“Oraindik kosta egiten zait mundu honetan zergatik nagoen sinestea”

Andoni Urbistondo 2021ko mar. 26a, 09:00

Aiurrik Jokin Lizeaga korrikalari urnietarrarekin hitz egin du. Apirilaren 7an hiru urte beteko dira Lizeaga Asturiasen mendiko zulo batera jausi zela, eta herriari eta Euskal Herriari osatu dela jakinarazteko erronka iragarri du.

Hiru urte, 1096 egun beteko dira 2018ko apirilaren 7 madarikatu hartatik, bi aste barru. Pastores de la Portudera mendi-lasterketan lider zihoala, 15 metroko zulo batean jausi zen Jokin Lizeaga. Bizirik irauteko herioan, zuloan gora eskalatu, eta beste korrikalarien arreta erakartzea lortu zuen, hotzez hilko nintzen, bestela. Hilen mundutik bizien mundura pasa zela onartzen du egun ere. Gorriak ikusi ditu, oinazeak han eta hemen, ezina, eta zehar kalte neurologikoak presente bizitza guztirako. Baina itzuli egin nahi du, korrikalari sentitzen dela erakutsi berriro zale, lagun eta familiari. Bitartean, bizitzak eman zion bigarren aukera horren zergatia bilatzen jarraitzen du.

Hiru urte laster, zulo hartara jausi zinenetik. Zer moduz zaude?

Azkar pasa dira, baina luze ere bai. Une gogorrak asko, eta kalteak ere ezin ahaztu. Azaroaz geroztik korrika egiteko gai naiz, lau bat hilabete bai jarraian dagoeneko, eta horrek konfiantza eman dit berriro dortsala jarri eta amets, erronka, obsesio hori bete ahal izateko. Izan dira uneak non ez nuen uste gai izango nintzenik berriro mendian korrika- saio bat osatzeko, eta orain banaiz. Bilakaera hori ikusita, apirilaren 17an, Urnieta eta ondoko herrietako mendietan barrena halako korrika-saio bat egingo dut, herriaren, herritarren aurrean korrika egiteko.

Une txar asko pasatakoa zarela aitortu duzu.

Bai, asko egon baitira. Erori eta berehala, lesioak, beldurrak, heriotza gertu, amesgaizto bat. Sei hilabete pasata, azaroan edo, lo gutxi egiten nuela jabetu nintzen, ordu pare bat asko jota gauetan. Esna, ordu asko, eta halako batean, autoan gidatzen nindoala, ezkerreko begia itsu geratu zitzaidan, ez nuen ikusten. Garuneko erresonantzia bat egin bezperan gertatu zitzaidan,  gainera. Orkatiletan, sorbaldan eta beste mila oinaze izan ditut, baina bistaren arazoarekin alderatuta, txikikeriak. Degenerazio bat jasan nuen nerbio optikoan, eta horren sorburu, ba hainbat hipotesi: tumoreren bat, edo beste gaixotasun larriren bat… Burrunba, zurrunbilo horretan sartuta eman ditut azken bizpahiru urteak, probak han eta hemen, sei hilabetero neurologoarengana bisita, analisiak, antigorputzak, erresonantziak… Ez da samurra izan, beldurra sentitzen da.

Erorketaren egunaz, uneaz gogoratzen zara?

Bai. Nagoen egoeraren arabera, maiz. Adibidez igogailua erabiltzen dudanean, altura hartzen dudanean, edo etxebizitza bateko pisu garai batera igotzean. Erorketa, altura etortzen zaizkit burura, zergatik nagoen bizirik, eta beste. Beldurrak geratu zaizkit iltzatuta. Hilkorra izatea zer zen ez nekien, eta orain badakit banaizela, gerta daitekeela.

Buruko oinazeak fisikoak baino mingarriagoak izaten al dira?

Buruak lan handia egiten du. Eta beldurra sentiarazten dizu. Ez dut eskiatu, hiru urte hauetan, adibidez. Urnietako inguruetatik urrun ere ez naiz ibili korrika. Lizartza aldean, akaso, han borda bat daukagulako. Etxe inguruko tokiak kontrolatzen ditut, ezagutzen ditut, eta zerbait pasaz gero, etxe inguruan beti. Demagun erorketa baino lehen comfort gune horretatik ateratzeko arazorik ez neukala, eta orain, aldiz, bai.

Hil egingo zinela sinetsi zenuen, baina ez zinen hil. Nola kudeatzen da bizipen hori?

Esan liteke baietz. 15 metroko zulo batean behera jausi, non geratuko nintzen jakin gabe… Behin geratuta, gora begiratu, eta kafea hartzeko platertxoaren tamainako zulo txiki bat baino ez nuen ikusten. Izoztutako elur ura etengabe jausten zen nire gainera, hotza egiten zuen… denbora kontua zen han hiltzea, eta erraza ez norbait jabetzea ni han jausi nintzela, lehena bainintzen lasterketan, eta alde handiarekin bigarrenarekiko… Onartzen hasi nintzen, akabo, eta tristura une gogorrak bizi izan nituen. Umeekin gogoratu nintzen, aita nola hil zen ez zutelako jakingo, eta akaso egunen batean hilotza bilatuko zutela. Txarrean zorte apur bat ere izan nuen. Zutik geratu nintzen, kontziente, odol isurtze handirik gabeko zauriak… Erabaki onak ere hartu nituen berehala, jatea eta gorputza berotzen saiatzea bezala.

Zulora bueltatu zinen, urrian. Zergatik?

Bai, iazko urrian, suhiltzaile baten laguntzarekin. Beharra neukan. Nolakoa zen, zergatik nagoen bizirik… Zuloa ikusita bizirik ateratzea mirari are handiagoa izan zela sentitu nuen. Zilindro bertikal batean erori nintzela uste nuen, baina ertzez jositako kareharri zuloa zen, eta nik tibian eta buruan zauri arinak bakarrik jasan nituen. Jausi baino lehenagoko argazki bat bidali zidaten, bi kilometro lehenago edo ateratakoa, eta argazki horretan halako eskaintza bat idatzi nuen, zuloan bertan utzi eta eskerrak emateko. Txilibitua eta erlojua ere berreskuratu nituen, erorketan galdu nituelako, eta han utzitako zaborra ere bildu nuen. Hainbat animaliaren buru hezur ere ikusi nituen, eta horrek buru jan dezentekoa eragin zidan. Psikologikoki mesede egin zidan hara jaisteak. Kosta egiten zait ulertzea oraindik zergatik nagoen hemen, baina gauzak horrela dira.

Kontziente zara fisikoki, baina batez ere mentalki, oso jarrera tinkoa eduki zenuela zulotik irteten saiatzeko.

Nik ere pentsatu dut zergatik ez nintzen hasi hormari kolpeka, zergatik egokitu zitzaidan halakorik niri, nolatan ez nintzen lehertu, eseri, eta ordu pare batean hipotermiak jota heriotzaren zain geratu. Zorionez borrokatzea erabaki nuen, indarrak gorde, berotu, oihu gutxi egin, esperantzari eutsi, eta ez itzaltzeko lasterketa batean murgildu. Urrian, sokarekin eskalatu nuenean zuloko hormak bosgarren graduko pasoak zituela jabetu ginen. Pentsa ni egon nintzen egoeran, nola demontre igo nintzen zulorantz. Zortedun izan nintzen, oso.

Bada bideo bat hor bueltaka, ‘La Voz de Asturias’ kazetak argitaratutakoa, non zulotik ateratzen zaituzten unea ikusten den. Askotan ikusi duzu bideoa?

Tarteka. Une hori gaindituta daukadala esango nuke.

32 gradukoa zen zure gorputzeko tenperatura zulotik atera zintuztenean. Helikopteroa, erietxea, senitartekoak berriz ikusi… Ze oroitzapen dituzu?

Hutsune handi bat daukat tarte horretan. Helikopteroaren soinuarekin amestu nuen, artean istripuaren gunera iritsi gabe zela. Suhiltzaileak ikusi bezain pronto mareatzen hasi nintzen, lotzeko esan nien, eta mina kentzeko botikaren bat sartu zidaten. Sorbalda bere lekuan sartzeko piolet bat erabili zutela ere gogoan dut, baina ondoren ordu batzuk desagertu egin dira oroimenetik. Erietxean Ainhoa emazteari gose nintzela esan nion, sei-zortzi donut edo antzekoak jan nituen. Sagardotegian tokia gordeta geneukan afari oparoa egiteko, Javi Dominguez eta beste lagunekin, eta azalduko nintzela esan nien, ondo nengoela… Bistan da halako shock egoera batean nengoela, eta ez nuela benetako errealitatea ezagutzen.

Galderarik egiten al dizute haurrek?

Bai, bai. Badakite zuloa bisitatzera joan behar dugula denok. Beraiek ere ikastolan kontatzen dute, irakasle berriren bat etortzen denean-eta. Lagunekin gaudenean askotan ateratzen da gaia, eta beraiek han daude, entzun egiten dute.

Ainhoa izango zen, noski, zure ezkutu erabiliena. Nola eraman duzue gaia?

Ondo esango nuke. Berak ni baino gehiago sufritu du. Nik barrutik eraman dut, eta azaltzen ziren zeharkalteak ondo barneratu nituen. Esango nuke berak okerrago eraman duela. Nahi dudana egiten utzi dit, nire martxan ibiltzen, eta eskerrak eman behar dizkiot horregatik. Bajan urte eta erdi eman nuen, lanera bueltatzeko komeriekin, gero konfinamendua etorri zen, eta oso elkarrekin egon gara bostok.

Ezkondu zineten.

Bai, istripua eduki eta 15 egunera. Aztertua eta planifikatua geneukan, istripua gertatu aurretik. Zuloan buelta batzuk eman nizkion, eta gero, segituan paperak egin genituen, zorigaiztoren bat geratzen bada, emazteak eta haurrek babes bat izan dezaten.

Noiz bueltatu zinen lehen aldiz
Urnietako mendietara?

Egun zehatza ez dut gogoan. Oraindik igeltsuarekin nengoela izango zen, eta Onddira. Orroren bat bota nuen, han. Oso mendi gustukoa dut Onddi, samurra, polita da. Datak gordetzeko-eta ez naiz batere ona, baina ondo gogoratzen naiz ze oinaze izan ditudan, eta zenbatetan irten naizen korrika saio bat egiteko asmoz, 200 metro egin eta herrenka, burua makurtu eta etxera. Bizikletan ere hasi nintzen, hor minik ez nuelako sentitzen.

Trauma neurologiko bat ere geratu zaizu, erorikoaren ondorioz, eta itxuraz, luzerako.

Bai. Korrika egiten dudanean eta bihotz taupaden erritmoa handitu, ezkerreko bista galtzen dut, lainotu egiten zait. Kosta zait, baina ohitzen hasi naiz. Nerbio optikoaren degenerazioa da, %30 galdu dut, eta buruko tenperatura igotzen denean, ba ezkerreko begiko arazoa sortzen da. Ez dirudi erremediorik duenik. Erorikoak halako estresa sortu zuen nerbio optikoan eta horrela nago. Mentalki ez naiz etxetik sobera urruntzera ausartzen, nire motorrean konfiantza gutxi daukadalako. Lehen ez nuen inoiz sakelakoa eramaten. Orain beti nirekin, badaezpada.

Oinaze fisikorik baduzu, oraindik?

Bai, bizkarrezurrean, batez ere.

Noiz hasten zara apirilaren 17ko lasterketa horretan pentsatzen?

Otsailean halako jarraipen bat lortzen ari naizela ikusten dut, ez hasi, geratu eta berriro hasi. Korrikalari sentitu naiz berriz azaroaz geroztik. Obsesio puntu bat eduki dut, berriro dortsala jartzeko, berriro korrikalari sentitzeko, istripuak ezin zidala gogoa, desioa kendu. Herren edo itsu egon, dortsala jantzi nahi nuen, eta hori gertu ikusita, ba herrian zerbait egitea pentsatu dut. Herritarrek, Euskal Herriak, Jokin Lizeaga oraindik mendian korrika ibiltzeko gai dela jakitea nahi dut.

Garbi duzu Zegama-Aizkorrin bukatu nahi duzula, Sancti Spiritun elkartzen den Urnietako jendearekin, Aizkorriko ermitara daraman pasabidean, Zegamako plazan…

Bai, Zegaman berriz korrituko dudala garbi daukat. Mendian korrika ibili banaiz Zegama-Aizkorri maratoiari esker da. Euskal Herriaren nortasunaren ispilu da lasterketa hori: zale onak, denei berdin animatzen dien zalea, eta hori beste herrietan ez da gertatzen. Probako antolatzaileak ere lagunak ditut, eta esfortzu hori egin nahi nuke.

Lasterketa, apirilaren 17an

Apirilaren 17an da hitzordua, goizeko bederatzietan hasita Urnietako San Juan plazan. Jokin Lizeagak 28 kilometroko mendi lasterketa korrituko du, hainbestetan ibili den mendietan barrena. Urnietako plazatik Onddo igoko du aurrena, Etenetan barrena. Ondoren Adarramendiren txanda izango da, gero Onddi, handik Hernanira jaitsi eta Santa Barbarara, Saretxo aldetik, eta azkena, Buruntza, Azkorteko ermitan barrena. Buelta bide beretik, eta herriko plazara aldapeta maldan barrena. Lizeagak ez du markarik egiteko asmo berezirik, baina bi ordu eta erdiren bueltan egitea espero du.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!