“Inoiz baino gehiago animatzen dugu elkar”

Alba Cabrera Jauregi 2021ko mai. 8a, 09:00

Irati Zinkunegi eta Amaia Mellado UKE eskubaloi taldeko jokalariak dira. Arrarotasunetik asko du azken urteak, gehiegi, askoren nahierako. Ezohiko hilabeteak izan dira, baita kirolarientzat ere.

Entrenamenduen antolaketa mugatua, partiden atzerapena, publikorik gabeko harmailak… Itxuraz, hasiera batean, denboraldi oparoa ez bazen ere, erronkari eutsi zioten, besteak beste, Urnieta Kirol Elkarteko eskubaloiko jokalariek: senior taldeko kide da Irati Zinkunegi, eta jubenil-mailan lehiatzen da Amaia Mellado.

Aurtengo denboraldiaren azken txanpan zaudete. Zer moduzkoa izan da?

Irati Zinkunegi: Seniorretan, berriki amaitu dugu liga. Orain, astebeteko atsedenaldiaren ondoren, igoera-fasea dugu jokoan. Hiru asteburuko iraupena izango du horrek: gure taldean, gurekin batera igo da Ereintza hurrengo fasera. Beste taldean, berriz, Zumaia eta Eibar. Beraz, liga laburra jokatuko dugu eta irabazlea Euskal Ligara igoko da.

Amaia Mellado: Jende dezentek utzi zuen ikasturte hasieran uste zuelako aurtengo denboraldian ez zela partidak jokatzerik egongo. Aurten, ez dugu oso emaitza onik lortu. Ez ginen Gipuzkoako Txapelketarako klasifikatu eta, beraz, beste liga batean gaude orain, ahalik eta postu onena lortzeko ahaleginean.

I. Z.: Bai jubenilak, bai gu Gipuzkoan aritzen gara; beraz, ez gara profesionalak. Hasiera-hasieran, lauko taldetan eta musukoak ipinita bildu behar ginen. Gure herria eremu gorrian sartuz gero, bertan behera gelditzen ziren entrenamenduak, baita partidak ere. Beraz, liga izugarri atzeratu zen. Orain, aldiz, posible dugu hori guztia egitea, nahiz eta eremu gorrian izan Urnieta.

Seniorrek igoera duzue jokoan, Irati; eragina izan al du koronabirusak, ligaren antolaketari dagokionez?

I. Z.: Lehengo urtera arte, Gipuzkoako talde guztiak liga bakarrean ginen, eta, aurten, ostera, gertutasun geografikoaren arabera, bi taldetan banatu da txapelketa. Batetik, Eibar, Elgoibar, Zumaia eta Ordizi. Bestetik, Orereta, Egia, Lezo, Irun, Tolosa eta gu geu. Ohiko egoeran, Bizkaiako taldeekin lehiatuko ginateke igoera-fasean, baina aurten nork berea egingo du.

Ez da denboraldi erraza izan, egoera epidemiologikoa medio. Zein egoeratan harrapatu zuen taldea itxialdiak?

I. Z.: Inork gutxi aurreikusi zuen liga bertan behera geratzea. Azken partida besterik ez zen gelditzen, hain zuzen ere, lehen postuan zegoen taldearen aurka lehiatzekoak ginen. Pandemiak moztu zigun ligako une onena, azken partida eta igoera. Nik uste dut horrek jendea motibatu duela denboraldi honetan ere egoteko. Bigarren gelditu ginen eta igoera-fasea jokatu behar genuen, baina ezin izan zen egin; hori horrela, automatikoki, lehen postuan gelditutako taldea igo zen.

A.M.: Gipuzkoako Txapelketa irabaztea lortu genuen. Hala, igoera-fasea asteburu batean jokatu genuen hiru partidetara. Euskal Ligara igo ginen, azken orduko garaipena eskuratu ostean. Hiruzpalau partida jokatu eta pandemia etorri zen; eten egin zigun. Hala ere, ez ginen emaitza onak lortzen ari, eta Urnietako kadeteek ere Euskal Ligan behar zuten gu goian mantentzeko. Maila-aldaketa izugarri nabari zen: guztia irabaztetik dena galtzera igaro ginen. Baina asko ikasi genuen, dibertigarria izan zen.

I. Z.: Izugarrizko marka izan zen jubenilen igoera.

Eta hilabete luzeko geldialdiaren ondoren bueltatu zineten entrenamenduak egitera. Oroitzen al duzue nolakoa izan zen itzulera?

A.M.: Itxialdiaren ondoren, gogo handiz ginen entrenatzen hasteko. Denboraldi honetan, entrenamenduak egiteari aurre-denboraldian ekin genion, hots, abuztuaren amaiera aldean.

I. Z.: Aurreko urteetan astean lau entrenamendu-egun izaten genituen; aurten, berriz, lasaiagoa izan da. Ezjakintasun handia zegoen, ez genekien jokatzeko aukerarik egongo ote zen ala ez. Baina jendea gogotsu zegoen; entrenatze hutsarekin konformatzen ginen. Egoera horretan entrenatzea biziki eskertzen genuen, denbora luzez galarazi digutelako.

A.M.: Lagunartekoa jokatzekoak ginen, gainera; baina beste taldeko kide batek positibo eman eta bertan behera gelditu behar izan zen.

I. Z.: Beste hainbat ekipotan jende-kopuruak behera egin du; gurean, aldiz, motibazio handia egon da hasieratik, asko inplikatu gara jokalariak.

Konfinamenduek asko baldintzatu al du zuen jarduna?

A.M.: Egon dira kasuak, asteburuko zenbait partida bertan behera gelditu izan dira, azken orduan norbaitek positibo eman duelako. Gerora, berreskuratu dira horiek, alegia, atzeratu egin dira partidak. Ondorioz, asteburu bakarrean bi partida ere jokatu izan ditugu.

Nekea eragiten al du horrek?

I. Z.: Geuri ere tokatu zaigu asteburu bakarrean partida bat baino gehiago jokatu behar izatea. Tolosaren aurka, esate baterako, nekatuta ginela nabaria zen, bezperako norgehiagoka zela-eta.

Baldintzatu al dituzte entrenamenduak egoerari aurre egiteko neurriek?

A.M.: Hasieran nekagarriagoa zen, zeren musukoa erabili behar baitzen, baita guztia desinfektatu ere. Orain, partida baino lehen, derrigorrezkoa da tenperatura hartzea. Hala ere, ez dugu musukoa jantzi behar.

I. Z.: Entrenatu, musukoarekin entrenatzen genuen lehen eta, ondoren, partidetan gabe aritzen ginen. Arraroa zen hori. Dutxak ere ez zeuden, eta ez da batere erosoa entrenamendutik zuzenean etxera dutxatu gabe joatea. Lehen, gainera, talde txikitan entrenatu behar genuen, eta mugatu egiten du horrek. Zentzugabea zen, ezin zelako behar bezala entrenatu.

Hutsik daude harmailak partiduetan...

A.M.: Babes handia ematen digu publikoak, eta nabari da hutsunea.

I. Z.: Gainera, gure kasuan, igoera-fasean egonda, tristetzen gaitu. Balabide gehiago dituzten taldeek, adibidez, streaming bidez emititzen dituzte partidak. Gurean, oraindik, ez dugu lortu aukera hori. Dena dela, inoiz baino gehiago animatzen dugu elkar.

Hasiera zaila izan bada ere, nolakoa irudikatzen duzue denboraldi-amaiera?

A.M.: Orain gauden ligan ahalik eta postu onena eskuratzea dugu xede, baita senior taldekoei igoera-fasean ahal bezainbeste laguntzea ere.

I. Z.: Ilusio handiz dago gure taldea. Ekipo sendoa gara. Gainera, helburu argia bezain egingagarria dugu: igoera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!