Orain bederatzi bat urte joen zen Marta Ollacarizqueta andoaindarra Euskaldunatik Urnietako Kirol Elkartera. Ane Dominguez urnietarrak, ostera, zazpi urte eman ditu Urnietan, Añorgan eta Euskaldunan aritu ondoren. Taldeko beteranoak dira, taldearen iparrorratz. Aurtengoa ez da, baina, ohikoa izan: ez da jaitsiera-faserik izan; bai, ordea, Euskal Ligarako igoera. Dena dela, beren taldeko laugarren postua lortu dutenez gero, asmatu berri den kopan lehiatzen hasiko dira, aurki. Lehen geldialdia, Intxaurdiren aurka. Amaiera ona ematea espero dute, zeren eta inoiz aurreikusi ez bezalako egoeran esango baitiote agur futbol-ibilbideari.
Amaitzear da aurtengo denboraldia. Atzera begira jarrita, nolakoa izan da?
Marta Ollacarizqueta: Apur bat arraroa izan da. Aurre-denboraldia abuztuan hasi genuen, aurreko urteetan baino zertxobait beranduago. Hiru hilabetez egon ginen entrenatzen, jakin gabe lehiaketa noiz zen hastekoa. Jarraian, etenaldia egon zen, pare bat hilabetekoa. Ondoren, entrenamenduei eutsi genien berriro ere, eta otsailean hasi zen denboraldia; borondatezkoa zen parte-hartzea, alegia, zenbait taldek erabaki dute aurten ez lehiatzea.
Zuek, ordea, parte hartzea erabaki zenuten.
Ane Dominguez: Halaxe da. Batzuek zalantza genuen aurtengo denboraldia hasi ala ez. Baina Aitor entrenatzailea tematu egin zen lehiatzeko, eta, beraz, egoera epidemiologikoak ahalbidetu zuenean hasi genuen txapelketa.
Inork gutxik aurreikusi zuen itxialdia. Zein eragin izan zuen zuen taldean?
A.D.: Joan den urtean, erdizka gelditu zen denboraldia. Gazi-gozoa izan zen amaiera.
M.O.: Guztiok harrapatu gintuen ezustean, bai futbolean, bai egunerokoan. Egia esan, nahiko gustura ginen emaitzekin; ez zen gure denboraldi onena izaten ari, baina, behintzat, lehian ginen. Gainera, entrenatzaileen azken urtea zen. Elkar agurtzeko era tristea izan zen.
A.D.: Finean, aurten jende gabe egon gara. Ez da jokalaririk egon, eta aurreko denboraldiaren amaierarekin zerikusia duelakoan nago. Ez aurrera ez atzera gelditu ginen iragan denboraldian, eta utzi egin du jendeak futbola.
Zein nolako eragina izan zuen zuongan geldialdiak?
M.O.: Niri itxialdia ongi etorri zitzaidan, neraman gehiegizko bizi-erritmoa medio. Bestalde, gure egunerokoa moldatu behar izan genuen eta aldaketa horien artean sartzen zen futbola. Aurretik egin ezin nituen hamaika gauza egiteko aprobetxatu nuen itxialdia
A.D.: Neu ere egoera berean izan nintzen. Oso gustuko dut kirola egitea, eta, hortaz, futbolean aritu ezin arren, beste kirol batzuk egiten nituen.
Nolakoa izan zen etenaldi luzearen ostean entrenamenduetara itzultzea?
M.O.: Denboraldia bukatutzat jo zen itxialdian. Baina uda izan zenez, birusari dagokionez, egoera apaleko aldia, iragarri zuten denboraldiari ekingo geniola, nahiz eta ez jakin noiz zehatz mehatz. Entrenamenduak berriro hartzeak pandemia aurreko bizitzarekin gogoratzea ekarri zigun. Gainera taldeko kirola da, eta elkar ikusteko aukera ematen zigun horrek.
A.D.: Izugarri eskertu nuen entrenamenduekin hastea, jendearekin egoteko. Hutsetik hasi behar izan dugu aurtengoa, gainera.
Izan ere, etenaldiaren ostean, denboraldi berrian, oso bestelako talde batekin egin zenuten topo.
A.D.: Nabarmen aldatu da jokalari zein entrenatzaile aldetik. Azken urteotan talde trinkoa izan dugu. Aurten, ia jokalari gabe ginen hasieran, eta gure egoera berean ziren Trintxerpeko jokalariekin elkartu gara taldea osatzeko. Denborarekin, areagotu da gure arteko konfiantza eta talde-izaera sendotu dugu apur bat, nahiz eta lehen bezainbestekoa ez izan.
M.O.: Aurtengo denboraldia ahal moduan salbatzea izan dugu helburu, lehia galdutzat ez emateko. Nire azken urtea dela jakinda, pena ematen dit ez izatea betiko taldekideekin. Entrenatzailearentzat, saiakerak saiakera, ez da urte erraza izan.
Zaila izan al da talde-izaera egonkortzea?
M.O.: Gugana jo dute, taldea osatzeko nahikoa jokalari izan ez arren, jokatzeko gogoz zirelako. Motibazio handia dutela ikusita, erraza izan da. Beren helburua ondo pasatzea eta jokatzea zen; gurea bezalaxe. Konplexua izan da, entrenamendu gutxi eta zazpi partida izan direlako, baina helburua lortu dugu.
A.D.: Taldea egonkortzea eta ongi pasatzea izan da aurtengo helburua. Konplexua izan da pandemiak eragindako egoera, eta, sikiera, arnasa hartzeko baliagarria izan zaigu.
Areagotu al dira lesioak?
A.D.: Bai. Ni neu lesionatuta nago: gaizki dut orpoa, eta, atzera begira jarrita, ez dut sekula lesio nabarmenik izan. Touring taldearen aurkako norgehiagokan izan zen, erorialdi txar baten ondorioz. Hala ere, lehenagotik ahul nuen hanka. Osasun-frogak noiz egingo dizkidaten zain nago orain.
M.O.: Egon dira lesioak, eta etenaldiak ziurrenik eragina izan du horretan. Dena dela, gutxi gara eta jolakari bakoitzaren osatze-denbora ez da nahikoa izan; horrexegatik egon dira berrerortzeak, hots, erdizka osatutako jokalariak, behar baino lehen hasi behar izan dira berriro jokatzen. Horrek eragina du.
Ibilbide luzeko azken geldialdia duzue biek ala biek aurtengoa.
M.O.: Oso etapa polita izan da, baina jada bukatutzat eman nahi dut. Nahiago dut zapore gozoarekin gelditu, luzatuko banu, erreta amaituko bainuke. Beste lehentasun batzuk ditugu orain bizitzan, beste motibazio batzuk. Urte asko igaro ditugu futbolean, baina zerbait berriari ekiteko garaia dugu orain.
A.D.: Hori da, izugarrizko pena ematen dit denboraldia horrela bukatzea, baina neuk ere nahiago amaitutzat eman. Gizonezkoetan ez bezala, emakumezkoetan adin-tarte nabarmena dugu ekipoan. Belaunaldien arteko salto nahiko handia dago gure ekipoan, eta, oro har, emakumeen taldeetan. Martak eta biok, esaterako, 25 urte egingo ditugu aurten, eta zortzi urte gaztegoa den jendearekin, hots, 17 urteko nerabeekin jokatzen dugu;nabari da hori. Bizitzako aldi ezberdinak bizi ditugu ekipoa osatzen dugun jokalariek, adinak baldintzatutako oso bestelako bizi-planak.
Ezer gutxi falta da denboraldia amaitzeko. Zein aurreikuspen egiten duzue?
A.D.: Nire erronka pertsonala hanka osatzea eta taldekideei ahalik eta gehien laguntzea da. Talde gisa, horrela jarraitzea eta ahalik eta partida gehien irabaztea, ez baita batere erraza, egoera dela-eta.
M.O.: Kopa irabaztea litzateke idealena baina, batez ere, hemen pasatako urteei amaiera ona ematea da helburua.