Poxta Zahar elkartearen egitaraua asteburuari begira

Aiurri 2021ko mai. 27a, 10:49

Maiatzaren 29an, larunbata, bi hitzordu berezi antolatu ditu Poxta Zahar elkarteak.

Gazte Festak ziren ospatzekoak asteburu honetan Urnietan. Alabaina, iazko joerari eutsi beharko diote herritarrek, beste urtebetez, pandemiak eragindako egoerak horrela eskatuta.

Makina bat kultur ekimen gelditu dira bertan behera azken urtean, baina, egoerak egoera, Poxta Zaharrek keinu berezia egin nahi izan die uda atariko festei. Hala, maiatzaren 29an, arratsaldeko 18:00etan bi kontzertu izanen dira herriko Plazido Muxika plazan: Kyxo eta Tenpera musika taldeak arituko dira oholtza gainean larunbatean. Herrian bertan sortutako taldea da Kyxo. Lehenago beste hamaika proiektutan aritu ostean, batu egin da boskotea, Euskal Herrian ohikoa ez den musika sortzeko.

Hiru gaztek osatzen dute Tenpera taldea eta Rock alternatiboa da beren erritmoaren oinarri, 90. hamarkadako doinuen eraginarekin.

Antolatzaileek gogorarazi dute, uneoro, osasun-neurriak errespetatu beharko direla, eta hori dela eta, 100 pertsonakoa izango dela aforoa.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!