Atzo iluntzean Andoainen, Urnietan eta beste hainbat udalerritan jende asko zebilen kalean eguraldiaz eta terrazak ematen duen aukeraz gozatzen. Urnietako Idiazabal kalean, Hernanirako noranzkoan, gaueko 21:00ak aldera, Ertzaintzaren hiru furgoneta agertu ziren, eta, bertako lekukoen arabera, oso jarrera oldarkorra erakutsi zuten. Hainbat bideo dabiltza bolo-bolo, zeinetan gazteen eta Ertzaintzaren arteko tentsioa ikusten den. Gazte baten atxiloketa ere ikus daiteke; lurrera bota zuten atxilotzeko.
Ertzaintzak dio kalean elkartuta zegoen pertsona talde batengana joan zela, eta haietako batek, musukorik gabe, aurre egin eta —Ertzaintzaren bertsioaren arabera— polizia bat erasotu zuela. Pertsona hori litzateke bideo ezberdinetan agertzen den atxilotua. Horrez gain, ohar bidez zabaldutako informazioaren arabera, Ertzaintzak adierazi du 9 lagun identifikatu zituela.
Gazte biren lekukotza
Anonimotasuna mantentzea nahiago duen gazte baten hitzak dira honakoa hauek: “Guztiak geunden Xauxar tabernaren kanpoan hitz egiten, lasai-lasai. Ertzaintza etorri zen eta denok alde egin genuen, baina batzuk bertan gelditu ziren. Azken horiei identifikatzeko eskatu zien eta paretaren kontra jarri zituzten, nahiko era bortitzean, gainera. Xauxarreko aldapatik behera jaitsi ginenean ikusi genuen gazteetako bat lurrean zegoela, kolpeka ari zirela. Konejeran sartu zuten. Bastante umil joan ginen, lasai, eta nahiko bortitz jokatu zuten gurekin. Ezin da haiekin hitz egin, ez da posible. Indarkeria eta bortizkeria ateratzen zaie azkar. Festa giro lasaiko eguna zapore garratzarekin amaitu zen”.
Hona beste lekukotza bat: “Konejererak agertu ziren eta bertatik ertzainak korrika atera ziren, borra eskuan. Korrika alde egitea erabaki ez genuenoi identifikatu egin gintuzten. Oso txarrera joan ziren. Ez geunden ezer egiten, eta jotzera etorri ziren. Harrigarria izan zen”.
Tabernak 20:00tan itxi egiten dituzte, eta kalean 22:00ak arte egoteko aukera dago. Denbora tarte horretan gertatu zen, atzokoa.