“Jendea pozik, barrez, malkotan ikusteak bete nau gehien”

Andoni Urbistondo 2021ko api. 23a, 09:00

Egunerokora bueltatu da Jokin, larunbatean lagun, bizilagun eta besteren omenaldi hunkigarria jasota mendietan, eta lepo bete zen herriko plazan.

28 kilometroko lasterketa 2 ordu eta laurden eskasean egin eta 48 ordura dago egina elkarrizketa hau, Jokinek asteleheneko lan jarduna eginda, errutina berreskuratuta. Larunbateko emozio pilaketa eta oihartzun mediatiko handia ahal izan duen moduan barneratu du. Oialumen izan zen bazkaltzen bere eta emaztearen sendiarekin. Jatetxean zeudenek ez zekiten Lizeaga bertara joango zenik bazkaltzera, baina jangelara sartzean jaso zuen txalo zaparrada beroak herritar eta lagunak poztu zituen ekimen polita burutu zuela konbentzitu zuen.

Zer moduz zaude? Oinaze edo minik bai?

Beno, lasterketan ez nuen arazo handirik eduki, jendearen emozio eta irribarre keinuak, maitasuna… Jendea ezagutzeko astia izan nuen, gozatu nuen, eta gustura. Helmuga iritsita peroneoan mina jarri zitzaidan, eta azken bi egunetan giharretako minarekin egon naiz, baina pasako da.

Txanpain botilari trago ederra eman zenion helmuga pasata.

Bai, gustukoa dut, egarrituta iritsi nintzen eta botilan zegoen guztia barruraino joan zen, bai.

Begiko arazoa azaldu zen.

Bai, baina ez da arazo bat, dagoeneko. Bigarren kilometrorako bista lainotzen eta galtzen hasi nintzen, bizi-bizi atera nintzelako, eta gero, helmugan, bueltatu zen, pixkanaka.  Ohitu naiz eskuin begiarekin korrika egiten. Horrelakoetan, tarteka, eskuin begia ixten dut, ezker begiko bista nola dagoen jakiteko. Behin ez dudala ikusten jabetuta, aurrera egiten
dut.

Aita zegoen Miraballesko aldapa igotzen hasi aurretik, emaztea eta seme-alabak Besabi baino lehenxeago.

Bai, aitarena ez nuen espero, Buruntzara joango zela esan baitzidan. Emaztea eta seme-alabena banekien. Indarra eman zidan familiak, eta bide ertzean pilatu zen jende piloak. Jende asko sumatu nuen, eta omenaldi polita jaso nuen. Bizirik dagoen pertsonak omenaldiak jasotzea ez da oso ohikoa, baina nik jaso nuen. Urnietar Prestu izendatu nindutenean ere jaso nuen, eta larunbatean, berriz. Era guztietako jendea, gainera: haurrak, gurasoak, aitonak, langileak, baserritarrak… Oso beteta sentitzen naiz, eskertua bihotzez. Ni ikustera joan zirela sentitu nuen, eta horrek balio handia ematen dio.

Tarteka nahiko bakarrik, baina Adarramendin, Onddin eta Buruntzan jende andana…

Adarra berezia izan zen. Mantso zoaz, oinez, aldapa dago han, eta une hunkigarriak izan ziren. Bakarrik ibili nintzen uneetan ere gustura joan nintzen: Manttale errekatik Etenetara, adibidez, edo Loititik Portu auzora, Hernanin, korrika lanean bakarrik kontzentratuta. Onddin Mamen Altuna joan zen nire alboan egurrean, eta 10-15 ume ere bai 100-150 metroan. Pentsatu nuen, etorkizun ederra daukagu herrian! Adarra puntan Xabi Irastorza lagun mina besarkatu nuen. Bezperan egon ginen, elkarrekin, 10 urte bete baitziren minbiziak bere ama eraman zuela.

Zenbat keinu on, zenbat agur…

Keinu edo agurren bat egiten saiatu nintzen, denei. Oso azkar joan nintzen, eta baten bati kasu egitea pasako zitzaidan, seguru. Kuttuna dudan jendeari keinu bat egiten saiatu nintzen, behintzat. Nire ondoan egon direnak, batez ere, azken hiru urte hauetan. Segurako Insausti familia, Juanjo Agudo eta Nerea Albizuren taldea, lauzpabost pankartarekin, nire koadrilako lagunak, Negu semearen gelako kideak… Idolo bat zara haientzat, baina lasterketan sufritzen, saiatzen den idoloa, eta bizitzak eman dion tratuaren aurrean jarrera ona eduki duen idoloa.

Udaltzainari ere eskerrak eman zenizkion Zaldundegin, pentsa…

Beno, ez nuen espero han egotea. Han zeuden, trafikoa eten zuten eta errepidea zeharkatu nuen. Haiei ere eskerrak eman behar. Jasotakoa bueltatzen saiatzen naiz beti.

Azken 100 metroak, latzak.

Bai. Astoen aldapa bukatu baino lehenago besoak jasotzen hasi nintzen nahi gabe, burrunba latza entzuten nuelako. Zenbat jende gero Kutxako bulegotik plazaraino, ikaragarria… Burua atera nuen aldapatik, eta han zeudenak ni ikusteko hurbildu ziren. Giro sanoa, jende sanoa, irribarretsu, pozik… Maitatua naizela sentitu nuen. Sare sozialetan sortzen diren gezurrezko lagunik ez daukat, benetakoak baizik. Hiru urte gogor hauetan, anonimotasunean murgildu izan naizenean laguntza eman dit jende askok, nire berri jakin izan nahi duen jendea, eta horiekin geratzen naiz.

Zerk harritu, harrapatu zintuen ezustean azken tarte horretan?

Beno, jendearen aurpegiak, emozioa, poztasunak, ez? Ez nuen pentsatu jendearen jarrera zein izango zen, baina sumatu nuen jendeak gozatu egin zuela, bizitzen ari garen pandemia garaiko miseriak atzean utzi nahi izan zituela egun batez, edo ordu batzuetan. Nik gozatu nuen, baina jendeari gozaraztea atsegin dut, eta lortu nuelakoan nago. Jendea pozik, barrez, malkotan ikusteak bete ninduen gehien.

Lasterketa bukatu eta bi ordura jendeak argazkiak eskatzen segitzen zuen, batez ere, umeak.

Beno, protagonista ni izan nintzen egun horretan, eta normala izango da. Plazan zegoen jendeak bazekien Onddotik Onddira ze abiaduran pasa nintzen. Jendea etxeferoa noiz lehertu entzun adi zegoen, gailurren batetik pasatzen nintzenean, menditik plazara bueltan zetorrela. Batzuk urduritu egin zirela ere jakin dut, garaiz iritsiko ez zirelako ustean. Jendea nire martxa jarraitzen ari zen, eta horrek ondo sentiarazten nau, baina gauzak garbi edukita. Korrika azkar egitea gauza bat da, baina azkar edo mantso, hobeak edo txarragoak izan, pertsona arruntak gara, eta ni beste bat. Herritarrei poztasun bat eman dien herritar soil eta xume baten eran sentitzen naiz.

Noiz lasaitu zinen larunbatean? Eseri eta hausnarketatxoa egin.

Azkar, Oialume jatetxean bertan. Han txalo zaparrada jaso nuen, eta esan nuen, ‘joder!’… Gero, etxean, albistegiak ikusten-eta gustura egon nintzen.

Zenbat kiloko zama kendu duzu gainetik, lasterketa oinaze handirik jasan gabe bukatuta, eta denbora bikain horrekin?

Konfiantza irabazi dut. Aurreko asteetan bukatzeko gai izango ote nintzen ziurtasunik ez neukan. Zama kendu, handia, hainbeste bonbo eman, komunikabideak gainean, eta azkenean proba osatu ahal izan dudalako, eta txukun. Bi aste barru Jaenen ariko naiz, Espainiako Txapelketan, ikusiko da ze maila emateko gai naizen.

Nola begiratzen diozu etorkizunari? Zer asmo duzu?

Ez naiz eliteko korrikalaria sentitzen. Ez naiz lasterketetatik bizi, nahiz eta jardun ahal izateko ahalegin fisiko handiak egin, eta familiari ordu asko kendu. Korrika azkar egiten duen kirolari herrikoia sentitzen naiz, elitekoa baino. Lasterketa batzuk korritu nahi nituzke Munduko Kopan: italiarrak, espainiarrak, ingelesak… Korrika kideak besarkatu, eta akaso oporretan familiarekin Espainiako txokoren batera oporretara joaten bagara, ba lasterketaren bat korritzeko probestu.

Sare sozialik ez daukazu, baina whatsappa bai. Zenbat mezu jaso dituzu azken egunetan?

300, 400 bat bai, eta denak erantzuten saiatu naiz. Eskerrak eman nahi dizkiet idatzi edo mendietara hurbildu ziren guztiei. Hiruzpalau ordu pasa ditut eguneko mezuak erantzuten, idazten didatenak lagunak kontsideratzen ditudalako. Haiei eskerrak ematea, gutxienekoa. Idatzi dutenei, etorri zirenei, eta etorri ezin izan zutenei, herriari eta lagunei, denei nire eskerrik beroenak, bihotz-bihotzez.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!