AEgun batetik bestera egin zuten jauzi Unai Iraola eta Uxue Sanchez urnietarrek dantzaren esparru profesionalera, Aukeran Dantza Konpainiaren eskutik. Dantzari eta dantzazale amorratuak haurtzarotik, inork gutxik baino hobeto ezagutzen dute koreografoa eta gidaria, Edu Muruamendiaraz. Euskal folklore tradizionalari muzin egin gabe, dantza garaikidearen erritmopean mugitzen den taldea da Aukeran, konpainia anbiziotsua bezain eskarmentuduna: datorren urtean mende laurden beteko du oholtza gainean. Beren orpo-puntekin arrastoa utzi dute jada Euskal Herriko makina bat plazatan.
Aukeran Dantza Konpainiako dantzariak zarete. Zer moduzko esperientzia izaten ari da?
Unai Iraola: Oso ona. Finean, askotariko oholtzak ari gara ezagutzen, hamaika txoko; motibazioa areagotzea dakar horrek. Esperientzia ederrak ari gara bizitzen, eta ilusio handiz hartzen dugu guztia. Gazteak gara eta bizipena zukutzen ahalegintzen gara.
Uxue Sanchez: Hasiera batean, ez ginen guztiok elkar ezagutzen. Orain lagunak gara, familia bihurtzeraino. Oso giro polita dago gurean.
Oholtza gainean nabari al da sortu duzuen talde-izaera sendoa?
U.I.: Oso inportantea da bai, oholtza gainean nabari da gure arteko konplizitatea, eta hori publikoak ikusten du. Oso harreman estua eta sendoa dugu.
Edu Muruamendiarazen gidaritzapean egiten duzue dantza. Eskarmentu handiko koreografoa da. Zer ematen dizue horrek?
U.S.: Hasi berriak gara Aukeran Dantza Konpainian; alabaina, haurrak ginenetik ezagutzen dugu Edu, gure dantza-irakaslea izan delako. Beraz, konfiantza hori badugu. Oso harro gaude berataz.
U.I.: Hori da, eta bere eskarmentua partekatzen du gurekin; oso aberasgarria da hori, hain zuzen ere, urte askotako ibilbidea duelako dantzaren munduan.
Afizio hutsetik dantzari profesionalerako jauzia nabari al da?
U.S.: Hasieran, inpresioa eman zidan; egun batetik bestera izan zen: hots egin zigun esanez Aukeran Dantza Konpainaren parte ginela eta bi astebururen buruan lehen ikuskizuna genuela. Txip aldaketa egin behar izan genuen, zeren beste mundu bat baita, hots, orain artekoarekin alderatuz gero, oso-oso bestelakoa.
U.I.: Exijentzia nabarmen handitzen da. Gainera, gogoan dut: lehen emanaldia telebistan izan genuen, eta, aldiz, bigarrena Tabakaleran (Maurizia naz emanaldia); presio handia izan zen azken hori ere.
Denboraren poderioz, hartu al diozue tentsioari neurria?
U.S.: Orain presio hori askoz hobeto dakigu kudeatzen. Halaber, ikuskizunak barneratuta ditugu; behin horiek ikasita, askoz ere gusturago aritzen zara taulan.
U.I.: Hala da, niri ere garrantzitsua iruditzen zait. Azkenean, ez baldin badituzu ongi ikasita mugimenduak lehen emanaldietan urduri sentitzen zara.
Exijentzia aipatu duzue. Nola erantzuten dio horri gorputzak?
U.I.: Nork bere gorputza eta burua kontrolatu behar ditu, edo saiatu egin behar da behintzat. Egia da exijentzia handiagoa dela eta gorputzak presio handiagoa jasan behar duela. Hala, tarteka izan ditugu ezusteko desatseginak. Beraz, ahal moduan, nork bere gorputzaren mugak ezagutu behar ditu.
U.S.: Bestalde, gorputza ohitu egiten da esfortzura: hasieran, gehiago kostatzen da mugimendu jakinak egitea; orain, errazago egiten ditugu.
Zuen lehentasun bihurtu da Aukeran. Zaila al da gainerako lehentasunekin uztartzen?
U.I.: Konpromisoa dugu Aukeran Konpainiarekin, alegia, ezin diozu uko egin entsegu bati lagunekin gelditu nahi duzulako, besteak beste. Beraz, argi izan behar duzu zer ipini zeren aurretik. Bestalde, denboraren kudeaketa ere ezinbestekoa da, antolamendua.
U.S.: Baina geuk aukeratu genuen gure jardunaren ordutegia, eta, oro har, ongi datorkigu guztioi; iluntze partean biltzen gara, eta zereginak ordu horretarako amaituta izan ohi ditugu.
U.I.: Gainera, guretzat ez da sakrifizioa; gustuko dugulako aritzen gara dantzan. Ez gatoz hona behartuta; aitzitik, gure ilusioak are arinagoak bihurtzen ditu entseguak. Sakrifizioa baino gehiago, inbertsioa da.
Eta zenbat denbora ematen duzue astean inbertsio horretan?
U.S.: Astean hiru egunetan ditugu entseguak: astelehenetan, asteazkenetan eta larunbatetan. Aste-barruan, arratsaldez biltzen gara, gutxi gorabehera, 19:30-22:00 bitartean. Larunbatetan, ostera, goizean izan ohi dugu hitzordua, goizeko 09.30ean hasita.
Hamaika antzoki zapaldu dituzue, baita Euskal Herritik kanpo aritu ere. Inpresioa ematen al du horrek?
U.I.: Horrelako oholtza entzutetsuetan txiki sentitzen dira batzuk. Aldiz, nire kasuan, hazi egiten naiz. Victoria Eugeniak, adibidez, inpresioa ematen dit hasieran, baina behin taulara igota, hazi egiten naiz.
U.S.: Neu ere antzeko. Ez da gauza bera pilotaleku batean dantzatzea, edota hiriburuko antzokian oholtzaratzea. Lehenengoari dagokionez, oso herrikoia da giroa, eta ez dago hainbeste jende, baina horrek ere badu bere xarma, ikus-entzuleak oso gertu dituzulako. Bestalde, uste dut Victoria Eugeniaren edo Tabakaleraren pareko agertoki batean ere ongi moldatzen garela.
Zer sentitzen duzue oholtzara igo aurreko mementuan?
U.S.: Urduritasuna beti dago, eta nire ustez ona da urduri egotea, neurriz betiere; ongi kudeatzea da gakoa.
U.I.: Elkar laguntzen gara, gainera. Norbait urduri badago, guztion artean ahalegintzen gara hura lasaitzen. Alegia, elkartasun hori badago gurean oholtzara igo aurreko uneetan, eta oso lagungarria da hori.
Gaur egun, zein leku dute dantzariek kultur esparruan, gizartean?
U.I.: Nire ustez, kulturari ez zaio behar besteko garrantzia ematen, are gutxiago pandemiaren egoeran. Esaterako, garraio publikoa jendez lepo egon ohi da, eta agertokiek neurri zorrotzak errespetatu behar dituzte, erdi hutsik gelditzeraino. Horregatik, uste dut ezinbestekoa dela kulturaren sektoreari bultzada ematea.
Hala, bertigoa ematen al du zuen ibilbidea dantzatik bideratzeak?
U.S.: Egoera zaila dela begien bistakoa da. Nahiz eta nahi izan, badakit ez nukeela bukatuko dantzaz bizitzen, ezin dudalako. Gustatuko litzaidake, baina ez dago baldintza nahikoa horretarako, gutxietsitako sektorea da.
Pandemiak pandemia, hainbat saio izan dituzue.
U.S.: Orain hiru asteburu Madrilen izan ginen, Fitur-en, alegia, Nazioarteko Turismo Azokan. Bertan bolo dezente izan genituen, eta neketsua izan arren, oso gustura aritu ginen, oso giro ona baitzegoen. Orain bi aste, berriz, Beasainen izan ginen Maurizia naz ikuskizunarekin, eta Zumaian Biz hitza emanaldiarekin. Eta, azkenik, dantzaren nazioarteko eguna medio, Victoria Eugenian izan ginen Aiurri piezarekin.
U.I.: Maiatza nahiko topera izan dugu, egia esan. Hiru egun jarraian izan genituen emanaldiak, baina egun bakoitzean ikuskizun ezberdina taularatu genuen.
U.S.: Aurrera begira, ekainaren 23an Bilbon izango gara, eta hilaren 29an, ostera, Diman (Bizkaia). Azken horretan, kale-ikuskizun bat plazaratuko dugu estreinakoz.
Hitz gutxitan azalduta, zer da zuentzat Aukeran?
U.I.: Hamaika kiroletan trebatu naiz haurra nintzenetik, baina dantza izan da nire afizioetan lehena. Aukeranen entsaiatzen hasteko proposatu zidanean Eduk izugarrizko ilusioa egin zidan. Diziplina eman dit Konpainaiak, eta horrek heldutasuna ematen dit: ehuneko ehuna eman behar duzu entseguetan eta are gehiago emanaldietan. Gure artean sortu dugun giroa izugarria da; orain bi urte hau esango bazenit, ez nuke inondik inora ere esperoko.
U.S.: Gure familia bihurtu da Aukeran. Bat-batean azaldu den gauza bat da, oso gauza potoloa, gainera. Unai bezala, makina bat kiroletan aritutakoa banaiz ere, orain, hemen nago, eta zerbaitengatik izango da hori.