Aste Santurako planak, Gaztelekuaren eskutik

Aiurri 2021ko mar. 24a, 11:13

Gaztelekuak hamaka hitzordu  antolatu ditu martxoaren 29tik apirilaren 9ra bitarte. Horrela, Urnietako gazteek Aste Santuko oporretan planak egiteko aukera izango dute. Askotariko ekintzak izango dira, adin-tarte bakoitzari egokituta.

Covid 19-a dela eta, Eusko Jaurlaritzak aisialdirako zehaztutako irizpideak aintzat hartuko dira,  eta jarduera gehienak aire librean egingo dira.

  • Martxoak 29: Gaztelekuaren irekiera DBHko nerabeentzat. 17:00-20:00 bitartean, Gaztelekua irekiko da gerturatzen diren nerabeak bertan jolastu, elkartu eta egon daitezen.
  • Martxoak 30:  Paintball-a Zubietan. DBH3ko eta DBH4ko nerabeei begira eskainitako irteera izango da, eta arratsaldez egingo da. Eguraldi txarra eginez gero, zinera joango dira.
  • Martxoak 31:  Eskulanak egingo dira Gaztelekuan, goizez. LH6 mailakoei zuzenduta egongo da.
  • Apirilak 6:  Gaztelekuaren irekiera DBHko nerabeentzat. 17:00-20:00 bitartean Gaztelekua irekiko da gerturatzen diren nerabeak bertan jolastu, elkartu eta egon daitezen.
  • Apirilak 7:  Hernanira arratsalde pasa. LH6 mailakoei bideratuta egongo da. Hernanin kirol txapelketak egingo dira parte hartzaileen artean.
  • Apirilak 8:  Eskalada Hernaniko Santa Barbara mendian. DBH1-DBH2-ko gazteei zuzendua. Egun pasa izango da. Eguraldi txarra eginez gero zinera joango dira.
  • Apirilak 9: Donostira egun pasa LH6 mailakoekin. Urgul mendira igoko dira eta hondartzan jolasak egingo dituzte. Eguraldi txarra eginez gero, Antiguoko frontoian egingo dituzte jolasak.

Izena-ematea

Izena emateko Gaztelekura bertaratu beharko dira nerabeak martxoaren 23tik 26ra bitartean.

  • Astelehen eta astearteetan: 17:00-19:30
  • Asteazken eta ostegunetan 17:00-20:00
  • Ostiraletan 17:00-21:00

Ekintzetan parte hartzeko ezinbestekoa izango da Gaztelekuko bazkide izatea, eta beraz, bazkide-orria bete beharko da. Halaber, irteeren kasuan gurasoen baimena sinatuta eraman beharko da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!