Erantzukizunez jokatzeko deia, Urnietako Udalaren eskutik

Aiurri 2021ko mai. 10a, 10:02

Atzo sartu ziren indarrean koronabirusari aurre egiteko neurri berriak, alarma-egoeraren amaiera medio. Hori dela eta, Urnietako Udalak erantzukizunez jokatzeko deia zabaldu du asteburuan, izan ere,  "datuek erakusten dute egoerak kezkagarria izaten jarraitzen duela".

Udalaren esanetan, azken egunetako bilakaera positiboa izan bada ere, azken datuen arabera, Urnietak 354,32ko tasa metatua du , "ezarritako helburutik (60ra jaistea) oso urrun". Bide beretik, Gipuzkoako inzidentzia-tasa "kezkagarriagoa" dela jakinarazi du Udalak: 563,53 puntukoa da.

Egoera horretan, Jorge Segurado Urnietako alkateak azken ahalegina eskatu die herritarrei, azken egunetan emandako hobekuntzari jarraipena emateko eta tasa ahalik eta gehien murrizteko: "Datozen asteotako bilakaera erabakigarria izango da, eta ezin gara lasaitu, izan ere, apur bat despistatzen garenean egoerak okerrera egiten du berehala". Horrela, beste behin, erantzukizunez jokatzea eskatu du: "Jendea jakitun da egoera zail baten aurrean gaudela eta guztion
osasuna jokoan dagoela. Gehienek zuhurtziaz jokatu dute: ezarritako neurriak errespetatu dira, eta espero dut aurrerantzean ere herritarrek jarrera bera izatea".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!