Abian da ‘Hi Gazte!’ dinamika

Alba Cabrera eta Mikel Arberas 2021ko mar. 4a, 13:10

Martxoa ekitearekin batera eman zaio hasiera Hi Gazte! proiektuari, eta bigarren geldialdia egin zuen, atzo, Urnietan. Hala, Sarobe Arte Eszenikoen Gunera hurreratu ziren hiru ikastetxe: Andoaingo La Salle Berrozpe, Pasai Donibaneko Lezo Lizeoa eta  Errenteriako Egiluze. 

Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara departamentuak sustatua, euskarazko ikus-entzunezko edukien sorkuntza, hedapena eta kontsumoa sustatzea helburu duen dinamika da “Hi Gazte!”, baita gazteen aisialdian euskararen erabilera areagotzea ere. Gauzak horrela, bi sortzaile ezagunen eskutik murgildu ziren egitasmoan hiru ikastetxetako gazteak: musikari gaztea da Odik, dance estilotik abiatutako euskal konposatzailea. Oihana Arana, aldiz, bertsolaria eta idazlea da, ‘Portuak’ eleberriaren egilea eta ‘Izotzetan islatuak’ liburuan kolaboratatzailea.

14 urte bitarteko gazte gipuzkoarrei zuzenduriko erronka proposatzen du egitasmoak: ikus-entzunezko euskarri bidez, proiektuaren leloa sortu eta zabaldu beharko dute nerabeek sareetan (Instagram eta Tik-Tok), eta apirilaren 18ra bitarte dute parte hartzeko aukera. Irabazleak i-Phone 12 mugikorra eskuratuko du. 

Oihane Agirre Gazte Dinamikako Kudeatzaileak adierazi duenez, “sareetako sorkuntzan eragin nahi dugu, baina euskara ardatz hartuta. Bi saio presentzial eta beste bat online egingo ditugu. Planteatzen dugun ariketan hainbat gazte sortzaile identifikatuko ditugu, oso gazteak direnak eta, agian, ibilbide horren hastapenetan daudenak”. Ez hori bakarrik, Agirrek erreferenteen beharra nabarmendu du: “Erreferente horiek ekartzen saiatu gara. Urnietara Odik musikaria eta Oihana idazlea etorri dira; gauza horrela, gazteek bi pertsona hauen esperientzia gertutik ezagutzeko aukera eduki dute. Kai Nakai bezalako artistak ere parte hartu dute ekimen honetan, beste batzuen artean”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!