“Erabilera informalak berebiziko garrantzia du euskalduntze-prozesuan”

Aiurrik Ihintza Tellabide Amunarrizekin eta Maite Villasante Gomezekin hitz egin du. Urnietako AEK-k Zilegi Eskola proiektua jarri berri du martxan, euskararen erabilera esparru informalean ere sustatzeko.

Erdi Aroan, Urnieta, Hernani nahiz Astigarraga inguruan, aski ezagunak ziren Zilegi mendiak, jabetzarik gabeko lursailak. Eremu horiek erabiltzen zituzten herritarrek abeltzaintzarako, baita nekazaritzarako ere. Gune herritarra zen eta nork bere erara ateratzen zion etekina. Hala, amu horri tiraka jarri zion Hernanialdeko AEK-k izena orain ia bi hamarkada sortutako egitasmoari, hain zuzen ere, Zilegi Eskolari. Urnietak berriki eutsi dio erronkari. Ihintza Tellabide Amunarriz Urnietako AEK-ko arduraduna da eta Maite Villasante Gomez, berriz, Zilegi Eskolaren koordinatzailea.

Zertan datza Zilegi Eskola?

Ihintza Tellabide: Praktika-egitasmoa da, Mintzalagun proiektuarekin batera. Zilegi Eskola sortu zen euskararen ikasketa-prozesuan eta, batez ere, erabileran eragiteko; izan ere, euskaltegietan, euskararen ikaskuntza formala egiten da eta erabilera ez formalaren garrantzia argi geratu da azken urteotan. Ezagutzari dagokionez, aurrerapausoak eman ditu jendarteak; alabaina, erronka handia da oraindik ere jendearentzat euskara erabiltzea. Euskalduntzea modu naturalean eman eta erabilera esparru informala sustatu nahi duen proiektua da.

Maite Villasante: Normalean, euskaltegira doan jendea lau pareten artean oso babestuta sentitzen da eta, zoritxarrez, horietako askok ez dute inguruan euskaraz aritzerik. Helburu nagusia euskara euskaltegitik ateratzea eta gune herritarrera eramatea da. Gune horretan ,euskaldun osoak, euskaldun berriak, baita alfabetatu nahi duen euskaldunak ere parte har dezake, eta euskara ez da izango helburua, tresna baizik. Gustuko gauzak euskaraz ere egiterik badela erakustea da xedea eta euskara-ikasleari aukera ematea ikasgelatik kanpo ere euskaraz aritzeko. Hori horrela, gai-emailea dago, baita parte-hartzaileak ere. Hala ere, entzule denak beste saio batean dinamizatzaile izateko aukera du.

Ez dira hitzaldiak, ezta? Saio dinamikoak baizik.

M.V.: Saio dinamikoak dira, erabat. Eredu formaletik apur bat atera nahi dugu; beraz, ez dira hitzaldi edo saio pasiboak, guztion parte-hartzea berebizikoa da. Horrexegatik da proiektuaren leloa "Hartu eta eman".

Aukera polita, beraz, euskaltegiko ikasleak herritarrekin elkarreaginean egoteko.

I.T.: Egitasmoa praktikoa den aldetik, oso interesgarria da euskaraz elkar ezagutzeko gune bat izatea. Gainera, Urnietako lehen Zilegi Eskola gure euskaltegiko ikasle batek eman zuen: Xaboi-tailerra.

Askotariko gaiak jorratzen dira Zilegi Eskolan.

M.V.: Gastronomia, dantza, sukaldaritza, ingurumenari buruzko elkarrizketak, osasunari bideratutako berbaldiak... Makina bat gai jorratu ditugu orain arte. Aniztasun horrek aberasten du proiektua. Gainera, gai-emaileak ez du zertan aditu izan, gustuko zerbait partekatzeko gogoa besterik ez da behar.

Soilik eskualdean gauzatzen den egitasmoa al da?

M.V.: Hori da, bai. AEK-k badauka Mintzapraktika egitasmoa, baina, gehienbat, Mintzalagun proiektuan oinarritzen da hori. Zilegi Eskola eskualdean sortu zen eta, momentuz, Astigarragan nahiz Hernanin dago soilik. Orain, Urnietan ekin diogu Zilegi Eskola egiteari.

Xaboi-tailerrarekin ipini zenuten martxan proiektua.

I.T.: Oso harrera ona izan zuen, arrakastasua izan zen, parte-hartzeari dagokionez. Oker ez banabil, 36 bat pertsona bertaratu ziren, eta horien erdia ez zen euskaltegiko ikasle. Helduak zein haurrak etorri ziren hitzordura. Oso balorazio positiboa egin genuen; jendea gustura gelditu zen. Aurten jarri dugu martxan Urnietan, lehen aldiz. Ikasturtea bukatu baino lehen, beste saio bat egingo dugu. Nahiko genuke epe luzera begira irautea eta, Hernanin eta Astigarragan lez, Urnietan ere ibilbide oparoa izatea.

Bide batez, baliagarria al da Urnietako AEKri ikusgarritasuna emateko?

I.T.: Herriarrentzat erreferentzia bat gehiago izango da Zilegi Eskola, Mintzalagun proiektuarekin batera. Euskaltegian izena emateko premiarik edo asmorik ez duen jendeak ere parte har dezake.

M.V.: Saretze-lana egiteko garrantzitsua da gune egonkor bat egotea. Euskaraz bizitzeko beste modu bat da euskaltegia; ez da soilik klasera joatea. Horixe nahi dugu, instituzionalizaziotik apur bat atera eta gustuko gauzak euskaraz egin.

I.T.: Erabilera informalak berebiziko garrantzia du hiztunen euskalduntze-prozesuan. Hori gabe bada azterketa gainditzerik, baina euskalduntzea zailagoa izango da. Zilegi Eskolak horretarako aukera ematen du.

Beraz, egunerokoan euskaraz mintzatzeko beta eman diezue ikasleei zein herritarrei.

I.T.: Hori da, edozein gairi buruz, edozein testuingurutan.

M.V.: Eta edozelako euskaran, ezta? Euskaldun berria, euskaldun zaharra, gipuzkera, euskara batua... Ez dugu inor ezagutzen euskaltegian soilik euskaldundu denik; aldiz, kalean euskaldundu den jende asko dago. Ideia hori du oinarrian Zilegi Eskola proiektuak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!