzpabost hilabeteko prozesua izan da, egilearen iritziz, “luzea, pausatua eta landua”. Horrez gain, aitortu du fotokazetaritza “sakonago” ezagutzeko eta etorkizunean horretan jarduteko gogoa areagotu zaiola.
Bizipen pertsonaletatik abiatutako lana da, bere begietatik ikusitakoa kontatzea helburu izan arren, barrura begira ere ipini duena. “Guztiok bizi izan dugu egoera arraroa; horregatik, jende asko sentituko da identifikatuta argazkiak ikusi orduko”, dio Lizasok. Askotariko gakoak eman dizkio proiektuak arlo profesionalean aritu ahal izateko. Momentuz, eskuartean ezer berririk ez badu ere, gogotsu dago berriki ekin dion bideari jarraipena emateko: “Ikasten jarraituko dut, baita argazkiak ateratzen ere. Argazkiak atera, atera eta atera, orain arte legez”.