Bigarren aukerarik ez denean

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak trafiko-istripuak saiheste aldera sortutako ekitaldi ibiltaria da “Don’t be Dummy” proiektua. Aste honetan Urnietara iritsi da bide segurtasuna areagotzeko kanpaina.

Neoizko argiek janzten dute dantzatokia, musika eletronikoaren erritmopean. Alkohola eta kea, batetik; izerdia eta gorputzak mugimenduan, bestetik. Etxera itzultzeko borondatez irten dira jai-girotik bi gazte. Hala moduan ailegatu dira kotxera, eseka. Ibilgailua martxan ipini bezain pronto abiatu dira. Zamatsu ditu betazalak gidariak, eta aurpegia astintzen du, noizean behin, suspertuko delakoan. Bat-batean, kamioi baten klaxonak iratzarri ditu gazteak; berandu, baina. Kale egin diote erreflexuek gidariari, eta emandako bolante-kolpe gogorra ez da aski izan talka saihesteko. Birrinduta gelditu da kotxea, isilik, errepidea. Anbulantziaren sirena-hotsak entzun dira, ondoren. Etxera itzultzeko asmoz utzi dute bi gazteek festa, jakin gabe ez direla sekula helmugara ailegatuko. 

Irudi horiekin ekin zioten Urnietako Salesiarren Ikastetxeeko ikasleek, iragan asteko ostiralean (Bigarren Hezkuntzakoak zein Lanbide Heziketakoak), “Don’t be Dummy” bide-hezkuntza programari. Orain arte, Euskadiko 53 udalerri bisitatu ditu proiektuak: 117 saio burutu dira, eta,  horietan, 149 ikastetxek hartu dute parte.

Errepidean izan behar diren jarreren gainean kontzientzia hartzea du helburu egitasmoak, eta bai oinezkoei, bai gidariei zuzendua dago. Hala, berbaldian, soilik, klase bakarrak parte hartu bazuen ere, ikasgelan ipinitako hainbat kamarak medio, beste zenbait taldek ere hitzordua jarraitzeko aukera izan zuten. Dummy pertsonaia-birtualak gidatu zuen mintzaldia, alegia, auto-ekoizleek beren auto berrien segurtasuna probatzeko erabiltzen duten manikiak. Galdera-erantzun formatuan gidatu zuen saioa: oso interaktiboa bihurtu zuen hartu-emana. Izan ere, ikasleen arreta bereganatzea lortu zuen, eta, ondorioz, are eraginkorragoa izan zen kontzientzia hartzeko ariketa, zeren sakontasunez murgildu baitziren aferan.

Jabetzeko premia

Drogak, distrakzioak eta abiadura. Horiexek dira hiru hiltzaileak, hain zuzen ere,  istripuak izateko probabilitatea hamaika bider handitzen dituzten faktoreak. Hari horri tiraka, segurtasun-neurriez, istripuen aurrean eman beharreko pausoez eta ezbeharren ondorioez mintzatu ziren, besteak beste. Izan ere, trafiko-istripuak dira gazteen heriotza-arrazoi nagusi, beste zenbaiten artean:  egitasmoaren datuek diotenez, 2019an, 25 urte baino gutxiagoko 5.849 gazte trafiko-istripu batean nahasita egon ziren Euskal Autonomia Erkidegoan. Iazko estatistiken arabera, berriz, 8.625 trafiko istripu izan ziren EAEn; bataz beste, 24 istripu eguneko. Orotara, 51 pertsona hil ziren iaz, eta horietatik 13 oinezkoak ziren.

Bestalde, trafiko-ezbeharrak gertutik bizi ohi dituztenen lekukotzak ezagutzeko aukera izan zuten ikasleek, era birtualean: ertzainaren, suhiltzailearen eta osasun-larrialdietako teknikariaren hitzen bidez ezagutu zuten errepideko ezbeharren gordintasuna. Ibilgailu birrinduen makina bat irudik mahaigaineratu zuten errepidea ez dela txantxetan aritzeko leku aproposa. Horrez gain, Gurutzetako Ospitalea bisitatu zuten, errepidearen alde iluna azaletik bizi duten horien lekukotza jasotzeko, baita senitartekoen mina sentitzeko ere.

Latzak bezain hunkigarriak izan ziren kontaketak, oilo ipurdia jartzeko adinakoak. Larrutik ordaintzen dira errepideko hanka-sartzeak, baita arinenak ere, eta, maiz, itzulerarik gabeko albo kalte fisikoak zein emozionalak eragiten dituzte. Ongi barneratu zuten ikasleek proiektuaren funtsa: “Don't be Dummy. Zuk ez duzu ordezkorik”, alegia, errepidean ez dagoela bigarren aukerarik.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!