"Notre Dameko plazan" antzezlana, igandean Urnietan

Xabier Lasa 2021ko eka. 11a, 07:43

Egapexou taldearen eskutik, Etxeberri plazan. Eguerdiko 12:00tan hasiko da antzezlana.

Olatz Iturzaeta, Elaia Marruedo, Vanesa Sanchez eta Liam San Jose aktoreek osatzen dute Egapexou taldea.

Joxe Mari Berasategi zuzendariaren hitzetan, “ipuinetako maitagarrien bailaran gertatzen da istorioa. Misterioa eta abentura dira nagusi lurralde horretan. Horrela, Izaro abeslaria izan nahi duen izaki maitagarriak Ponpadurreko Markesarekin eta honen laguntzaile fidela den Franzuarekin topo egingo du, eta umorez eta misterioz jositako egoerak biziko dituzte elkarrekin”.

Berasategik Urnietako antzerkizaleei Etxeberri plazara gerturatzeko gonbitea luzatu die, “eguerdi-pasa polita egin dezakete plazan. Ordu erdiko antzezpen dibertigarria ikusi ahal izango dute, bermuta ere har dezakete hango terrazetan, bide batez. Ziur ez direla damutuko”. Antzezlana AEK-ko egoitzan ekainaren 1ean estreinatu zuten, arrakasta handiz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!