Zenbait neurri hartu ditu Urnietako Udalak positiboen igoera eteteko

Aiurri 2021ko api. 21a, 09:37

Gora egin dute koronabirus kasuek Euskal Autonomia Erkidegoan, baita Urnietan ere. Geroz eta gorriago dago herriko egoera epidemiologikoa. Duela bi aste, apirilaren 6n, Urnietako 14 eguneko tasa 100.000 biztanleko 128,85koa zen, eta, atzo, apirilaren 20an, 547,59n kokatu zen.

Hala, izurriari aurre egiteko neurriak hartu ditu Urnietako Udalak, Eusko Jaurlaritzak aurretiaz zehaztutakoez gain. 

  • Parkeen erabilera-ordutegia murriztuta dago: arratsaldeko 20:00etatik goizeko 9:00etara itxita egongo dira.
  • Ezingo da udal-lokaletan ekitaldirik antolatu. Dena den, kultur programazioak segiko du, baina Eusko Jaurlaritzak emandako neurri guztiekin.
  • Udal-ikastaroei dagokienez (kiroldegia, Sarobe, Lekaio), ez dira etengo, baina prebentzio-neurri bereziak ezarriko dira, Gazte Informazio Puntuan, Gaztelekuan eta gizarte- eta hezkuntza-zerbitzuan bezala.
  • Bertan herritarrentzako arreta-bulegoak, berriz, zerbitzua ematen jarraituko du, baina herritarrei gomendatzen zaie benetako beharrizana dagoenean bakarrik joan daitezela; garrantzi berezia ez duten gaietarako, berriz, modu telematikoa eta telefono bidezko deiak lehenesten dira.
  • Kiroldegiak irekita jarraituko du banakako erabilerarako aurrez hitzordua eskatuta. Horretarako, Udaleko web orria eta APP erabil litezke. Kirol-instalazioetan kirol federatuan jarduten duten klubek ere haien jarduerarekin jarraitu ahalko dute.
  • Lekaio kultur etxeko ikasgela irekita egongo da, baina mahai bakoitzean pertsona bat baino ezingo da eseri. Liburutegian ere irizpide bera jarraituko da eta liburuak alokatzeko zerbitzua baino ez da eskainiko.

Eusko Jaurlaritzaren neurriak

Inzidentzia-tasa 400 puntutik gora du Urnietak. Horrenbestez, Eusko Jaurlaritzaren neurriak indarrean daude herrian.

  • Udalerriaren itxiera perimetrala. Salbuespen bakarrak udalerri mugakidera joatea izango lirateke, erosketak egiteko eta jarduera fisikoa aire zabalean egiteko, eta justifikatutako arrazoiak, hala nola lanera, ikastera, medikuarengana edo mendeko pertsona bat zaintzera joatea.
  • Ostalaritzako ordutegiak establezimenduaren barruan: 6:30etik 9:30era eta 13:00etatik 16:30era baino ezin izango zaie arreta eman bezeroei.
  • Ostalaritza-aforoak: %50 barrualdean eta %100 terrazan. Pertsona guztiek eserita egon behar dute, eta ezin da barran kontsumitu. Mahaiak ezin dira elkartu, eta gutxienez metro eta erdi egon behar dira mahaien artean, eta gehienez ere lau pertsona.
  • Barruko eremuetan kirol-jarduera oro egiteak, talde profesional eta federatuen entrenamendu eta lehiaketei eragiten diena izan ezik, ez du 4 laguneko taldea gaindituko. Horrek esan nahi du eskola-kirola lau pertsonako taldeetan egin beharko dela, ingurune itxietan entrenatzen badute.
  • Kirol-instalazio mota guztietako aldagelak eta dutxak ixtea.

Bestalde, etxeratze-aginduak indarrean jarraitzen du gaueko 22:00etatik goizeko 6:00etara, eta espazio publikoetan gehienez ere 4 pertsona elkartzeko mugak ere bere horretan jarraitzen du.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!