Partida oso berdindua izan zen eta Erremontari saioaren ikusleentzat partida bizia. Maila beretsuan aritu ziren Urriza eta Ansa aurrekaldean; Zalduak ere borroka polita izan zuen Labakarekin atzean.
Lehen tantoetan 4-0 aurreratu ziren Urriza eta Zaldua, baina Ansak eta Labakak berehala eman zioten buelta markagailuari eta 4-5 jarri ziren aurretik. 15-15eko berdinketa iritsi arte aldaketa asko egon ziren markagailuan eta bikoteek bere mementoak eduki zituzten. Bapatean, bost tantoko aldea lortu zuten Bereziartuako ordezkariek eta abantaila mantentzea lortu zuten; alderik handienarekin itxi zuten finala (30-22).
Ansak eta Labakak ez zuten partida txarra jokatu, baina memento erabakiorrean ezin izan zuten aurrerapausoa eman. Urnietarrak 13 tanto egin zituen; hitz gutxitan, aurrelarien arteko finala izan zen. Labakak ongi eutsi zuen eta bi tanto egin zituen sakez, baina ez zuen Zaldua menderatu.