Egoerak egoera, Bertsozale elkarteak urteroko erronkari eutsi nahi izan dio: Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketari. Azken txanpan da lehiaketa, eta hilaren 28an Urnietako Saroben bilduko dira errimen maitaleak, ezohiko finala gozatzeko asmoz. Eneritz Artetxe Eizagirre elkarteko kideak azaldu ditu nondik norakoak.
Atzera begira ipinita, ez da ohiko txapelketa izan, ezta?
41 urte bete ditu aurten Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketak. Azken urteetan, bertso-afari formatuan egin izan ditugu bai kanporaketak, bai finala. Esango nuke aurtengo aldaketa nabarmenena horixe izan dela. Iazko Eskolartekoa ere aretoetan amaitu behar izan genuen, pandemia etorri zenean hasita baikinen. Aurten ere ezinezkoa izan zaigu bertso-afari formatuari eustea, elkarteak itxita zeudelako eta jatetxeek ordutegi murriztua zutelako.
Ikus-entzuleei dagokionez, eragina izan al du koronabirusak kopuruan?
Jaitsi da, bai. Lau kanporaketa izan dira orotara, bada, lau horietatik hiru ospatu dira eremu gorrian ziren herrietan. Hala, bertakoek bakarrik izan dute aukera joateko. Baina, dena dela, areto txikiak bilatu nahi izan ditugu, bertsolari gazteak izanik, eremu goxo batean senti daitezen.
Gustora aritu al dira bertsolariak?
Xelebrea izan dela diote. Finean, bertso-afariekin alderatuta, arraroa da. Ezberdina da mahai bueltan kantatzea edo oholtzan aritzea bertsotan. Horregatik, oholtza txikiak bilatzen saiatu gara. Bertsolariek bazekiten sariketa egiteko modu bakarra horixe zela, eta ez egitea baino gehiago nahiago izan dute formatu horretan abestu.
Nola eragin du bertso-eskolen dinamikan pandemiak?
Batez ere, eskola barruan egiten diren haurren bertso-eskolei eragin die, izan ere, bertako protokoloek ez dute gauzatzea baimendu. Ondorioz, hainbat herritan, Urnietan, kasu, ezin izan da horrelakorik egin. Aldiz, eskolaz kanpoko bertso-eskolak, oro har, mantendu dira, eta saiatu gara egoerara egokitzen.
Dena den, lortu duzue Eskolarteko txapelketa egitea. Zergatik da garrantzitsua?
14-18 urte bitarteko gazteek hartzen dute parte. Egun, oholtzaz oholtza aritzen diren bertsolari ezagun asko igaro dira Eskolarteko Txapelketatik. Horregatik, gazteentzat ere bada erakusleiho, bertsolari gazte askorentzat Eskolartekoa da lehen plaza. Horrez gain, gazteen artean sortutako harreman-sareak badira etorkizunean bertso-mugimenduari eragingo dioten hartu-emanak, izan plazaz plaza batera arituko direlako, izan bertsozaleak izango direlako.
“Gu bertsotan” proiektuaren eskutik hamaika ikastetxetako ikaslek dute tartea bertsolaritzatik eta bertsolaritzaz jarduteko?
Hezkuntza arautuan gauzatutako egitasmoa da, ia Gipuzkoa osoko herriek parte hartzen dutena: orotara, 15 irakaslek ia 12.000 bat ikasleri ematen diete klase Gipuzkoan. Oinarrizko ezagutza zein zaletasuna eskolan lantzen da egitasmoaren bidez, eta jarraitu nahi duenak bertso-eskolara egiten du salto. Lehen, etxeetan, bertsozaletasuna transmititzeko aukera gehiago zegoen; aldiz, gaur egun, ikasle askok lehen harremana bertsolaritzarekin proiektu horren bidez dute.
Bertso-udalekuetan ere bada euskaraz eta bertsolaritzaz gozatzerik.
Urtero antolatzen dira, nahiz eta egoera medio, iaz ezin izan genituen egin. Alabaina, arrakasta itzela izan ohi dute berto-udalekuek. Aurten, bi izen-emateko txanda daude: oraintxe amaitu berri da bertso-eskolako ikasleen zein Bertsozale elkarteko kideena; aurki, berriz, bigarren deialdia irekiko da, hortik kanpoko edozeinek eman dezan izena. Iragan urtean ikasle asko gelditu ziren bertso-udalekuetako gogoz. Eskolartekoak betetzen duen xedeetako bat betzen dute udalekuek ere: Euskal Herri osoko bertsozale gazteak elkartzea.