Betiko usadioari eutsita prestatu zuten joan den urtean txotx denboraldia Altuna sagardotegian. Xabi Altuna bertako kidea da: “Martxoa jada bete-betea genuen aspalditik”. Nolanahi ere, gaztearen hitzetan, egun batetik bestera itxi egin behar izan zuten sagardotegia, pandemia dela medio. “Gogorra izan zen, izan ere, martxoan harrapatu gintuen egoerak, guretzat indar handiko hilabetean”.
Sagardoaren zikloa errespetatzen duen sagardotegia da Altuna. “Zentzu horretan oso tradizionalak gara”, dio urnietarrak, “eta ziklo hori hausteak ez zigun merezi, zeren, gerora, horrek eragina baitu gugan. Erabaki genuen denboraldia hortxe bukatu arren, zikloarekin jarraituko genuela”.
Galera handia izan dute pandemia hasi zenetik. Ostalaritzan nabarmen saltzen dute, eta horiek itxi behar izateak eragina izan du. Halaber, sagardogilearen ustez, dendetan biderkatu egin da eskaria: “Astean eskari bakarra egitetik lau egitera igaro ziren asko. Nabarmenki igo zen hasieran, eta gerora, orekatu egin da”.
Altuna sagardotegi txikia da. Gauzak horrela, sagardogileak uste du egoera honek bereziki negozio handiei eragingo diola, hots, langile asko dituztenei: “Alde onak ere baditu handia izateak, baina kasu honetan eragin zuzena izango du horiengan, berdin baitu zenbat litro sagardo ekoizten dituzun, itxita eduki behar da-eta”.