Manifestazioa egingo da Urnietan, Ertzaintzaren jarrera salatzeko

Aiurri 2021ko ots. 17a, 11:14

Manifestazio-deialdia egiteko kartela iragarri dute

Manifestazioa egiteko deialdia luzatu du urnietar talde batek, besteak beste, iragan asteburuan, herrian bertan ertzainek izandako jarrera salatzeko. Larunbatean, hilaren 20an, izanen da mobilizazioa, hain zuzen, herriko San Juan plazatik hasita, arratseko 17:00etan. Ekingo dioten leku berean emango diote amaiera manifestazioari, herri osoa zeharkatu ostean. 

Hautsak harrotuta bukatu zen iragan larunbata Urnietan, iluntzeko 21:00ak aldera Ertzaintza Idiazabal kalean agertu zenean. Hala, tentsio handiko uneak bizi izan ziren, eta bertako lekukoen arabera, oso jarrera oldarkorra erakutsi zuten ertzainek. Orotara, bederatzi kide identifikatu eta gazte bat atxilotu zuten. 

“Guztiak geunden Xauxar tabernaren kanpoan hitz egiten, lasai-lasai”, aitortu du jazoeran zegoen urnietar batek, “Ertzaintza etorri zen eta denok alde egin genuen, baina batzuk bertan gelditu ziren”. Horiek horrela, beste lekuko batek adierazi du identifikatu egin zituztela korrika alde egitea erabaki ez zuten urnietarrak: “Ez geunden ezer egiten, eta jotzera etorri ziren. Harrigarria izan zen”.

Egun, egoera epidemiologikoak hobera egiteko asmoz ezarritako neurriei jarraiki, tabernak 20:00tan ixten dituzte, eta kalean 22:00ak arte egoteko aukera dago. Denbora tarte horretan gertatu zen joan den asteburukoa, hots, tabernak itxi ostean eta etxeratze-ordua baino lehen. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!