Errepresioaren aurkako kanpaina, Urnietan

Aiurri 2021ko api. 2a, 21:30

Urnietako hiru taldek, hain zuzen, Zatoz Asanbladak, Poxta Zahar Elkarteak eta Adargorri Kolektiboak, errepresioaren aurkako kanpaina  jarri dute abian herrian. Hori aurkezteko bildu ziren, atzo, eguerdiko 12:00etan, Plazido Muxikan:

Hona hemen kanpainaren aurkezpenean egin zuten irakurketa:

Osasun-krisia hasi zenetik, herritarron funtsezko eskubideak urratuak izaten ari dira, abiadura izugarrian handituz sistema kapitalistak berezkoa duen krisi ziklikoa eta hortik eratorritako zapalkuntzak. Ukaezina da birusari aurka egin behar zaiola, baina gaixotasuna baliatuta jazarpenean oinarritutako neurriak ezartzen ari dira erakunde publikoetatik. Hilabete hauetan egin den kontratazio publikorik handiena poliziaren arloan izan da, 700 plaza berri gehitzen Europa osoan presentzia poliziala altuena duen herrialdean. Hau gutxi balitz, gaitz guztien kulpa gazteena izaten ari dela sinestarazi nahi digute, astero egunkarietan “botiloi” kasuak salatzen eta gazte guneetan poliziaren presentzia handitzen.

Normala bihurtzen ari da Urnietan astebururo polizia etorri eta liskarra beraiek bakarrik muntatzea, ondoren gazteak kriminalizatuz eta gertakariaren errua botaz. Hurrengo egunean burgesiaren kontrolpean dauden hedabideak, publikoak zein pribatuak, iritzi publikoa baldintzatu nahian, poliziaren izaera zuritzen dute eta gazteen aurkako istorioak argitaratzen dituzte, behin eta berriz irakurri eta entzuten ditugun gezurrak.

Agintariek soluzio eraginkorrik proposatzen ez duten heinean, beraien lege bidegabeetan oinarrituz, indar errepresiboak kaleak okupatzen dituzte era oldarkorrean eta biolentzia erabiliz. Urnietan bertan, zauritu, salatu, atxilotu, mehatxatu... dituzte herritarrak, kalea toki ez-seguru bilakatuz, kontrakoa izan behar zukeenean. Honek, joera argia eta arriskutsua erakusten du; beldurra iskin guztietara zabaltzea, herritarrak desmobilizatuz eta alienatuz; etxetik lanera edo ikastetxera, eta handik etxera. Burgesiaren pagotxa!

Gazteak ez gara kudeaketa txarraren errudunak, kalean egote hutsarengatik jo egiten gaituzte astebururo. Ez dugu onartuko egoera hau normalizatzea edo sistemak herriarekiko ezartzen duen biolentzia legitimatzea. Ez al zen indarkeriarekin amaitzeko garaia?

Bestalde, egoeraren aurrean Urnietako Udalak mantentzen duen isiltasuna salatzen dugu, beraien herritarrak behin eta berriz erasotuak izaten ari diren bitartean ezikusiarena eginez, ardura falta izugarria plazaratuz eta jazarpenaren konplizeak bilakatuz.

Gure hautua argia da: Antolakuntza. Sistema kapitalista basati honen gehiegikeriak eta zapalkuntzak agerian utzi eta errotik suntsitzeko. Ez izan dudarik, kalean jarraituko dugu!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!