Lau partidetatik hiru irabazi zituzten Urnietako eskubaloi taldeek

Aiurri 2021ko mar. 2a, 11:43

Beñat Senperena erasoan Basauriren aurkako partidan

Gizonezkoen senior taldeak ezin izan zuen garaipena eskuratu Basauriren aurka. Bestalde, emakumezkoen senior taldeak eta jubenilen bi taldeek garaipen argiak eskuratu zituzten.

Urnietako gizonezkoen senior taldeak ezin izan zuen garaipena eskuratu maila izugarria erakutsi zuen Basauri taldearen aurka (20-28). Bukaerako markagailuak alde handia erakusten zuen arren, partida bestelakoa izan zen; urnietarrek markagailu berdindua mantendu zuten ia 40. minuturarte. Amaieran, basauriarrak gehiago izan ziren fisikoki eta gailentzea lortu zuten.  

Seniorrek ez zuten garaipena eskuratu, baina maila erakutsi zuten une oro, sentsazioa baikorra izan zen. Akatsa esfortzu fisikoan egon zen, izan ere, aurkariak gehiago izan ziren eta jokalari gutxiago edukitzeak negatiboki eragin zuen taldean. Dena dela, urnietarrek datorren astean deskantsoa edukiko dute, aukera ona izan daiteke deskantsatu eta hurrengo partidari begira gehiago entrenatzeko. 

Emakumezkoen senior taldeak, berriz, ligako lehen partida jokatu zuen Irungo Txingudi taldearen aurka; garaipen garbia eskuratu zuten (20-30) hamar goleko aldearekin irabazita. Lehen minutuetatik erasoan gogor aritu ziren aurkariari aurre hartuz. Defentsan ere lan ezin hobea egin zuten. Emaitza bikaina ligari ekiteko.

Gizonezkoen eta emakumezkoen jubenil taldeek ere modu onean ekin zioten ligari; bi taldeak nabarmen gailendu ziren eta maila handia erakutsi zuten une oro. Emakumezkoek 27-19 irabazi zuten, eta gizonezkoek 16-37.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!