"Zugan sinesten laguntzen dizun prozesua da"

Maialen Izagirre, Malen Ezeiza eta Olaia Iraola osasun-langileak dira; EIR eta MIR azterketak egin dituzte, berriki, hainbat urnietarrek. Haietako hiruren lekukotza jaso dugu, nondik norakoak ezagutzeko.

Iruñean elkartu ziren martxoaren 27an Malen Ezeiza, Maialen Izagirre eta Olaia Iraola urnietarrak. Erizainak dira lehen biak; medikua, azkena. Urduri bezain gogotsu ziren, bederatzi hilabete inguruko ikasketa-prozesuak emandako gorabeherak soinean, lau orduko azterketa egiteko prest. Beste hainbat urnietarrek legez, MIR eta EIR azterketak izan zituzten orain hilabete pasatxo; osasun-langile profesional izateko bidean, aurrerapauso handia eman zuten. Medikuntzako ikasleen kasuan, beharrezkoa da azterketa hori egitea osasun-sistema publikoan lan egiteko. Aldiz, erizaintzako ikasleek urnibertsitatea amaitu bezain pronto dute aukera lan mundura jotzeko. Nolanahi ere, emagin izateko, nahitaezkoa da EIR azterketa egitea.

Orain, nota ofizialak atera berritan, ezusteko atsegina jaso dute hiru gazteek. Iraolak erabakitzeke du espezialitatea, baina gustuko dituen horien artean hautatzeko aukera izanen du. Ezeizak eta Izagirrek emagintzatik jorratuko dute beren bidea.

Noiz ekin zenioten prestaketari?

Olaia Iraola: Gure kasuan, medikuntzako 6. mailaren hasieran hasten da klaseekin akademia. Ni Argentinan nintzen eta erabaki nuen itzuli arte ez nintzela hasiko. Bakoitzaren araberakoa da hori. Pandemia bete-betean, hots, itxialdian, laburpenak egiten egon nintzen. Ekainan ekin nion ikasteari; horrela, bederatzi hilabete igaro ditut gutxi gorabehera.

Maialen Izagirre: Martxoko lehen asteburuan, lehen klase presentzialera joan ginen eta, harrezkero, bertan behera gelditu ziren; etxetik egin dugu guztia, online.

Malen Ezeiza: Hasi ginenean, unibertsitatean ginen oraindik; beraz, azken txanpak zuen garrantzi handiagoa. Lehen asteetan, ez genion hainbeste denbora eskaini.

Nola gogoratzen duzue zuen egunerokoa?

M.I.: Akademiak hiru aldi bereizi zizkigun. Lehenengoan, uztailetik abendura bitartean, lasai xamar ginen, klaseak jarraitzen genituen eta horietan eduki garrantzitsuena azpimarratzen genuen. Azken hilabeteetan, ostera, ahal bezala ikasten eta errepasatzen genuen.

M.E.: Oso pertsonala da ikasketa-prozesua. Nire kasuan, eraginkorragoa naiz goizetan, eta horietan egoten nintzen ordu gehien ikasten. Pandemiak utzi zidanean, liburutegira joaten nintzen. Arratsaldean, ordea, etxean egiten nituen pare bat ordu gehiago. Hala ere, arratsaldeko bigarren zatia niretzat hartzen nuen, ikasketetatik apur bat deskonektatzeko. Nire ustez, garrantzitsua da zeure buruarentzat denbora hartzea.

O.I.: Hasieran, 7-8 ordu ematen nituen ikasten; amaieran, aldiz, dozena bat orduz ere aritu naiz. Askotariko erremintak eman dizkigute, baita ariketa dinamikoak proposatu ere, ikasketa arintzeko. Izan ere, kontua ikastea da, kontzentrazio-maila altua izatea. Ongi eraman dut prozesua. Iluntzeetan, ibilaldi bat egiten nuen, apur bat arnasa hartzeko.

M.I.: Hori da, bai. Garrantzitsua da deskantsua, zeren hurrengo egunean, berriro ere, ordu luzez egongo baitzara ikasten. Igandeak genituen jai, baina gainerako egunetan ikasi egin behar genuen.

Aipatu duzue garrantzitsua dela nork bere buruarentzat denbora hartzea. Zaila egin al zaizue esparru akademikoa sozialarekin kudeatzea?

M.E.: Iragan uda, aurreko urtetakoekin alderatuta, oso bestelakoa izan da. Hori, modu batera edo bestera, lagungarria izan da, erraztu egin digulako bi alderdiak uztartzea.

O.I.: Koronabirusak eragina izan du horretan. Izan ere, lagunek ezin zituzten makina bat plan egin, lanetik etxera eta etxetik lanera joaten baitziren. Gure lana ikasketa izan da. Ez zait zaila egin bi alderdi horien artean muga ipintzea. Gainera, jaieguna, igandea, ongi aprobetxatzeko aukera izan dut.

M.I.: Itxialdia aukera ona iruditu zitzaidan ikasteko. Gainera, Malen nuen ondoan eta gauza bera egiten ari ginen egunero. Eginbeharrak zein ziren argi genuenez, errazagoa zen egunerokoa antolatzea. Nire kasuan, pandemia egoera medio, naturara bideratu dut aisia eta oso mesedegarria izan da.

O.I.: Horrez gain, fase-aldaketa baino lehen, opor-egunak genituen. Eta egun horiek baliagarriak izan dira pixkanaka-pixkanaka joateko.

M.E.: Hori da, prozesu luzea izan arren, helburu txiki asko daude tartean eta horiek ematen dizute indarra eta motibazioa; eskerrak.

Gorabeheratsua izan al da prozesua?

O.I.: Prozesuari ekin aurretik, beldur handia nion. Gogoan dut ikasten hasi aurreko eguna ez zela bat ere ona izan. Aitzitik, espero nuena baina mila aldiz hobeto bizi izan dut prozesua.

M.E.: Ez dut, sekula, zalantzan jarri ikasteko motibazioa, edota ez dut prozesua alboratzeko tentazioarik izan. Bada gorabeheratsua, hilabete luzez aritzen zarelako horretan buru-belarri. Halaber, maiz errepikatzen genion geure buruari azterketara ezin ginela guztia ikasita joan. Apur bat horri eusten genion. Izugarri ari ginen prestatzen, eta lor genezaken horretan guztia lortuko ez genuela jakin arren, argi genuen: aurrerapauso handiak ematen ari ginen.

M.I. Motibatuta bezain beldurtuta nintzen ni hasiera batean. Akademian, geure buruan sinesteko esaten ziguten, egoera perspektibarekin ikusteko, alegia. Gainera, orain arte, esparru-akademikoan guztia jakitera ohituta ginen, baina azterketa honetan ez duzu zertan guztia jakin. Ideia gakoak ezagutu behar dira. Hasieran kosta egiten da baina hori ere ikasten da prozesuan.

O.I.: Larunbatetan, hasiera-hasieratik, simulakroak egiten genituen medikuntzako ikasleek. Ez gaude ohituta azterketa bat egitera hutsaren hurrengoa jakinda. Hasieran, ezer jakin gabe egiten dituzu azterketak, unibertsitatetik oroitzen dituzun kontzeptuekin. Akademiako irakasleek psikologo-lana ere egiten zuten, maiz errepikatzen zigutelako denborak aurrera egin ahala emaitza hobeak lortuko genituela. Eta horrela zen, izugarrizko poza ematen zuen simulakroetan emaitza ona ateratzeak.

Psikologikotik asko du azterketak, ezta?

M.I.: Bai, eta izugarrizko laguntza izan da Malenekin batera prestatzea. Ez dakit nola emango nukeen nik bakarrik prozesua. Babes handia eman dit.

M.E.: Horrelaxe izan da niretzat ere. Izugarria da hain ondo ulertzen zaituen norbaitekin esperientzia partekatzea, zeren prozesuan sartu ezean, urrun gelditzen den bizipena baita. Elkarri indarra eman diogu.

O.I.: Nire kasuan ez dut gertuko inorekin partekatu. Egia da jende askok erabakitzen duela batera ikastea. Argi nuen etxean ikasi nahi nuela, bakarrik, konparaketetan ez jausteko. Aisialdia ingurukoekin igaro nahi nuen, benetan, ikasketa-prozesutik kanpo.

Martxoaren 27an izan zen azterketa. Nola oroitzen duzue aurreko eguna?

O.I.: Bezperako eguerdira arte ikasi nuen, alegia, ostiral eguerdira arte. Azken eguna prozesuko lasaiena izan zen niretzat, eta orain urtebete ez nuen, inundik inora ere, horrela irudikatuko. Ordu luzez egin nuen lo; garaiz sartu nintzen ohera eta goizeko 11ak arte ez nintzen jaiki. Azterketa arratsaldeko 16:00etan hasten zen; lasai bazkaldu eta azterketara joan nintzen. Gainera, hasi aurretik, lagunekin elkartu nintzen eta lasai nengoen.

M.I.: Guri ere gomendatu ziguten azterketa aurreko azken 24 ordutan ez ikasteko, deskantsatzeko. Eta horrelaxe egin nuen, nahiz eta zaila izan burutik kentzea. Gertukoekin egon nintzen. Ostiral eguerdian lasaitu egin nintzen banekielako nire esku zegoen guztia egin nuela.

M.E.: Azken egunak aurreikusi baino hobeak izan ziren. Alabaina, prozesuko egun okerrena izan zen bezpera: gogorra. Hala ere, azterketa eguna oso ongi kudeatu nuen. Gogotsu nengoen egiteko, erakusteko lan pila egin genuela. Gure helburu bakarra genekien hori erakustea zen, konfiantza genuen. Lasaitasuna ematen dizu jakitea jokoan zegoena jokatua dagoela jada, eta azterketa egitea besterik ez dela gelditzen.

Ingurukoen berotasuna jasotzea izugarrizkoa izan zen, nire buruarengan konfiantza areagotzea eragin zuen. Oso polita da ikustea zure ingurukoek zugan sinesten dutela; indar horrekin ailegatu ginen azterketara.

M.I. Zurekin daude beldurrak, denbora luzez landutakoa azterketa bakarrean duzulako jokoan. Baina, era berean, izugarrizko gogoa duzu prozesuari amaiera emateko. Urteak pasa zenitzake azterketari bueltak eta bueltak ematen, baina noizbait egin behar duzu. Azterketatik ateratzean, gaizki sentitu nintzen, zaila izan baitzen.

O.I.: Prozesuan, mundu guztiak dauka zugan konfiantza; baina zu ez zaude horren ziur. Nik errepikatzen nien bezperan gertukoei azterketa ongi egin nahi nuela, ez soilik niregatik, baita beraiengatik ere. Zor niela sentitzen nuen. Gainera, azken astean, etxekoekin soilik harremantzea erabaki nuen, pandemia dela-eta. Hala ere, jendea etortzen zen atarira lore-sortaren batekin edota gozoekin, eta indar handia ematen zidan horrek.

M.E.: Konfinatu behar izanez gero, ezin genuen azterketa egin. Ondorioz, nahiko zorrotz jokatu behar izan genuen amaieran. Urtebeteren ostean, zure azken nahia da azterketa egunean etxean gelditu behar izatea. Baina azken uneak dira kritikoenak eta gertukoen babesa jasotzeko premia duzu. Beraz, gogorra izan da distantzia soziala mantendu behar izatea.

M.I.: Hala ere, iritsi zitzaigun ingurukoen berotasuna.

Nola oroitzen duzue azterketa ondorengo aldia?

M.E.: Jende askok esaten zigun gorputzaldi txarrez irtengo ginela azterketatik. Beraz, aurreikuspenak ezkorrak baziren ere, ezusteko atsegina eman nuen. Azken asteetan neure buruari behin eta berriz errepikatzen nion helburua ahal nuen guztia ematea zela. Simulakroetan ikusi dugu: zailagoak edo errazagoak izan daitezke azterketak, baina gakoa ahalik eta ondoen egitea da. Akademiako azterketetan emaitza onak jasotzeak ere bultzada ematen dizu. Zaila izan zen gure azterketa, baina argi nuen nekien hori adierazi nuela. Beraz, lasai irten nintzen.

O.I.: Aurreikusitakoa baino zailagoa egin zitzaidan azterketa. Gainera ondorengo aldi hori idealizatu egiten duzu. Sentsazio arraroarekin atera nintzen ni. Gau horretan bertan, hamaika buelta eman nizkion buruari, baina, ondoren, notak esan arte, nahiko lasai egon naiz.

M.I.: Gustura nengoen amaitu zelako. Baina duda asko sortu zitzaizkidan gero. Gaizki egin nituen horiek frustrazioa eragin zidaten. Akademiak azterketa zuzendu zuen egun bereko gau horretan bertan, ofiziala izan gabe, ikasleok gutxi gorabeherako nota jakin genezan. Ez nuen asmorik baina azkenean nire erantzunak erregistratu nituen. Erantzunak jende gutxik sartu arren, posizio onean nintzen, eta, egunek aurrera egin ahala, pozgarria zen postua are hobea zela ikustea.

Hiruek lortu duzue azterketa gainditzea eta plaza eskuratzea.

O.I.: Ez dakit zer aukeratu, baina familia-medikuntza gustuko dut, baita psikiatria edo barne-medikuntza ere. Hala ere, oraindik hainbat gauza baloratu behar ditut. Gustuko dudan espezialitatean sartzeko aukera izango dudala uste dut. Nire ikaskideek ez dute argi zein espezialitate egin. Betidanik gustatu izan zait atzerrira joatea, baina lauzpabost urteko espezialitateak dira, eta nik nire etorkizuna Euskal Herrian kokatzen dut. Beraz, Donostiara mugatu gabe, hemendik gertu egiteko asmoa dut. Pena emango dit kanpora ez joateak, baina 30 urterekin bukatuko dut erresidentzia.

M.I.: Malenek eta biok ez daukagu argi oraindik. Informazioa bildu behar dugu. Argi dugu zein espezialitate egin nahi dugun; beraz, ikusi nahi dugu ea hori non garatzen den modu berezian, bereziki, gehienbat, bi urte hauei zukua ateratzeko. Neuk ere etorkizuna Euskal Herrian kokatzen dut, baina ez diot aterik itxiko kanpoan bizitzeko aukerari.

Nola definituko zenukete esperientzia?

O.I.: Zugan sinesten laguntzen dizun prozesua da. Hasiera batean, beldurrez josita eta zeure buruari inongo baliorik eman gabe ekiten diozu prozesuari. Pixkanaka, indartu egiten zara, eta, amaieran, zeure burua baloratzen ikasten duzu. Indar handia ematen dizu gai zarela ikusteak.

M.I.: Ingurukoengandik erraz jasotzen duzu konfiantza, baina ikasi behar duzu hori zuk zeure buruari ematen, zu zarelako, finean, orduak eta orduak pasatzen dituena ikas-liburuen parean.

M.E.: Akademian hasieratik esaten digute, ikasteaz gain, zeure buruarengan konfiantza izatea dela azterketa ondo egiteko gakoa. Hilabete luzez bizitako prozesuari amaiera ona ematea izan da helburua, eta, horretarako, ezinbestekoa izan da geure buruan sinestea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!