Sagardoaren kultura

“Ondo jateko asmoa izateaz gain, esperientzia bizitzeko gogoz dator jendea sagardotegira”

Alba Cabrera Jauregi 2021ko ots. 12a, 10:54

Xabi Ansa

Euskal Herriko sagardozaleentzat berezia izan ohi da urte hasiera, izan ere, otsaila hastearekin batera ekiten diote sagardotegiek txotx denboraldiari. Alabaina, oso bestelakoa izango da aurtengoa. Xabi Ansa Setien sagardotegikoak hartu du hitza. 

Familiako sagardotegian, Setienen, harrapatu zuen Xabi Ansa urnietarra koronabirusa Europara iritsi zenaren albisteak, eta astebeteren buruan iritsi zen itxialdia Euskal Herrira. “Martxoan izan zen”, oroitu du Ansak, “eta guretzat hilabete hori da aberatsena, denboraldi altuena; hala, galera handia izan genuen”. Otsailan jende gutxiago bertaratu arren, martxotik hasi eta Aste Santuraino jendez lepo egoten da Setien “Moko” sagardotegia.

Horiek horrela, aurtengo denboraldirako jada jarduna berrantolatuta zuten sagardotegian. Lehen, bost kideko taldea osatzen zuten: langile bana txotxean eta zerbitzatzen, bi sukaldean eta beste bat parrillan. Egun, kupeletik edatea posible ez denez, hirura murriztu dute taldea. Horrez gain, mahaiak lekualdatu dituzte, aforoa medio, eta ordutegia ere moldatu dute. Ansak azaldu duenez, ostegunetik igandera bitartean eguerdiz irekitzea zen aurtengo asmoa.

Sagardotegiek ezer berezirik badute, sortzen den giroa da hori. “Ondo jateko asmoa izateaz gain, esperientzia bizitzeko gogoz dator jendea sagardotegira”, adierazi du Ansak.  Alabaina, gehitu du neurri murriztzaileek giroa apalduko dutela: “Xarma galdu egingo da, eta jatetxe batetara joatearen pareko izango da aurten sagardotegia”. Trikixaren zein panderoaren soinuarekin girotu ohi ziren asteburuak Setienen: “Gastronomia eta kultura nahasten dira sagardotegian, eta oso polita da hori”, dio Ansak.

Lehen, oro har, asteburua zen sagardogileentzat asteko mementorik aberatsena. Halaber, egun, jendeak nahiago izaten du larunbat eguerdian egin. “Guk gertukoekin egiten dugu lan”, dio gazteak, “izan ere, asteburuetan jende ezaguna eta gertukoa etortzea dugu nahiago, betikoentzat tokia izatea, alegia”.

Horrenbestez, aurten ere ez da kupeletik sagardo askorik aterako, eta, urnietarrak adierazi bezala, soberan dagoena ozpina egiteko erabiliko dute, gehienek legez. Horrez gain, Ansak dio sagardo ekoizpen gehiena botiletan joaten dela: “Txotx denboraldian gurean pare bat kupel hustutzen dira gutxi gorabehera, eta nolanahi ere, nire osabak dioen lez: garai batean jendeak gehiago edaten zuen”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!