Urtebete, ondo bidean

Andoni Urbistondo 2021ko ots. 20a, 09:00

Laura Asensio, arkitekto teknikaria

Udal kiroldegi berriko lanak aurreikusitako epeak betetzen ari dira; gauzak ondo, hurrengo urtean azpiegitura bukatu eta eraikina ‘betetzeko’ lanak burutuko dira. Orube huts izatetik, azken hilabeteetan lanek oso bestelako itxura hartu dute.

Pintore eta Belandi kaleetan, eta Zubitxo plazan bizi diren urnietarrentzat eguneroko kontua bilakatu da kiroldegi berriko eraikuntza lanen bilakaera. Kiroldegi zaharra zegoen atarian etengabea da jende emana. Jende asko pasatzen da hara eta hona, eta lanen bilakaera ezinbesteko hizketa gai bilakatu da herritar askorentzat. Pasa den urteko otsailean sartu ziren langileak, lehen kamioiak, dena hautsi eta eraikin berria egiteko zimendua sortzeko. Hilabete luzetan orube huts handia baino ez zen ikusten, baina azken hilabeteetan lanek oso bestelako itxura hartu dute. Eraikin berria hazten eta hazten joan da, eta lanek urtebete bete duten astean azpiegiturako zati handiena bukatuta, edo bukatzear dagoela esan genezake. Kiroldegi berriaren eskeletoa, ulertzeko.

Urrian hasi zen eraikina forma hartzen, eta orduz geroztik etengabea izan da kamioien garraioa, batez ere porlana garraiatzen duten kamioiena. Urte hasieran egur xafla luzeak ekarri zituzten konboi bereziak ere iritsi ziren kiroldegi atarira, obra berrien eraikuntzan hain ohikoak diren sasi arkitekto eta sasi aditu taldeak sortuz espaloian. Kiroldegi berria Urnietan azken urteetan egingo den proiektu garrantzitsuena dela esan liteke, eta erabiltzaile asko erakartzen dituen heinean, lanen bilakaera gertutik jarraitu dute askok.

Baita Laura Asensiok ere, Urnietako Udaleko arkitekto teknikoak ere. Aiurri aldizkariak lanen gertuko jarraipena egin du bere laguntzarekin, herritarrei eraikuntza lanen xehetasunak helarazteko asmoarekin. Lanak hasi zirela urtea bete den honetan, Asensiok obra ondo doala nabarmendu digu, ezusterik gabe: “Itxura hartzen ari da pixkanaka, eta bolumena deitzen dioguna guztiz osatua dago. Urtebete bete da aste honetan, erritmo onean doaz lanak, eta hala jarraitzea espero da”. Lanek eraldaketa handia izan dute hilabete gutxitan. Ez aspaldi, orube handi bat baino ez zen ikusten, eta egun, ia eraikin osoa egina. Honatx Asensioren azalpena: “Obra guztietan bezala, behetik gora egin beharreko lana samurragoa da, lur azpian kanpotik gutxi ikusten den, edo ikustez ez den lan ezkutu handia baitago. Zimendua ondo osatzea, baina, funtsezkoa da, nahiz eta denbora asko hartu. Azken hilabeteetan beste itxura bat hartu dute lanek, eraikinak bolumena irabazi du, eta prefabrikatutako azpiegiturarekin ikusgaitasuna agerikoa da”.

Lanen bilakaeran ez omen da ezusteko edo aurreikusi gabekorik gertatu: “Ez obrari berari dagokion kontuengatik, behintzat. Lanak mantsotu dituen arazo handiena pandemiarena izan da, lanak bi astez geratu behar izan baikenituen pasa den urteko apirilean. Lanak hasi eta berehala, gainera”. Lanek martxa hartu zuten gero pixkanaka, “baina materialak iristerako garaian-eta atzerapen txikiak gertatu ziren, eta horrek eragina izan du obren bilakaeran”. Atzerapen horri aurrea hartzeko asmoz, “proiektuko beste fase batzuk garatzen hasi ginen, eta horri esker ba epeak betetzen ari gara”, dio arkitekto teknikoak.

Nola dago gaur-gaurkoz eraikin berria? “Egitura osoa ia-ia bukatuta dago. Orain estalkia jartzea falta da, baina horren egitura ere ia-ia bukatuta dago. Eskailerekin hasi gara, beheko solairuan, eta hasierako instalakuntzekin. Gero instalazioaren zatiketak egingo dira, eta eraikina itxi”. Kanpotik begiratuta itxura ederra dauka kirol kantxa berria izango denak, egur xaflaz hornitzen ari direna. Ezin izan dugu ikuskatzera sartu, aldamioen bitartez bakarrik irits daitekeelako bertara, baina eraikin berriarekin, Urnietako kiroldegiak erabilera anitzetarako prestatuak dauden bi kirol kantxa handi izango ditu, beharren arabera erabiltzeko. Bai lehiaketetarako izan, baita kirol elkarteko hainbat talderen entrenamendu saioetarako ere, asteburuetan gertatzen ziren pilaketak saihestuz.

Asensio arkitekto teknikoari behe solairuko halako marrazkia egiteko eskatu diogu: “Alde batera, eskuinean edo igerileku aldera harrera, areto zein igerilekuen aldagelak eta erabiltzaileen komunak kokatuko dira, padel eta teniseko pisten azpian, eta ezkerreko aldean, Belandi kaleko etxe multzo aldera, bi gune edo multzo, bakoitza bere sarrerarekin, musika taldeek entseguak egiteko aretoak, banakakoak edo taldekakoak. Eta erdiko aldean kirola egiteko areto ezberdinak atonduko dira. Lehen solairuan kirol kantxa eraikiko da padel eta teniseko pisten maila berdinean”.

Lanak bukatzeko
epe zehatzik ez

Urnietako edozein herritarri galdetuz gero, lanak noiz bukatuko diren galdetuko luke. Edota noiz izanen duten kiroldegi berria erabiltzeko aukera. Asensio oso zuhur mintzatzen da data zehatzaz galdetuta: “Berez hurrengo urterako egon behar dute lanek bukatuta, hala jasota dago proiektuan, eta epeak betetzea espero dugu, baina pandemia hor dago, eta ez dakit eraginik izango duen edo ez hurrengo hilabeteetan. Espero ez den arazoren bat ere sor daiteke tamainako eraikuntza batean”. Kanpoko azpiegitura osoaz ari dela zehazten du Asensiok, “ondoren barrukoa bete beharko litzatekeelako, ekipamendua azkeneko gauza baita".

Arkitekto tekniko batentzat lanak ondo joatea gauza polita omen da. “Ez ahaztu kiroldegi berria Urnietak azken urtetan izan duen eraikuntza lan garrantzitsuena izango dela. Fisikoki ere ikusgarria dela esango nuke, eta noski, proiektuan murgilduta egon garenontzat gauza pozgarria da. Orain lanak ikusgaitasuna irabazi dute, baina nabarmendu nahi nuke aurrez urtetako bulegoko lan ilun handia suposatzen duela halako proiektu erraldoi batek. Nik denbora gutxi daramat lanpostu honetan, baina aurretik egon direnak lan handia egin dute, eta noski, haiengandik ere pozten naiz, lanen bilakaera ikusita”.

Igerilekuaren inguruko zehaztasunak

Igerilekuaren inguruan ere eztabaida sortu da kale bazterretako elkarrizketetan. Udarako irekiko ote den, ez den irekiko… Arkitekto teknikoak azalpenak eman nahi izan ditu: “Igerilekua eta kiroldegi berriko lanak bakoitza bere aldetik doaz, batek ez du bestean eraginik izango, independenteak baitira. Salbuespena igerilekuari dagozkion aldagelak eta komunak izango dira soilik, kiroldegi berriko eraikinean kokatuko direnak. Igerilekuaren irekiera pandemiak baldintzatuko du, baldintzatzekotan, baina lanen bilakaerak ez.

Asensiok dioenez, “igerilekuak ez du behin-behineko edo instalakuntza probisionalik edukiko. Orain dela hiru bat aste igerilekuko instalakuntza berrien eraikuntza hasi zen Pintore kalearen aurrean. Instalakuntza horiek kiroldegi zaharreko eraikinaren barruan zeuden orain arte, eta aurrerantzean eraikin berri horretan egongo dira: filtroak, biltegiak eta beste jarriko diren eraikin txiki bat izango da”. Lan horiek udaberrian bukatzea espero dute. Eta ondoren, pandemiaren egoera baloratuko da.

Ordezkaritza duten alderdien iritzia

EAJ-PNV

"Oso gustura gaude obrak lehen urte honetan izan duen garapenarekin. Lanak erritmo onean doaz eta Covid 19-a tartean izan dugun arren, aurreikusita genituen exekuzio epeak betetzen ari gara. Oraindik gauza dezente daude egiteke, baina gero eta gertuago dugu punta-puntako kirol instalazio modernoaz gozatzen hasteko unea. Gogoratu behar da proiektua Avento etxeak egindako azterketa batean oinarrituta, eta herriko eragile desberdinen ekarpenak aintzat hartuta garatu zela, eta jasotako errealitate horiei guztiei erantzungo die eraikin berriak. Gainera, etorkizunean eman daitezkeen garapenak ahalbidetzeko diseinatuta egongo da.

Bestalde, igerilekuko instalazioen eraikin berria eraikitzen ari gara eta igerilekura sartzeko behin-behineko harrera-zerbitzua kontratatzeko prozesua ere abian dugu. Biak gauzatuta egongo dira ekainerako, udako denboraldian igerilekua normaltasunez erabiltzeko aukera egon dadin, betiere, Covid 19-k baldintzatutako egoera epidemiologikoak posible egiten badu.

Momentuz, beraz, gauzak espero bezala doaz eta eman beharreko urrats guztiak sendo ematen ari gara".

EH Bildu

"Orain arte egin den kudeaketa eskasa da, Udalaren altxortegian dirua izanik, egitasmoa prest izanik eta gehiengoan izanik ez dugu ulertzen kiroldegia eraberritzeko zergatik eman duten hainbeste denbora. Lanen exekuzioak luze jo du, eta oro har, kudeaketa ezaren ondorioa da. Eta horrela doaz egitasmo gehiago atzeratzen. Kezkaz bizi dugun egoera da, blokeo egoera modukoa dela uste baitugu. Zehazki, kiroldegiari dagokionez, egitasmoa martxan jartzen hasteko ez litzateke hainbeste denbora pasa behar.

Analisi falta nabarmendu nahi dugu, bestalde. Ez dugu lidergotza argirik ikusten. Esaterako, kiroldegiaren atzean bada pareta bat lekuz kanpo geratzen zena. Konponbidea emateko planteamendua aurkeztu zuen oposizioak, eta gobernuaren erantzuna ezezkoa izan zen. Aurrekontutik kanpo geratzen zela zioten. Eta orain ikusi dugu pareta horrek lan karga erantsia eman duela, eta ekonomikoki ere kostu gehiago eragin duela.

Aintzat hartu beharko litzateke kafetegi zerbitzua eskaintzeko gunea, sozializatzeko gune bat delako".

PSE-EE

Sozialistek ez dute obrari buruzko iritzirik eman nahi izan, ez baitira instalakuntzatan egon. Ezaguna da euren iritzia, egitasmoa landu den modura aurka agertu baitira. Maiz agertu dute proiektuarekiko desadostasuna. Udal aurrekontuen eztabaidan, esaterako, igerileku itxia eraikitzeko egitasmoa aurkeztu zuten. Kiroldegiaren ondoan oinez aritzeko edo korrika ibiltzeko pista ezartzea eskatu duten. Bestalde, kafetegi zerbitzua beharrezkotzat hartu zuten. Kiroldegiaren egitasmo honen aurka ehunka urnietarrek aurkeztutako sinadurak balioan jartzea gogora ekarri zituzten, azkenik.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!