"Nire alegiazko mundua irudikatzen du PoP ikuskizunak"

Beñat Urretabizkaiak dantzari ekin zionetik hainbat urte igaro ondoren, eta zenbait konpainiatan aritu ostean, “PoP” ikuskizuna sortu du, bere fantasietatik abiatuta.

Oso gazte zinelarik irten zinen Beasainetik.

19 urte nituela joan nintzen Madril aldera. Lehenik, interpretazioa ikasten hasi nintzen. Alabaina, urte luzez utzi nuen kirolean, igeriketan oso sartuta egon nintzelako. Horregatik ez nintzen esparru artistikoan trebatu, harik eta Madrilera iritsi arte; bokaziozkoa nuen gehiago. Baina adinean aurrera egin ahala, eta 18 urterekin Londresetik itzuli ostean, zer egin nahi nuen pentsatzen hasi nintzen, eta aukera hori plazaratu zitzaidan. Interpretazioa egiten hasi nintzen eta bertatik ailegatu nintzen dantzara. Alegia, Madrilen izan zen nire lehen harremana dantzarekin.

Gogoratzen al duzu nolakoa izan zen zure lehen harremana dantza garaikidearekin?

Gogoan dut interpretazioa ikasten ari nintzela, eta ikasgaietako bat zela dantza. Ziztu bizian harrapatu nion dinamikari, erraztasun handia nuen. Hala, irakasleak komentatu zidan ongi mugitzen nintzela, eta gomendatu zidan klase gehiago hartzea, kurrikuluma osatze aldera; zeren hobea baita dantzari ona den aktorea izatea. Ondorioz, aparteko orduak egiten hasi nintzen, hurrengo urtera begira, ehuneko ehunean dantzara bideratzeko nere jarduna.

Garai hartako Beñatek pentsatzen al zuen hainbat urteren ostean oraindik ere dantzaz gozatzen jarraituko zuenik?

Ez, jakina ezetz. Baina orain urtebete ere ez. Izan ere, orain prestatzen ari naizen proiektua asko fantaseatzen nuen ideia bat zen, baina askotan izan dut aukera egiteko eta azkenean ez dut sekula ezer egin ideia horrekin. Beraz, ez nuen egingarri ikusten. Orain ere harrituta nago proiektua egituratzen ari naizelako.

Hainbat konpainiatan ibili zara. Bai Euskal Herrian, bai bertatik kanpo.

Carmen Roche eta Madrid 47n ekin nion nire dantzari-ibilbideari. Kontserbatorioan sartu ahal izateko oinarria behar nuen; beraz, lehen urtean libreki prestatzen aritu nintzen, eskola pribatuetan, eta, hurrengo urtean, kontserbatorioan sartu nintzen. Bertan, bi urte egin nituen (berez, sei dira), eta Donostiara etorri nintzen Dantzaz konpainian lan egiteko.

Zein nolako garrantzia dute Dantzaz gisako egitasmoek?

Oso ondo dago Dantzaz. Ni iritsi nintzenean oso heldugabe nengoen, hiru urte baineramatzan soilik dantza munduan. Teknika handia hartu nuen; dantza ikastea ez ezik, lan mundura begira prestatzeko aukera ere ematen dizu. Izan ere, lanean hasi ahal izateko esperientzia eskatu ohi da, baina esperientzia eduki ahal izateko lanean hasi beharra daukazu. Beraz, oso aberasgarria da bitarteko hori izatea, ikasketa-prozesuaren eta konpainia profesional batean sartzearen arteko denboran.

Sharon Fridmanen gidaritzapean ere egin duzu lan. Nazioartera salto egiteko beta eman dizu horrek?

Donostian nengoela, Sharonek hirian egindako audiziora aurkeztu nintzen. Proiektu txiki horretan hartu nuen parte. Hori dela eta, aukera izan nuen aurretik prestuta zituen piezatan oholtza gainean aritzeko, baita bi produkzio berritan dantzatzeko ere. Horrek eta Dantzaz proiektuak eman didate aukera pixka bat nazioartera salto egiteko. Bi horiekin egin nituen Euskal Herritik kanpo ikuskizun gehien.

“PoP” proiektua duzu esku artean orain. Zergatik izenburu hori?

Lehendabizi, "Popunk" izenburua ipintzeko asmoa nuen: ez oso punk pop izateko, ez oso pop punk izateko. Dualitate hori. Baina, ondoren, “PoP” hobea iruditu zitzaidan: pop hitzak popularra esan nahi du, eta erreferentzia egiten dio pop musikari. Horrez gain, pop ere bada eztanda baten soinua, edo palomita lehertzen denean ateratzen den soinua. Beraz, ongi erreperatuta bizi dudan momentuari eta proiektua egiteko arrazoiei, ideia ona iruditu zitzaidan izenburu hori jartzea. Gainera, oso gustuko du hitzaren sonoritatea, eta uste dut proposamena bera oso pop-a dela. Alegia, ez dauka sakontasun handirik, oso egitura erraza du.

“PoP” eztanda bat izan daitekeela diozu. Behar bada zure pop-a al da?

Jakina. Nahiz eta noizbait tokatu zaidan ikuskizun bat sortzea, lehen aldia da nik nere burua jartzen dudana nik nahi dudan lekuan. Eta eroso sentitzen naiz, nahiz eta, normala den bezala, segurtasun eza sentitu. Gogotsu nago.

Lehen aldia al da zure sorkuntza azaleratu eta zuk zeuk taularatzen duzuna?

Bai. Dantzatik apur bat urrundu nintzen pertsonalki beste espazio bat behar nuelako, eta behin espazio hori antolatuta tokatu da ikuskizuna sortzea. Une egokia dela uste dut. Erabaki nuenetik egingo nuela saiatu naiz buru-belarri horretan aritzen, alde batera ez uzten.

Orduerdi inguruko pieza da. Zer ikusiko du bertan publikoak?

Zaila da horri erantzutea. Nire alegiazko mundua irudikatzen du “PoP” ikuskizunak: lumak daude, koloreak...

Honela laburtu duzu emanaldiaren muina: Odoletik azalera. Hazi baten ernamuina. Fantasia errealitate bailitza. Argitasunetik iluntasunera ezerezaraino.

Horrela laburtu dut, bai. Gauza asko daude hitz horien atzean ezkutatuta. Ez da erraza azaltzen, ez delako ezer zehatza, jakina. Publikoari utzi nahi diot bere irudimena erabiltzen, beren bizipenetatik ikusten.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!