Eresti Oiarbide gai jartzailearen esanetara jarri zen seikotea, bertsotan. Epaimahaikide gisa, berriz, Leire Beloki, Zigor Leunda eta Amaia Otxotorena aritu ziren. Poliki aritu ziren sei gazteak, eta orohar, egoki eutsi zieten bertsolaritzaren ofizioak dauzkan berezko zailtasunei: hala nola, buru-azkartasuna, arrazoi zorrotzak botatzeko trebezia, errimetarako egokitasuna...
Bertsolaritzaren transmisioak osasuntsu segitzen duela islatu zen Urnietan, eta atal horretan, azpimarratzeko datua ere bada Aitor Mendiluzeren semea, Jon, kantuan aritu zela. Aitak plazarako daukan patxada eta berezkotasunetik asko erakutsi zuen semeak. Lau lan puntuagarri egin behar izan zituzten: zortziko txikian bertsoa osatzea, lau oinak emanda; zortziko handiko lanak, ofizioka, bina bertso; zortziko handiko lanak, ofizioka, bina bertso; eta, bakarka, aurrena puntuari erantzunez, eta ondoren gaia emanda bertsoa osatzea.
Lau oinak emanda, bertsoa osatzeko ariketan, hona Mendiluzek kantatu zuena.
Oinak: musika, jarrita, kritika, hasita.
Gazte gehienen eran
maite dek musika,
ta edukitzen det logelan
nik sarri jarrita.
Altuegi dagola
aitaren kritika,
ta horregatik nago
nazkatzen hasita.
Zortziko handiko ariketan, hona, segidan, bi bertsoaldi.
Joar Garate, Ekain Tolaretxipi
Gaia: “zuen gurasoek arropa denda daukate, eta jubilatzera doaz. Zuei proposatu dizute dendarekin jarraitzeko. Joar ados zaude. Ekainek ez du nahi”.
Joar Garate:
Hirurogei ta bost urte eta
jubilatzear ba, jada.
Ta gure denda maite horrekin
zer egin behar da, hara.
Eta gure Ekain, izanez bere
oinordekotzakok gara,
denda horrekin segitzea, ba,
gauza oso polita da.
Ekain Tolaretxipi:
Gai honek ni re orain utzi nau,
bada, nahikoa erreta.
Eguneroko nire agenda
eduki ohi det beteta,
gainera ez det inportantea
dana ikasteko beta.
Alkandora ta kamixeta re
bereizten ez dakit eta.
Joar Garate:
Zu lasai egon horregatikan,
azkar moldatuko zera.
Baina jadanik baietz esanda
segi dezagun aurrera.
Ze gurasoek eman digute
ja lanerako aukera.
Adin honekin lan egitea
beti ondo etortzen da.
Ekain Tolaretxipi:
Zure teilatun utziko det nik
une honetan baloia.
Pasareletan ea noizbaiten
jo beharko dezun goia
Ta espero det ez ematea
oraintxe zuri bajoia.
Erretiratu ingo naiz eta
to zuretzako marroia.
Naia Arrizabalaga, Jon Mendiluze
Gaia: "Zuek herriko gazte taldean hartzen duzue parte. Udalak dio aurten ere ez direla festak ospatuko, eta beraz ez duela ekitaldirik antolatuko. Zuk, Naia, uste duzu gazteek antolatu behar zenuketela herritarentzat. Jonek uste du hobe dela ezer ez egitea”.
Naia Arrizabalaga:
Duela hiru urtetik martxan
dago gazte asanblada
gazteak hemen gustora dabiltz
beti hona eta hara.
Festarik ez da ordea, nazkau
samar gaude denok jada.
Zer egiteko badago eta
hortarako behar gara.
Jon Mendiluze:
Udalak in du aurtengo hontan
festa egiteaz paso.
Zu jarri nahian zabiltza hemen
zenbait zirko eta pailazo.
Ideia ona irudituko
zaizu nerea, akaso:
onurak dauzka oso gutxi ta
badauzka mila arazo (bis)
Naia Arrizabalaga:
Bai badakit Jon, berez ez degu
antolatzeko erraza
Ta udala ez degu izan
horretarako kapaza.
Bi pailazoek baietz bat eman
gazte guztiei arnasa.
Ta ezin degu beti besteen
zain denbora luze pasa (bis)
Jon Mendiluze:
Nere ideiekin zimurtu dira
asanbladan hainbat mutur.
Baina lasaitu, enabil gaizto.
Lasaitu, enabil makur.
Utzi ditzagun heldu guztiak
behingoagatik zurt ta lur.
Ta izan gaitezen herri honetan
txukuntasunaren ikur (bis)