Elkartasun zubia

Alba Cabrera Jauregi 2021ko mai. 22a, 09:00

Juanma Balerdi Euskal Fondoa elkarteko zuzendaria

Bi hamarkada bete dira aurten Urnietako Udalak Euskal Fondoa elkartearekin elkarlanean jarduteari ekin zionetik. Harrezkero, hamaika proiektutan lagundu du, guztiak lankidetza oinarri.

Udalgintza du oinarri Euskal Fondoak bere jardunean, udalgintza eta elkartasuna. Orain lau bat hamarkada sortu zen elkartea, eta tokiko udal izaera duten erakundeekin eta aldundiekin egiten du lan, hain zuzen ere, 117 bazkiderekin. Juanma Balerdi da elkartearen gidari nagusi: “Udalgintza dugu ardatz, alegia, udalen bidez garapen proiektuak gauzatzen ditugu nazioartean; horretarako tresna gara”.

Guatemala, El Salvador, Mendebaldeko Sahara, Kuba eta Nikaragua dituzte abiapuntu, besteak beste. Ildo beretik, tokian tokiko premietara egokituta egiten dute lan, bertako errealitateaz jabetuta, eta ahalmenen zein baliabideen arabera sortzen dituzte harremanak. Hala, euskal udalgintza nazioartearekin uztartzen dute, eta “diru laguntzetatik harago” doala aitortu du Balerdik, “elkartrukea ematen da: esperientzien, zerbitzuen eta programen uztartzea, elkarrengandik ikasteko”. Beste hainbatek legez, duela 20 urte ekin zion Urnietak hartu-emanari Euskal Fondoaren eskutik eta, harrezkero, konpromisoz eutsi dio erronkari: aurten, Kuba, El Salvador eta Mendebaldeko Sahara izango ditu udalak hizpide.

Habana, Kuba

“Inguruko herrialdeekin alderatuz gero”, azaldu du elkartearen zuzendariak, “abantailak zein indarguneak dituen herrialdea da Kuba”, baita giza baliabideei dagokionez ere, zeren eta “bide-urratzaile” baita bai hezkuntzan, bai osasungintzan. Aipatutako bi esparru horietan makina bat aditu baditu ere, espezializazio ezaz mintzatzea garrantzitsua begitantzen zaio zuzendariari; esaterako, haren esanetan, adinekoei bideratutako osasungintzan, ez dituzte alor jakin horretarako baliabide berezituak: “Gurean, adinekoen osasuna eta giza arreta uztarturik daude, eta horren arabera artatzen dira herritarrak: etxez etxeko arretatik hasi eta egoitzetara bitarte”.

Tutoretzapeko etxeen aferari dagokionez ere, ez zuten inolako eskarmenturik “zahar-etxeak zituzten soilik, eta askotariko egoerakoak”. Eta garrantzitsua deritzo zuzendariak arreta-motak bereizteari, haren aburuz, ez baita gauza bera laguntza osoa behar duen pertsona bat edo  hain menpekoa ez den beste bat. Ondorioz, hutsune horri erantzun asmoz, azken 20 urteetan “kubatar erara zerbitzu horiek sortzen eta egituratzen” aritu da Euskal Fondoa, hots, zerbitzuak ezberdintzen eta espezializatzen, baita aferarekin zerikusia duten erakundeetan eragiten ere.  

Alabaina, euskaldunek kubatarrengandik zer ikasi badutela nabarmendu du zuzendariak. “Hemen zahar-etxeek erregimen ospitalarioa dute kasik; han, ostera, biziagoak dira”. Halaber, animazio soziokulturala sustatzen dute Habanan: garapen kognitiboaren galerari aurre egiteko entrenamenduak egiten dituzte; papiroflexia, tai ji eta xakea.  “Guri arrotzak zaizkigu horiek”, uste du Balerdik, “zur eta lur gelditu zen jendea jakintza horiek guztiak hona ekarri genituenean”.

Bere jarduteko esparrua osasunari bideratutako zentroetara zedarritu gabe, auzoan, lurraldean, nola eragin pentsatzea du orain helburu elkarteak. Horri lotuta, egitasmoaren dinamikotasuna nabarmendu du Balerdik, “egoeraren arabera egokitzen ditugu proiektuak”. Eta horixe da azken urtean, pandemiaren etorrerarekin egin behar izan dutena, egokitu. “Urte eta erdian hemengo osasun-sistemak hartutako eskarmentua partekatu nahi diegu; bisitak nola egin, jakiak eta lan-tresnak nola manipulatu, desinfektatu eta abar”. Horretarako nahitaezkoak diren baliabideak ere ipini nahi dituzte kubatarren eskura. Finean, beste behin, logika bati jarraiki, zerbitzuak sortu, daudenak hobetu eta ahalik eta eremu zabalenean eragina izan nahi du Euskal Fondoak.

Zortzi udalerri, El Salvador

Hiruzpalau udalerritan martxan jarritako proiektu pilotu batekin lur hartu zuen Euskal Fondoak El Salvadorren, 2004. urtean. Gerra zibil baten biharamunean zegoen herrialdea, emakumeek parte-hartze aktiboa izan zuten guda batean, hain zuzen. Nolanahi ere, antolakuntza aldetik, emakumeen borroka-estrategiak bigarren mailan gelditu ziren; bakea, lehenik; emakumearen auzia, ondoren. Hari horri eutsi zion, beraz, elkarteak, tokiko eragile feministekin elkarlanean, borroka horiek erakundetzeko. “Antolakuntza aldetik, oso aberatsak ziren” du gogoan zuzendariak, “batez ere, mugimendu ezkertiarrean. Beraz, ikusi genuen gerran parte hartutako mugimenduek bazutela ahalmena aldarrikapenak udaletxeetara eramateko”. 
Gauzak horrela, esperientzia aitzindari horietatik sortutako gida-liburuak eta protokoloak abiapuntu garrantzitsua izan ziren: 2009. urtean berdintasun-lege bat onartu zuen El Salvadorreko Gobernuak, hein batean, elkarteak egindako lanari esker. Halaber, eskukada bat udalerritan hasitako egitasmoa, bost bat urteren ostean, probintzia osora zabaldu zuten; orotara hamazazpi udalerritan hasi ziren lanean, baita horien arteko saretze-lanetan ere. Egun, zuzenki zein zeharka udal-plangintzetan landu beharreko gaia da parekidetasuna, derrigorrezkoa da auziari bideratutako aurrekontua izatea eta baliabide teknikoak ipini behar ditu agintaritzak herritarren eskura.

Edonola ere, elkartearen jarduna ez da soilik horretara mugatzen, beste lan-ildo batzuk ere badituzte El Salvadorren. “Latinoamerikan, bataz beste, eguneko hiru bat ordu igarotzen ditu familia batek ura etxeratzeko lanetan”, azaldu du zuzendariak. Zeregin hori, maiz, emakumeena izan ohi da; horregatik, buru-belarri dihardu Euskal Fondoak horretan ere, esparru horretan emakumearen ahalduntzea emateko, eta uraren kudeaketari dagokionez, erabakiguneetan parte-hartzaile aktibo izateko.  

Aurrera begira, ia bi hamarkadako esperientziak probintzietatik estatura salto egitea du helburu elkarteak. Horretarako, bertako emakume eragileen gidaritzapean, elkarrengandik oso bestelako ezaugarriak dituzten zortzi herri zehaztu ditu, San Salvadorren erreferente den Emakumearen Etxearen gisako egitasmoak sustatzeko. 
Esanak esan, proiektu konplexua dela uste du Balerdik, epe luzeko ikuspegiaz erreparatu beharrekoa: “Ahalduntze prozesu bat ez da bi egunetan egiten, eta horren eskarmentua dugu hemen. Gurean, aurrerapausoak egon badira ere, parekidetasun arazoek jarraitzen dute, baita kolektibo jakin batzuekiko mespretxuzko jarrerek ere”.

Tinduf, Mendebaldeko Sahara

Daira deitzen zaie herriei Mendebaldeko Saharan; probintziei, aldiz, wilaya. Bada, 90. hamarkadaren bueltan sortu ziren lehen senidetze-harremanak Euskal Herriko herrien eta dairen artean. Horren ondorio dira, besteak beste Saharako haurrei zuzendutako udako egonaldiak: haurrak ziren bertan gertatzen zenaren bozeramale, elkartasuna eta Sahara herriaren borroka bizirik mantentzeko gako. Hartu-eman sinboliko horietatik harago jotzeko premia ikusi zuen Euskal Fondoak, izan ere, udalerrien borondate ona nabaria zen, baina garrantzitsua zen elkartasuna toki jakin batzuetara ailegatu baino, lurralde osora iristea.

Hori horrela, Sahara Koordinazio Unitatea sortu zuten, legebiltzarreko alderdien onespenaz, baita zenbait erakunderen babesarekin (Eudel eta Emakunde, tartean): batetik, koordinazio unitate gisa jarduteko; bestetik, Frente Polisarioaren eta elkarteen arteko zubi-lana egiteko; eta, azkenik, erakundeen lotura artikulatzeko. Indarrak bateratzea beharrezkotzat jo zuen elkarteak, zuzendariaren aburuz, senidetzeak dakarren balio sinbolikoaz gain, laguntza humanitario sakona gauzatzeko: “Bertako agintariekin eseri ginen, beraz, epe luzera begira zituzten premiak entzuteko”. 
Kanpamenduak bizirik mantentzeko garraio publikoaren beharra nabarmendu zuten bertako buruek, pertsonak zein lehengaiak toki batetik bestera mugitu ahal izateko. Hortaz, 2002. urteaz geroztik garraio-azpiegitura sendotzea du helburu Euskal Fondoak. “Ibilgailuen mantenuari” ere erreparatu behar zaiola gogorarazi du Balerdik, “gainera, baldintza horietan oso mantenu gogorra dute”. Azpiegitura bereziz hornitu behar dira ibilgailuak. Lehen, Balerdik adierazi bezala, “arazo handia” zuten gasolinarekin, bidoietan garraiatzen zuten eta desertuko harea sartzen zitzaien deposituetan, ibilgailua izorratzeraino: “Beraz, basamorturako berariaz sortutako gasolindegiak sortu genituen Euskal Herrian”. Hori ez ezik, mantentze-lanak egiteko tailerrak ere egin zituzten eta sahararrak (gizonak zein emakumeak) konponketa-lanetan trebatu.

2021. urteko proiektuaren funtsa erakunde publikoen eguzki-sistemak eta sorgailu osagarriak mantentzeko eta konpontzeko unitate mugikor bat hornitzea da; urtez urtez aletxo bat ipintzen dio Euskal Fondoak, eta horixe da aurtengoa. 

Urnietako ekarpena hiru lurraldetan

Udalgintzatik eta udalgintzarentzat egiten du lan Euskal Fondoa elkarteak. Hamaika borroka erakundetzea du xede, besteak beste. Eta, horretarako, beharrezkoa du euskal udalerrien laguntza, nazioarteko makina bat txokoren errealiteekin hartu-emana sortzeko. Esperientziak zein jakintzak uztartzeko, ezagutzeko eta ezagutarazteko. Finean, emateko eta jasotzeko. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!