Nolatan otu zitzaizun “El conquistador del Caribe” saioan izena ematea?
Egia esan, lagunek programan parte hartzeko animatzen ninduten sarritan, balio nuela esaten zidaten. Azkenean, urteak igaro eta igaro, lagun batek bideo kastina egin eta bidali egin zuen. Aurtengoan Karibera joan behar nuela esan genion geure buruari, asko pentsatu gabeko erabakia izan zen.
Bideoan niri buruz hitz egiten dut eta, ondoren, nire trebetasunak erakusten ditut; esaterako, crossfit-eko ariketak egin, apur bat tximinoa bezala zintzilikatu eta nire kirol gaitasunak grabatu nituen.
Nola jakinarazi zizuten hautatua izan zinela?
Uste dut ostiral batean izan zela, entrenatzen nengoen eta deitu egin ninduten. Inori ezer ez esateko esan zidaten, aurre-aukeratua izan nintzela telebista saiorako. Aukeraketaren ostean, froga fisiko batzuk egin behar izan nituen, programan parte hartzeko gai nintzela erakusteko. Hala ere, pentsatzen dut, parte-hartzaile gehiago egongo zirela ni bezalaxe aurre-aukeratuak.
Zer pentsatu zenuen programara joateko hautatua izan zinela jakitean?
Saltsa ederrean sartu nintzela, horixe izan zen pentsatu nuen lehen gauza. Ez nuen uste inolaz ere deituko nindutenik. Gainera, ezin nuen ezer esan, sekretuan mantendu behar nuen. Hala ere, hara joateko gogo izugarria piztu zitzaidan, ezin nuen sinistu hautatua izan nintzela.
Programan parte hartzearen sekretua ezkutuan mantendu zenuen?
Hasiera batean, bideoa egiten lagundu zidan lagunak soilik zekien "El Conquis"-en parte hartuko nuela. Ez nion inori gehiago esan, ez nekielako ziur Karibera joango ote nintzen. Hara joango nintzela jakitean, orduan jakinarazi nien familiakoei.
Ez da erraza disimulatzea horrelako gauza bat, zeren eta munduaren beste aldera zoaz denboraldi baterako. Beraz, lagunei lan-bidaia bat egin behar nuela esan nien. Zerbait sumatuko zuten agian, izan ere, Covid-19 garaian lan kontuengatik bidaiatzea ez da oso ohikoa. Gainera, mugikorra erabiltzeko arazoak izango nituela azaldu nien. Ez dakit esandako zerbait sinistu zidaten ere.
Kirolari askok ematen dute izena, baina fisikoaz gain zerbait gehiago behar da?
Mentalki oso indartsua izatea ezinbestekoa da. Kirola egiteak eta fisikoak garrantzia handia dute bai, baina psikologikoki ondo prestatua ez bazaude, alperrik joango zara.
Aurtengoan behintzat, kirolari fin asko daude. "Pertsonajeez" ere asko hitz egin da, baina gauza asko egin dituzte. Ez dira uste duzuen bezalakoak, parte-hartzaile onak dira, eta gehienak kirol askoko kirolariak dira.
Kamerek leku guztietara jarraitzen zintuzten?
Niri telebista kamerak ez zaizkit batere gustatzen. Hala ere, bertan zaudenean bestelakoa da egoera. Ez da reality bat bezalakoa; kamerak inguruan dabiltza eta ikusi egiten dituzu, askotan zeure ondoan daude, baina gauzak egiten aritzen zara. Badakizu grabatzen ari direla, hala ere, zuk irabaztean eta proba ahal bezain ongien egitean duzu burua. Etxera joateko arriskua eta irabazteko aukera dagoenean, ingurukoaz ahaztu egiten zara.
Zer eman diozu programari?
Nire ustez, oso lehiakorra izan naiz. Normalean ikusten diren emakumezkoak ez dira oso indartsuak, baina beste ariketa batzuetan nabarmentzen dira. Norbanako gisa, pertsona balioaniztuna naizela esango nuke, gauza askotan nahiko ondo moldatzen bainaiz.
Pandemia garaian grabatutako programa izanda segurtasun neurriak ugariak izango ziren, ezta?
Neurri zorrotzak hartu zituzten, bai. Joan baino lehen, PCR ugari egin genituen. Langileek ere neurri asko bete behar dituzte.
Karibeko irlara joateko prozesua nolakoa izan zen?
Lehendabizi pertsona batzuekin elkartu ginen eta ez genekien geure taldekideak izango ziren ala ez. Ondoren, leku batera eramaten gintuzten eta, azken mementoan, nora joango ginen azaldu ziguten. Hasteko zorian ginenean taldekideak nortzuk izango ziren aditzera eman ziguten.
"El conquistador" programan parte hartzeko prestakuntza berezirik egin zenuen?
Saio ezberdinetako probak ikusi nituen, eta horren arabera prestatu naiz. Esaterako, bai ala bai jumareatzen (sokatik gora igo) ikasi beharra dago. Ariketa batzuk nahitaez ikasi behar dira, bestela jai daukazu. Beharrezkoa da prestakuntza gehigarri bat egitea gogor lehiatu nahi bada; bestela, zertara zoaz haraino? Korrika egin zenezake entrenamendurik gabe, baina seguruenik ez zara urrutira iritsiko.
Irakurle askok jakin nahiko dute. Benetan horren gogorra al da lehiaketa?
Oso gogorra da. Telebistatik errazagoa dirudi, baina bertan bizi nuena oso bortitza izan da. Han igarotakoa ezin da alderatu orain arte bizitakoarekin. Joko bat irabazi eta janaria lortuz gero, ondo banatuta ere kantitatea oso nimiñoa da. Esaterako, sardina poto bat irabazi eta taldekideekin banatu behar izan genuen. Horrez gain, ahal duenak egiten du lo. Ez zaude ohe batean, kanpamentu aberatsean egonda ere lo gutxi egiten da, intsektuak leku guztietatik sartzen dira; oso gaizki pasatzen da. Dirudiena baino askoz ere gogorragoa da han bizi genuena. Gau batzuetan ez nuen lorik egiten, beste batzuetan, zortez, ordu pare bat egiten nituen. Eltxoak belarri ondotik pasatzean, Formula 1eko lasterketa baten soinua zirudien. Telebistatik edonork esan dezake ez dela horrenbesterainokoa, baina hara joan arte ez dakizu benetan "El Conquistador" lehiaketa zer den.
Dioten modura, irla gune zapaldugabea eta basatia da?
Bai. Ikusiko duzue telebistan, baina kanpamentu pobrea eta oso pobrea benetan jasangaitzak dira. Nabarmendu zuten, aurtengo kanpamentuak benetan zailak eta gogorrak izango zirela; eta esan dezaket, bete-betean asmatu dutela. Gainera, gizakiak ia ustiatu ez duen irla bat da, beraz, inguruan animalia ezberdin asko aurki daitezke. Ikusgarria, harrigarria eta gogorra da.
Psikologikoki prestatuta egon behar duzu horrelako reality batean parte hartzeko?
Zalantzarik gabe, bai. Nire ustez, partaide gehienek kale egiten dute psikologikoki prestatuta ez daudelako. Telebistatik ikusten dena gehienbat probak dira, baina atzean dauden ordu hilak asko dira. Oso zaila da.
Kanpamentuaren arabera, gauza gehiago edo gutxiago egiten genituen, baina, batez ere, energia aurrezten saiatzen ginen. Egia esan, jan egin behar genuen eta lo egiteko lekuak prestatzea ezinbestekoa zen. Beraz, egitekoak bazeuden, baina janaririk ez bazegoen indarrak gordetzea garrantzitsua zen. Joko guztietan bezalaxe, ezinbestekoa da egoerari aurre hartzea eta pentsatzea.
Taldekideekin bizikidetza zaila da?
24 ordu ematen dituzu ondo ezagutzen ez dituzun pertsonekin, gosetuta eta deseroso. Hau da, edozer gauza jazotzen bada edo haserre bazaude, biderkatu egiten da egoera. Taldean haserrealdi asko eduki genituen, baina normala da hori.
Nola definituko zenuke telebista bidez ikus daitekeen lehiaketa, parte-hartzaile izan zarenaren azaletik?
Probatu beharreko gauza bat da jakiteko noraino iristeko prest zauden. Zeure gaitasunen muga non dagoen jakiteko programa bat da. "Conquis"-ekoa adrenalina mota berri bat izan da, lehia muturrera eramateko modu bat. Konturatu naiz nire bizitza izugarri baloratzen dudala. Ez dakizu zer daukazun galtzen duzun arte!
Askok jakin nahi dugu nolakoa den Julian Iantzi.
[Barreak] Oso zirikatzailea da. Kabida gutxiko pertsona bazara, ezingo duzu Julian jasan. Baina, pertsona berezia da, bera tratatzen jakin beharra dago.
Galdera lotsagabea: parte hartzeagatik dirua irabazten al duzue?
Nik dakidanaren arabera, ez dugu ezer jasotzen. Gu hara goaz, geure borondatez. Programak egun batzuetarako egonaldia ordaintzen digu saioa hasi bitartean eta amaitzen denean; noski, bidaia ere haien esku. Eta, dakizuen bezala, konkistatzaileak diru dexente irabazten du. Zeure kabuz zoaz Karibeko abentura bizitzera, eta listo.
Euskarari dagokionez, arautua duzue zein hizkuntzatan hitz egin behar den denbora guztian?
"El conquistador" saioan euskaldun askok parte hartu dugu. Esaterako, nesken taldean askorekin euskaraz aritzen nintzen. Ondoren, kamera aurrean erdaraz egiten genuen, saioa jende askok ikusten baitu. Egia da, une batzuetan euskarazko esaldiak edo hitzak nahigabe ateratzen zitzaizkidala. Egoera bakoitza ezberdina da, eta batzuetan ezin da menderatu.