Lanean hasteko gogoa zeukan Iguaranek (Urnieta, 53 urte), sos batzuk biltzen hasteko, baina baita gorputza ez herdoiltzeko ere. Langileen beharra handitu egin da, pitxerrean eta botilan zerbitzatzen ari baitira sagardoa, eta mahaietan platerak jartzen bezeroentzat. 50-70 lagunentzako tokia du momentuz, eta arauak gehixeago murriztea eskatu du, “bertaratu daitekeen jende kopurua handiagoa izateko”.
Noiz ireki zenuten, eta zer moduz joan da?
Bi aste atzera ireki genuen berriz, ostiralarekin. Otsailak 19a izango zen. Hasi suabe antzean hasi gara. Gure bezero asko Donostiakoak dira, Tolosakoak ere baditugu talde batzuk, eta horiek, jakina, ezin dute momentuz guregana etorri. Mugatu egin digu horrek, baina Urnietako jendeaz gain inguruetakoa ere etorri da, horrek botilaren merkatua birsortu du, tabernak ere sagardoa eskatzen hasi dira ireki ondoren… Bagoaz, pixkanaka. Fakturatzen hasi gara, lanean ere bai. Behar genituen biak. Sosa biltzen hasi, noski, baina lanean ere bai, zain egoteaz nekatuta baikaude.
Nola hartu zenuten epailearen erabakia?
Asko nabaritu zen gure mesedean. Arnasa hartzen hasi gara. Ni behintzat ezustean harrapatu ninduen, ez bainuen espero halako erabakirik hartzea. Harrigarria, edo txokantea izan zen, baina erabakiak gure panorama aldatu du erabat.
Erabakia jakinarazi ostean, segurtasun neurriekin gora eta behera ibiliko zineten, ezta?
Bai, dantza handi samarra izan zen egun batzuetan. Mahai batzuk kendu, bezero eta bezero artean metro eta erdiko tartea bermatzeko, arauak garbi jakinarazteko kartelak, edalontziarekin jantokitik kanpora ezin dela atera, adibidez. Eta gero ba jan-edanaren kontua. Alegia, orain bakoitzak bere platerean jan behar duela, zerbitzatzen dena, eta edan, ba pitxerretik edo botilatik, jantokiko arduradunari eskatuta.
Eta jendea, zer moduz sumatu duzu?
Orokorrean jendeak arauak errespetatu dituela esango nuke, ez dugu nabarmentzeko moduko konturik izan. Jendeak sagardotegi gogoa daukala sumatzen da, baina egoera orain aldatu egin da, bezeroak lasaiago daudela esango nuke, sagardotegietan batzuetan hain ohikoak diren gehiegikeriarik ikusi gabe. Eseri eta geldirik geratu behar du, ezin du kupeletara jo. Horrek, dena den, langileontzat karga handia ekarri du. Platerak behar dira, bezero bakoitzarentzat bi, eta lehen dena plater bakarrarekin egiten zen. Sagardoa ere noiznahi eskatzen dizute, normala den bezala, eta lehen upeletara joaten zen, gu sagardoa eramateaz arduratu gabe. Lana handitu egin da guretzat, eta egokitu egin behar izan gara. Lana egitearen poderioz ikasten duzu. Ireki genuen lehen larunbatean betea genuen, eta zetorren bezala egin behar izan genion aurre egoerari.
Zenbat lagunentzako tokia geratu zaizue segurtasun neurri berrien ondoren?
50 bat lagun edo, apur bat estiratuz gero 70 bat. Normalean jantokiak 120-140 lagunentzako tokia dauka, orain erdia. Baina bueno, ireki dugu eta gustura.
Pitxerra edo botila, zer eskatzen du gehiago bezeroak?
Pitxerra gehixeago. Guretzat erosoago botila da, mahaian utzi eta listo. Pitxerra sagardoz bete behar duzu. Pitxerrean sagardo berria jartzen dugu, botilan ez, lehenagotik botilaratua dagoena.
Eta txotx-a egiteko debekuaz, zer dio bezeroak? Ze iritzi daukazu zuk?
Niretzat sagardotegiko arima, xarma, upeletik edatea da.
Upeltegian egon, jende bueltan solasaldi bat egin, zazpi edo zortzi sagardo ezberdin dastatu, egurrezkoak edo herdoilgaitzak izan…
Txotx-a bueltatuko al da? Ez al zaigu ahaztuko?
Bai, bueltatuko da. Beno, nahi nuke behintzat, eta hala espero dut. Birus-a kontrolatzen bada, txarroa eta botila desagertu egingo dira berriz. Nik, behintzat, upela baldin badago, ez dut txarro edo botilarik eskainiko. Platera, aldiz, uste dut mantendu egingo dela etorkizunean ere.
Sagardotegia irekita edukitzeko eperik pentsatu al duzu?
Nik pentsatuta ere beti pandemiaren baitan egongo dela esango nuke, ezta? Momentuz apirila bukatu arte irekita edukiko dugu, eta ahal bada, edo debekurik ez bada, maiatza bukaera bitarte ere eutsi nahi genioke.
Badira udan terrazak, edo atarian sagardotegia irekita edukitzeko asmoa duten jabeak. Zuk halako asmorik baduzu?
Ez, guk betidanik barrukoak izan gara, eta pentsatu ere ez dut egin udan kanpoan sagardotegia jartzea. Aurrena martxoa pasa dadila, ea zer moduz, eta gero-gerokoak.
Litekeena da LABI Batzordeak segurtasun arauak murriztea edo arintzea, ostiral honetan. Sagardogileek eskatzeko aukera bazenute, zer eskatuko zenukete?
Batez ere bi kontu. Lehena mahaiko lau laguneko muga hori seira handitzea. Pentsa sei laguneko koadrila bat etortzen dela, bi mahai oso prestatu behar dira, hiru eta hiru, seiek batera ezin dutelako eseri. Mahaiko sei lagun jartzeko baimenarekin 20-25 lagunentzako handituko litzateke sagardotegia, kopuru handia da hori.
Beste neurria, mugimendua alboko herrietako herritarrengana mugatzea agintzen duen araua kentzea.
Iaz denboraldiko bi hilabete galdu zenituzten, aurten beste bat… Buelta emango al diozue? Laguntzarik jaso al duzue?
Hori ez da errekuperatuko, eta jasotako diru laguntzak eskasak izan dira. Nik pultsu baten moduan ikusten dut egoera. Pandemia hau etorri zaigu, erauntsiari eutsi behar zaio, eta pasatzen denean, berriro hasi. Urteak daramatzagu lanean eta negozioak gorabeherak izan ditzakeela jakitun gara.