"Berezkoa du artea gizakiak"

Alba Cabrera 2021ko eka. 5a, 09:00

Maddi Goikoetxea Juanena arteterapeuta eta antropologoa da; marrazkigintza eta poesia ardatz, emozioa mahaigaineratzea du xede Urnietako AEK-k antolatutako Zilegi Eskolak.

Azaletik sakonera, sakonetik azalera salto egitea du gustuko Maddi Goikoetxeak. Antropologo zein aktore izateaz gain, arteterapeuta ere bada, sorkuntza artistikoaren bidez, emozioekin bat egiteko bizipenean bidelagun. Sentimenduekin egiten du lan, artea nahiz sormena abiapuntu, haurtzarotik horiek izan baititu mundua irakurtzeko tresna nagusi. Arrazoimenetik eta arrazoimenarentzat eraikitako gizartean, intuizioa zein emozioak ditu iparrorratz, eta esparru horretan sentitzen da erosoen. Azken emaitzari baino, sorkuntza-prozesuari ematen dio garrantzia. Bada, ibilbide horretan ipini nahi ditu aurki hainbat kide. Izan ere, Urnietako AEK-k, ekainaren 9an “Sormen laborategia: poesia eta marrazkia uztartzen” tailerra antolatu du, Zilegi Eskola proiektua medio. Arteterapeuta izango dute gidari, orri zuri batean kabitutako hitz-jokoekin eta marrazkiekin badelako barrura begira jartzerik.

Bidaia introspektiboa egiten du norbanakoak arteterapiaren bidez. Zer aurkitzen du ibilbide horretan?

Denetik aurki genezake. Finean, zure barrenak modu sakonean ezagutzeko modua da arteterapia, eta baita munduarekin era ezberdinean harremantzeko tresna ere, ikuspuntu sentiberago batetik, hain justu. Zeure burua eta ingurukoa: maiz, uste ohi da barrura begira ipintzeak ezinbestean dakarrela ingurutik isolatzea, hots, burbuila batean sartzea eta mundutik deskonektatzea. Bada, nire ustez, kontrakoa da xedea, izan ere, etengabeko elkarreraginean bizi gara, etengabeko elikatze batean. Askotan mintzo gara erresonantziaz, alegia, inguruan dugunak gugan duen eraginaz. Hitz gutxitan,  arteterapia da saiatzea mundua nahiz geure burua irakurtzen modu sakonagoan edo sentiberagoan.

Izenak berak ematen dio arteterapiari terapia kutsua, eta badirudi horren helburua dela artea psikoterapiaren zerbitzura uztea. Batzuetan, aurreiritziak sor ditzake horrek, zeren jendeak terapia ulertzeko definizio jakina baitu buruan; are gehiago, terapiara joatea bera ere estigmatizatuta dago. Ni ez naiz psikologoa, arteterapian jardun naizenez gero, hamaika prozesu psikologiko eta emozional landu ditut, eta gustatuko litzaidake jendeak “terapia” hitza zentzu zabalean ulertzea, autoezagutzarako bidetzat hartzea.

Bidaia pertsonala al da?

Bidaia horrek daukan ezaugarri behienena da ez duela zertan oso arrazionala izan, edota arrazionaltasuna ez dela protagonista. Aitzitik, horrela funtzionatzen dugu gizartean, arrazionaltasuna oinarri bizi gara, eta hortik abiatuta harremantzen gara inguruarekin. Ildo beretik, gizarte ereduak ez digu uzten geure buruarekin behar bezala harremantzen. Hala, arteak horixe ematen digu, zeren lengoaia abstraktua baita; esperimentatzen eta komunikatzen uzten digu.

Hasiera batean, jende askorentzat deserosoa da bidaia: batez ere, artearekin harreman zuzena ez duten pertsonentzat eta nortasun zurruna duten kideentzat. Zaila egiten zaie gai jakinen gainean eraikitako ideiak alboratzea eta beste hainbat ezagutzea. Barregarri gelditzeari dio beldur jende askok, epaiari. Artea bera ere epaitu egin ohi da, izan ere, diziplina hori irizpide trinko batekin gizarteratu da, zer dagoen ondo eta zer gaizki zehazten digun irizpide batekin, hain zuzen ere. Arteterapiak erabat hausten du horrekin: helburua ez da espektatibak betetzea, esplorazioa baizik.

Sarri, zaila zaio jendeari artea emozioekin lotzea. Alabaina, zuretzat harreman estua dute, ezta?

Jakina. Emoziorik gabe ezinezkoa litzaiguke artea sortzea, izan ere, oso emozionala da artea. Ez da kontua alderdi intelektuala eta emozionala bereiztea, osotasun baten parte direlako biak ala biak. Nolanahi ere,  ikuspegi arrazionala, intelektuala, esparru emozionalari gainjartzen zaio, hots, maiz, pisu handiagoa hartzen du, eta hori ez dut batere gustuko.

Emozioen kudeaketarako tresnatzat duzu artea. Baina oso hitz potoloa da hori, artea egiteko hamaika bide baitaude. Nora jotzen duzu zuk?

Antzerkitik nator, eta horixe izan da artean nire zaletasun handiena. Bestalde, idaztea ere betidanik izan dut gustuko; beraz, idazketa ere badut nahiko presente. Halaber, antzerki fisikoa dela-eta, gorputz adierazpenari, mugimenduari, izugarrizko garrantzia ematen diot. Dena den, beste adar asko ditut nire intereseko. Horietan banituen zenbait konplexu lehen, abestearekin zein dantzarekin, besteak beste. Hori horrela, antzerki fisikoaren bidez lortu nuen beste modu batean erreparatzea ustezko oztopo horiei, eta, ondorioz, egun, diziplina artistiko guztietan murgiltzea gustatuko litzaidake.

Esperimentazioa lehenesten da arteterapian. Zer ematen dio horrek norbanakoari?

Askatasuna. Lehen aipatu bezala, esperimentazioak ez du lekurik gure gizartean; epairik gabeko jolasa da, jakin-minaren bideari eusteko aukera. Hori da niretzat mundua ezagutzeko modu naturalena, horixe egiten dute umeek, adibidez. Bide zurrunak erakutsi dizkigute, eta epaitu egiten da bertatik ateratzen den gauza oro. Dena dela, horiek ez dira bide bakarrak.

Sormenari dagokionez, jende askok egiten du topo ustezko talentu ezaren harresiarekin.

Ez dakigu esperimentatzen, makina bat oztopo ditugu. Marrazten ari bagara, adibidez, askotan proposatzen diet zirriborro bat egiteko: ez zaio inori axola nola egiten duzun marrazki hori, ez dago hori irudikatzeko modu jakin bat. Garrantzitsuena ez da zein marrazki egiten duzun, baizik eta marrazki hori egiteak nola sentiarazten zaituen zu.

Zein leku du arteak gurean?

Egun, Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearekin nago lanean,  antzerki-eskolen gaineko ikerketa batean. Honako hau izan da ondorio nagusia: arteak (ikerkuntza horretan, zehatz mehatz, antzerkiak) ez dauka prestigio sozialik. Horregatik, ez dago ezagutza handirik, eta askotan lotzen da haurren kontuekin edo aisialdiarekin. Gizakiak berezkoa du artea, eta, historikoki, tresna baliagarria izan da norbanakoarentzat, sentitutako gauza sakonenak azaleratzeko zein adierazteko.

Eta horrexegatik da garrantzitsua horrelako esparru ezezagunak herritarrengana hurreratzea.  Ekainaren 9an izango zara Urnietan, AEKren eskutik. Laborategi kutsua duen tailerra izanen dela diozu.

Esperimentazioa izango dugu lehentasun, besteak beste. Ez dut tailerrari buruzko inolako espektatibarik, alegia, ez daukat finkatuta noraino iritsi behar garen. Jolasetik, esplorazio horrek ematen digun askatasunetik, ea zerekin egiten dugun topo.

Oro har, zer landuko dute parte-hartzaileek laborategian?

Batik bat, marrazkia eta poesia izango dira oinarri. Baina beste hainbat gauza ere egin ditzakegu. Hasiera batean, arteterapia interdiziplinarra egitea otu zitzaidan, baina jendeari ezezaguna denak beldur handia ematen dio, eta horrexegatik zehaztu ditut apur bat tailerraren nondik norakoak.

Espazio seguru batean egongo gara, ez da inor behartuko ezer egitera. Ariketak proposatuko ditut, baina bakoitzak erabakiko du noraino jo nahi duen, nik ez dut inor agerian utzi nahi. Uneren batean, baten batek ez badu zerbait egin nahi errespetatuko da, jakina. Jendea zaurgarri sentitzen da ariketetan, eta guk horixe bilatzen dugu, zaurgarritasun horretatik abiatutako lotura sakona.  Espazio segurua da, parte-hartzailea aske sentituko da nahi duena egiteko, nahi duenarekin eta nahi dueneraino. Tailerrean gertatzen dena, noski, tailerrean geldituko da.

Zergatik uste duzu dela garrantzitsua arteterapia?

Nork bere burua ezagutzea ezinbestekotzat dudalako. Gizarteko joerak kontuan hartuta, jende gutxik egiten du bat bere barrenekin, eta, beraz, baliagarria da modu sentiberago batean harremantzeko. Izan ere, emozioek ez dute espaziorik gurean eta, hain zuzen ere, arteterapiak horiei egiten die aitortza.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!