Maider Iriberrik irabazi du Bidaiateka lehiaketa

Aiurri 2021ko mai. 21a, 08:47

Urnietako Gazte Informazio Puntuak Bidaiateka lehiaketa jarri zuen martxan apirilean, herriko gazteen mugikortasuna sustatzeko. Lehiaketa horren bidez, azken urteotan bizitako esperientzia interesgarrien berri emateko aukera dute gazteek, bai eta sariak eskuratzeko beta ere. 

Instagram bidez gauzatu da lehiaketa eta Buruntzaldeko 16 urtetik gorako herritarrek hartu dute parte. Parte-hartzaileen artean, apirilaren 23ra bitarte “atsegin dut” gehien lorturiko hiru kideek lortu zuten azken fasera igarotzea: Ane Otaegik, Maider Iriberrik eta Imanol Fernandezek, hain zuzen.

Bost minutu inguruko iraupena zuen bideo bat prestatu zuten ondoren hirurek, eta Gazte Informazio Puntuko Instagram kontuan lorturiko bistaratze eta “atsegin dut” kopurua zein epaimahaiaren puntuazioa kontuan hartuta Maider Iriberri izan da lehiaketako irabazlea. Honakoa da sailkapena:

  • 1.postua: Maider Iriberri (300 euro)
  • 2.postua: Imanol Fernandez (200 euro)
  • 3.postua: Ane Otaegi (100 euro)
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!