Urnieta Quel Abogados taldeak lehen postua eskuratu du jarraian bi partida irabazita

Aiurri 2021ko mar. 9a, 11:38

Urnietarrak nabarmen gailendu ziren Donostiako Egia taldearen aurka (21-9). Bi partida jarraian irabazita, lau punturekin lehen postuan jartzea lortu dute. 

Emakumezkoen senior taldeak etxean jokatu zuen asteburuan urtebete igaro ostean. Donostiako Egiaren aurka jokatu zuten; talde gaztea eta berritua, iazkoarekin alderatuz gero. Aurreko partidan ez bezala, defentsa sendoa erakutsi zuten urnietarrek, hortaz, aurkariek ezer gutxi egiteko aukera eduki zuten. Erasoan, berriz, ez ziren oso fin aritu, akats ugari egin baitzituzten. Hala ere, esan bezala, partida osoan zehar gehiago izan ziren.

Maila hau erakusten jarraitu beharko dute datozen partidetan ere. Hurrengo norgehiagoka Ereintzaren aurka izango dute.

Jubenilak ere lehian

Gizonezkoen jubenil taldeak ere garaipen garbia eskuratu zuen Usurbilen aurka (38-15). Bi partida jarraian irabazita lehen postuan kokatzea lortu dute. Bestalde, emakumezkoen jubenil taldeak porrot egin zuen asteburuan (31-36). Gogor borrokatu zuten arren, Ereintza taldeak defentsa eta eraso sendoagoa erakutsi zuen. Esan beharra dago, partidaren lehen zatia oso berdindua egon zela, baina minutuek aurrera egin ahala, balantza aurkarien alde jartzen hasi zen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!