"Urnietarrak zein AEK-ko ikasleak elkartu nahi ditugu"

Aiurri 2021ko mai. 13a, 11:48

Mendiaz zein euskaraz gozatzeko hitzordua antolatu du Urnietako AEK-k, Zanpatuz elkartearekin elkarlanean. Hala, Mulisko Gainera egingo dute irteera, ostiral arratsaldean. Aiurrik gehiago jakiteko asmoz, Nerea Zubimendi Urnietako AEK-ko irakaslearekin hitz egin du.

Hitzordu berezia prestatu duzue. Zein da asmoa?

Mendi-irteera antolatu dugu Urnietako Zanpatuz mendi-elkartearekin batera. Ostiralean, arratsaldeko 17:00etan, Besabin elkartzea eta irteera txiki bat egitea da asmoa, hain zuzen ere, Onddi mendiaren magaleko Mulisko Gainera. Historiaurreko hilerria da hori, eta Zanpatuz elkartekoek azalduko dizkigute lekuaren nondik norakoak.

Nori zuzendua dago?

Euskaltegiko ikasleei zein interesa duten herritarrei. Euskara maila nahiko altua izango dela pentsatzen dut, baina ulermenerako zailtasun handiagoa duten kideei azalpen xumeagoa emango zaie, bertaratzen den orok  argi uler ditzan argibideak. Gurean jada jendeak eman du izena, besteak beste, A0 mailakoek, B1 taldekoek, irakasleek eta gertuko jendeak. Baina herritarrak ere etortzeko aukera dute. Izen-ematea irekita dago oraindik: 662 33 87 47 telefonora idatzita edo urnieta@aek.eus helbide elektronikota mezua bidalita.

Mendiaz gozatzeko eta euskaraz mintzatzeko aukera paregabea.

Bai, eta, gehienbat, gure herrian. Urnietarrak zein AEK-ko ikasleak elkartu nahi ditugu, herrian zerbait antolatu. Egia da aurten mugatuta gaudela, egoera epidemiologikoa dela eta; beraz, ezin ditugu klasez kanpoko jarduera asko egin. Ondorioz, gure ikasleak ere ez dira elkar ezagutzen, ez direlako ikusten euskaltegian. Hori horrela, horrelako ekintzekin jendea ezagutzeko aukera dago, euskal giroan. Gainera, gure zenbait ikaslek ez dute Mulisko Gaina ezagutzen; aukera polita da ostiralekoa, hortaz.

Aberasgarria da zuentzat herriko elkarte batekin elkarlanean hitzordu bat antolatzea, ezta?

Bai. Izugarri eskertzen da, edozein irteera antolatzeko prestutasuna erakutsi digute. Aurrera begira, interesgarria litzateke horrelako hitzorduak antolatzeko aukera izatea, elkarlanean.  Zanpatuz elkarte euskalduna da, eta aberasgarria da bertako kideek ikasleei beraien jakintza euskaraz partekatzea.

Zergatik da garrantzitsua horrelako irteerak antolatzea?

Saretzeko premia du Urnietako AEK-k, alegia, herrian garrantzi handiagoa izateko beharra. Horrela, eragileekin, baita hainbat elkarterekin ere ekintzak prestatzea aberasgarria izango da ikasleentzat, herritarrentzat eta guretzat.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!