Zaintzari buruzko ikastaroa abiatuko da apirilean

Aiurri 2021ko mar. 17a, 11:10

“Zaintzak eztabaidan: zaindu eta norberak bere burua zaintzea”, Pepa Bojo psikoterapeutaren eskutik.

Pepa Bojo inguruotan aski ezaguna den psikoterapeuta da, tailerrak eta ikastaroak ematen eskarmentu handia duen profesionala. “Zaintzak eztabaidan: zaindu eta norberak bere burua zaintzea” izenburuko tailerra egin du Urnietan bertan, Udalaren enkarguz.

Zaintza emakumeen esku egon da, historikoki, horrek dituen ondorioekin: maila fisikoan eta mentalean ez ezik, bizi-rol baten baldintzatzaile eta konformatzaile gisa.

Ikastaroa aurkezterakoan, honakoa da antolatzaileek adierazitakoa: "Zaintzaileen bizitzak senideen premiei erantzutearen ingurukoak dira, eta horrek gainkarga, kezka, erantzukizuna eta erruduntasuna dakartza berekin, eta askotan beren bizitzak bigarren mailan uzten dituzte. Egoera horrek nekea, ondoeza emozionala, somatizazioak, asegabetasuna edo frustrazioa eragiten ditu, eta, gainera, kasu askotan, interes-gatazken iturri izaten da familiako gainerako kideen artean".

Apiriletik ekainera, astean behin Lekaion

Tailerra apirilaren 14an hasi eta ekainaren 9an amaituko da. Guztira bederatzi saio dira, astean behin burutuko direnak. Asteazkenero elkartuko dira Lekaion, arratsaldeko 14:45etik 17:00etara. Tailerra gazteleraz eskainiko dute.

Izen-ematea dagoeneko zabalik dago, eta tailerrean parte hartzeko ezinbestekoa izango da Urnietan erroldatuta egotea. Interesa dutenek Bertan herritarrentzako arreta-bulegoan edota Urnieta.eus webgunean eman dezakete izena. Tailerraren prezioa 10 eurokoa izango da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!