Hitzordu-sorta Urnietan

Aiurri 2021ko ots. 26a, 11:55

Erakusketa, zinema emanaldia, haur tailerra, musika edota elkarretaratzea; Emakumeen nazioarteko egunaren harira ekitaldi-sorta iragarri du Urnietako Udalak. Martxoaren 8rako, ohi bezala, elkarretaratzea deitu dute San Juan plazan.

Egitarauari erreparatuta, interes berezia piztu dezake marrazteko tailerrak. 10-15 urteko gaztetxoei zuzenduta dago, eta Ainara Azpiazu “Axpi” ilustratzaile profesionala izango da dinamizatzailea. Udalak ohar bidez adierazi duenez, "Partaide bakoitzak tira komiko edo orrialde bat sortuko du pertsonaia bat aukeratuz. Tailerrean pertsonaia nola marraztu landuko da, nola jarri mugimenduan aukeratzen dugun pertsonaia, eta gainera, horrekin gidoi propio bat sortuko da". Martxoaren 6rako iragarrita dago, eta Lekaion eskainiko dute.

Biharamunean, martxoaren 7an, Joli Pascualena kantari ezagunak bertsioez osaturiko emanaldia eskainiko du: "Historiara pasa diren abeslari handi eta ezagun batzuen abestien bertsio originalen inguruan arituko da". Janis Joplin, Chavela Vargas, Maria Callas, Dolly Parton eta Nina Simoneren kantuak eskainiko ditu.

Martxoaren 8an, ohi bezala, Udalak elkarretaratzea deitu du San Juan plazan. Azken urteotan dozenaka lagun elkartzen zen.

Martxoaren 1etik 8ra Urnietan

Martxoak 1-18

  • Erakusketa: “Emakumeak kirolari”. Iñaki Vergararen argazkiek kirolarien egunerokotasuna erakusten dute.
  • 08:00-20:00, Lekaio.

Martxoak 5, ostirala

  • Zinema: “Erlauntza”. Lagun koadrila bat asteburu pasa joango da landetxe batera.
  • 19:00, Sarobe.

Martxoak 6, larunbata

  • Tailerra: “Mafalda” tailerra 10-14 urte bitarteko haurrentzat.
  • 11:30, Lekaio.

Martxoak 7, igandea

  • Kontzertua: “Incorrectas”
  • 19:00, Sarobe.

Martxoak 8, astelehena

  • Elkarretaratzea.
  • 19:00, San Juan plaza.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!