"Notre Dameko plazan" obra Etxeberri plazara eraman zuen Egapexou antzerki taldeak

Xabier Lasa 2021ko eka. 17a, 08:50

Olatz Iturzaeta Elaia Marruedo, Vanesa Sanchez eta Liam San Jose aktoreek osatzen duten Egapexou taldeak Notre Dameko plazan antzezlana antzeztu zuen Etxeberri plazan joan den igande eguardian. Ipuinetako maitagarrien bailaran, misterioz eta abenturaz beteriko istorioa antzeztu zuen laukoteak, Joxe Mari Berasategi zuzendaritzapean. Antzezlana, bideoan ikusgai:

Emankizuna bukatu ostean, Berasategik esker oneko hitzak izan zituen Etxeberri plazara hurreratu ziren antzerki zaleentzat: “Hondartzara joatea baino plan askoz hobea zela Etxeberri plazan antzerkiaz gozatzea pentsatu dute, eta estimatua dago erabaki hori hartu izana. Eguzki betean, 30 gradutara, itzal zati guztiak probestuz, hantxe egon dira adi eta arretatsu, ontzak bailiran, izaki maitagarrien abenturak jarraituz. Aldi berean, nabarmentzekoa da lau aktore puska horien jarrera. Antzerkia zainetan sartuta daukate, eta igartzen zaie erakusten duten kemenarekin”.

Esker onen atala Biak kafetegiarentzat eta udaletxeko lorazainentzat luzatu zuen antzerki zuzendariak, “ezinbesteko laguntza eskaini digute Etxeberri plazako belardian muntaia egin ahal izateko”.

Azkenik, gaineratu zuen antzezlan berri bat prestatzen hasita daudela jada, eta gauzak ondo bidean, datorren udazkenerako plazaratzeko moduan izango direla.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!