"Urnietak Egape behar du"

Alba Cabrera Jauregi 2021ko eka. 18a, 09:00

Orain mende laurden proposatu zen lehen aldiz Egape Ikastolako Bigarren Hezkuntzako eraikin berria egiteko asmoa. Egun, burutu gabe jarraitzen du proiektuak. Guraso elkarteak ez du amore eman, ordea.

Iragan mendea hastearekin batera ireki zituen lehenengoz ateak, egun, Egape Ikastolako Bigarren Hezkuntzako eraikina denak. Hamarkadaz hamarkada aldaketak jasan baditu ere, oinarriak berbera izaten jarraitzen du. Hala, orain hogeita bost urte, gutxi gorabehera, mahaigaineratu zen lehenengoz Bigarren Hezkuntzako eraikin berriaren proposamena; alabaina, duela gutxi ekin diote berriro ere erakunde politikoek gaia jorratzeari, makina bat urtez aurrerapausorik eman gabe egon ostean: Eusko Jaurlaritzan jada onartuta dago proiektua. Eraikina altxatzeko, lur-sail urbanizatua behar du, eta hori esleitzea Urnietako Udalari dagokio. Azpiegituraren dekadentziarekin larrituta bildu zen orain urte batzuk Egapeko komunitatea. Tartean, Guraso elkartea dago lanean buru-belarri. 

Zergatik sentitzen duzue beharrezkoa eraikin berria?

Hutsune handia nabari dugu. Gabezia handiak ditu eraikinak: ikusten dugun orain arte behintzat alboratutako gaia izan dela, nahiz eta alderdi politikoek (hauteskunde-kanpainan, besteak beste) beren agendan txertatzen duten kontua izan. Aitzitik, errealitatean ez da sekula egi bihurtu hori. Beraz, ikusten dugu badela garaia gaiari irmoki eusteko.

Azpiegitura aldetik, gabezia handiak al ditu egungo eraikinak?

Arkitektonikoak, hasteko. Elbarri batek, esaterako, ezingo luke eskolara sartu, makina bat arazo izan gabe. Eskubide bat urratzen dela deritzogu, eta horixe da abiapuntua. Pandemia medio, gainera, areagotu egin dira gabeziak, begibistan gelditzeraino. Zaharkituta egoteaz gain, anbulantziek edo suhiltzaileek ezin dute eskola-eremura sartu. Inguruko etxebizitza guztiak ikuskatu eta berritu dituzte, ez, ordea, DBH-ko eraikina. Ez dago legearen barruan; falta larri bat da. Bestalde, gelak oso txikiak dira, paretak oso zaharkituak daude. Esanak esan, eskolako langileen ilusioak betetzen du eraikinak eragindako hutsunea.

Zuetako hainbat Egapeko ikasle zinetela azaleratu zen lehenengoz eraikin berriaren proposamena. Egun, guraso zarete, eta proiektuak burutu gabe jarraitzen du.

Adarra jo digutela sentitzen dugu. Bai, zurrumurrua hor dago, baina egitasmoak gauzatu gabeko egitasmo izaten jarraitzen du. Orain, zorionez, aurrerapausoak ematen ari direla ikusten ari gara, poliki edo nahi baino polikiago.

Gutako askoren seme-alabek aurki utziko dute Egape, eta ez dute eraikin berrian ikasteko aukera izango. Alabaina, inork ez badu ezer egiten, berdin jarraituko du honek.

Azken hilabeteetan gaiak beste erritmo bat hartu arren, atzera begira ipinita, Udalak barkamena eskatu beharko lioke herriari: orain urte asko mahaigaineratu zen lehenengoz asmoa, eta oraindik ez da ezer egin, kasik. Autokritika egitea egokia litzateke.

Azken mendean, Urnietaren mugarri handia izan da Egape. Afera zaharra da eraikina. Iragan urtean, 2020. urteko udal batzar batean honako mozio hau onartu zen: Eusko Jaurlaritzari eskatzen zioten eraikina errealitate bihurtzea. Egia esanda, Eusko Jaurlaritzak egin ditu bere gain dauden zeregin guztiak. Oztopo gehienak udal erakundetik datoz, nahiz eta azken boladan aurrerapausoak ematen ari diren.

Legebiltzarrean gaia mahaigaineratu zenean ikusi genituen lehen aurrerapausoak.  Egia da horrelako prozesuak mantso egiten dutela aurrera, baina, gure ustez, hainbat egoeratan, polikiegi, edo behintzat azkartzeko borondaterik gabe. Horixe izan da gure sentimendua.

Guk argi dugu auzia ez dela politikoa, alegia, gu ez gaude politika kontuengatik hemen. Gainera, uste dugu gardentasunez jorratu nahi izan dugula gaia: Urnietako hiru alderdi politikoekin elkartu gara eta proiektu komun baterako bidean batera arraun egitea proposatu diegu. Gu ez gatoz politika egitera; gure helburua eraikina da.

Zuen seme-alabek dastatuko ez duten eraikina da. Zergatik jarraitzen duzue buru-belarri lanean?

Herriak, Urnietak merezi duelako. Guraso elkarteko kide askoren  seme-alabek bukatzen dute aurten Egapeko ibilbidea, baina kontua ez da hori. Pertsonala baino gehiago, kolektiboa da afera. Hezkuntza publikoarenganako errespetua merezi du herriak. Gaiari dagokionez, errespetu falta nabari da, herriak duen oinarrizko eskubide baten kontrako falta, hain justu.

Oso garbi dugu: herriak Egape behar du. Urnietarren zati handi bat igaro da hemendik; Egapen dago heziketa eta baita herriaren etorkizuna ere. Beraz, Guraso elkartean Egaperen alde borroka egiten dugunean, herriaren alde egiten ari garela sentitzen dugu.

Familia batek hezkuntza publikoaren bidetik jo nahi badu Urnietan, Egape da bere aukera bakarra. Hala, ez baduzu argi hezkuntza publikoaren nahiz proiektuaren alde egin nahi duzula, eraikina ikusita, hezkuntza kontzertatuak edo pribatuak apustua irabazita dauka.

Gabeziak gabezia, arrakastatsua iruditzen al zaizue Egapek duen hezkuntza-proiektua?

Jakina. Irakasleen lana nabari da. Agerikoa da irakasleen proiektu sendoa, eta horren aldeko borroka. Hezkuntza-proiektu ederra dute Egapeko irakasleek, eta espazio egokiago batekin are aberatsagoak lirateke emaitzak. Zergatik? Azpiegiturak beren jarduna hauspotuko lukeelako. Gogo handiz egiten da lan hemen, eta irakasleek merezi dituzte lan-baldintza hobeak. Garrantzitsua iruditzen zaigu nabarmentzea eraikinak dituen hutsuneak hutsune, ikaragarria dela Egape Ikastolaren hezkuntza-proiektua. Biziki harro gaude.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!