“Diruak ez, lehiakor izateak eraman nau apustua egitera”

Andoni Urbistondo 2021ko eka. 23a, 11:06

Ate joka da ekainaren 26a. Apustu handia Leitzan, Julen Gabirondo segalaria eta Xabier Zaldua aizkolariaren artean.

20 kanaerdiko, aurrena, eta horiek bukatuta, segan, belarra mozten, bi orduko mugaraino. Kilo gehien batzen dituena, garaile. Egin beharrekoak egin dituenaren patxadarekin mintzatzen da Gabirondo urnietarra, Mozotegiko semea. Aizkorak eta plazak, bere lehen apustuak sortzen diote duda, baina fisikoki oso indartsua da, lehiakorra, eta sega besoetan aizkorarekin galdutakoari buelta emateko esperantza dauka.

Zer moduz zaude, nola iritsiko zara apustu egunera?

Neke puntu bat eduki dut gorputzean, egur handia eman baitiot gorputzari azken hilabetean. Azken astean, 10 egunetan lasaixeago, hanketako karga hori arintzen. Ondo iritsiko naiz, puntu-puntuan.

Nolakoa izan da prestakuntza?

Prestatzen apustua itxi eta berehala hasi nintzen, urria bukaeran edo. 6-8 hilabete aritu naiz. Nahiko ondo eraman dut, gogorrena pandemiaren kontua izan da, buruari bueltak eman eta eman, ea apustua egitea posible izango ote zen. Hilabete faltan Nafarroara mugitu behar izan dugu, jendea bertaratzeko, eta lekua, belazea bilatu, baserritarrarekin hitz egin… lan askotxo. Antolakuntza lanak Garikoitz Etxeberriaren esku utzi ditugu, pentatloiko antolatzaile bera, eta eskerrak. Buruhauste asko kendu dizkigu: paperak, pandemiako egoeran gehiago, gu ez baikara oso abilak jardun horretan.

Apustua adostea ez zen erraza izan.

Ez, azkenean biok ados geratzeko moduko zerbait hitzartu genuela esango nuke. Ni 15 kanaerdiko ideiarekin joan nintzen, eta bi ordurainoko lana segarekin osatu, baina berak kolpean esan zidan 20 kanaerdikotik ez zela mugituko. Orduan nik proposatu nion egurrak nik jartzea, ze berak eramanez gero akaso ni ondo moldatzen ez naizen egur gogorrak aukeratu zitzakeen. Azkenean nik 16 enbor eramango ditut, eta berak lau. Ni aizkoran orduan eta denbora gutxiago aritu, hobe. Segan naiz iaioa.

Egurraren ezaugarriak asko baldintzatzen du apustua.

Erabat, ze nik 16 eta berak lau enbor bere gustukoak eraman,  niretzat enbor gogorrak izanda ere, ba lau enbor dira, eta nola edo hala ba mozten dituzu. Egurra gogorra edo normala izan, denbora bikoitza pasa dezakezu mozten. Kanaerdiko bakoitza hiru minutuan, edo sei minutuan ebaki. Pentsa, 20 kanaerdikorekin ze diferentzia egin litekeen. Gauzak normal, segan bere pare jartzeko aukera izango dut, aizkoran berak lortuko duen errenta errekuperatu. Norberaren interesak garbiak izan dira. Zalduari nik ahalik eta denbora gehien aizkoran pasatzea komeni zaio, eta niri segan. Erdibideko puntu bat bilatu dugu.

Belazea Zalduak aukeratu du.

Bai, hala adostu genuen.

Eta ze belaze mota da? Berari komeni zaiona aukeratuko zuen, noski.

Niri belardi teknikoagoa komeni zait, mozten zailagoa, baina bere kargu utzi genuen. Bere gustukoa aukeratu zuen, baina belar erreza da, ardia ibilitakoa, eta karga handia pilatzeko aukera emango duena. Ez da belar konplikatua. 30-40 bat zentimetroko altuera izango du belarrak, ez dago malkar handirik… Mozteko belar ona da, karga emango duena.

Mingain gaiztoek diote aizkoran ikaragarri ibili zarela entrenatzen. Mozotegi zure etxera trailer batzuk ikusi dira enbor garraioan.

Bai, asko ibili naiz, bai. Aizkoran hobetu behar nuen apustu honetan aukerak izateko, eta hala egin dut. Segan ez dut zer hobetu asko, goia jota nabilelako.

Ez daramazu denbora asko aizkoran.

Ez. Pasa den urteko otsailean edo hasiko nintzen serio, pentatloiko prestakuntzan hasi nintzenean. Pello Telletxea, Hernanin bizi den nafarrarekin ari naiz.

Nolakoa da aizkora?

Beste mundu bat da. Telebistan erraza dirudi, kolpea ematea, baina bi zentimetro oker ematen badiozu, kolpeak ez du ezertarako balio. Punteria behar da, hori aurrena. Segan moztu egiten duzu, kolpea hobea edo txarragoa izan, moztu egiten duzu belarra. Aizkoran egurra ez. Eta asmatzen ez baduzu, nekatzeko arriskua handia da. Ebakia ere angelu jakin batekin egin behar duzu, hala egin ezean ebakia, kortea itxi egiten delako eta ezin duzulako enborra ebaki. Gero gorputza ibiltzen jakin behar da, aizkora goitik ibili, aizkorari tira, ahalik eta gehien sartu enborrean indarra emateko kolpeari. Horrek, baina, neke handia sortzen du. Efizientzia bilatu behar da.

Kontuak egingo zenituen, noski.

Bai, nik ordubeteko bueltan ibili beharko nuke aizkoran, hiru minutu enbor bakoitza, gero sega lanean buelta emateko esperantzarekin.

Eta berak, 20 kanaerdikoak mozteko zenbat denbora beharko duela uste duzu?

50 bat minututan egin dezakeela esango nuke. Ordu eta erdi behar badu, hobe niretzat, noski. 10 minutuko bentaja ateratzen badit, aukera izango dut segan. Olasagastik eta Erasunek egindako apustuetan 10-14 minutuko aldea atera zion Olasagastik, eta gero Erasunek buelta eman zion.

Zein da zure indar gunea?

Sega, noski. Baina aizkoran ere sufritzeko gaitasuna daukat. Aizkora eta segaren arteko trantsizioak ez dituk onak izaten, kosta egiten zait martxa hartzea, gorputza lotuta geratzen zaidalako, baina behin hartuta gaitasuna badut egurrean jarduteko.

Segan oso indartsua zara, teknika ere oso ondo menderatzen duzu.

Belar etzana, konplikatuagoa egotea hobea izango litzateke niretzat, teknika handiagoa eskatzen duelako. 9-10 urte daramatzat dagoeneko segan, goian ibilitakoa. Zalduak urtebete pasa eramango du segan, eta hori, noski, nabaritu egin beharko litzateke. Segan nik gainetik aritu behar nuke, baina Zaldua Pentatloiko txapelduna da, trebea kirol diziplina askotan, eta konfiantzarik ez, sobera.

Zer da zailagoa? Segalariak aizkoran ikastea, edo aizkolariak segan?

Aurrenekoa esango nuke. Niri zailagoa egin zait, behintzat. Segan, hobeto edo okerrago egin, belarra moztu egiten da. Aizkoran gaizki ematen badiozu, akabo, ez duzu enborra mozten.

Ze eguraldi komeni zaizu azken egun hauetan, eta apustu egunerako?

Azken aste honetan belarra ez da gehiegi aldatuko, dagoeneko, bat edo beste egin. Eta apustu egunerako garbi daukat. Ez dut sargori girorik nahi. Zalduak ere antzera pentsatuko duela uste dut. Eguraldi sanoa eta ateri, jendeak gozatu dezan.

Hasiera batean Azpeitiko Añotako belazeetan zen jokatzekoa apustua, baina Leitzara mugitu behar izan duzue, Nafarroara, bertan jendea batzeko arautegia lausoagoa delako.

Bai, eta Euskadin jendea bertaratzea posible izango zen ez genekielako. Nafarroan 500 sartzeko bermea bagenuen, eta orain bikoitza sartzeko baimena daukagu, aire librean egingo den ekintza delako.

Zenbat jende bildu beharko litzateke apustuan, zuk eta Zalduak galerarik ez izateko?

Mila bat lagun bai, behintzat (40 euro balio du sarrerak). Kontutan hartu nik ja 10.000 euro pasa gastatu ditudala, 7.000 baino gehiago egurrean, eta beste 3.000 prestatzaile fisikoa, dietista, masajista eta beste. Gero bakoitzak 6.000 euro jarriko ditugu jokoan.

Eta konpentsatzen al du tamainako gastuan sartzea?

Irabaztekotan bai. Nik sinatuko nuke irabazi eta dirurik ez irabaztea. Nahiago dut.

Zergatik?

Oso lehiakorra naizelako. Apustua ez nuen egin dirua irabazteko, lehiatzeko baizik. Grina hori sentitu nahi dut.

Ezagutzen zaituenak hala dio, kementsua zarela, fisikoki oso oso indartsua. Ados zaude?

Ez nuke halakorik esango. Saiatua bai, hori ziur. Diziplinatua, gauzak serio hartzen dituena, itxurazko lana egiten saiatu beti. Entrenatzaileak agindutako lantegi guztietatik ale batzuk baino ez nituen huts egingo zortzi hilabetetan. Zenbatetan lanetik porru eginda iritsi etxera (hodiak jartzen aritzen da obretan), gogorik batere ez entrenamendua egiteko, baina jaiki eta egin. Ondo moldatzen naiz herri kiroletako diziplinatan, baina beste kirol batzuetan oso baldarra naiz.

Zuek, kirolariek, apustu gogoa daukazue, baina jendeak, zaleek ere bai. Sumatzen duzue gose hori?

Bai, asko. Pandemiarekin apustu eta herri kirol jaialdiak oso urriak izan dira, ez da probintzi eta Euskadi mailako txapelketarik egin apenas, eta orain egoera hobetzen hasi dela jende askok galdetu dit, ea sarrerak egongo ote ziren eta beste. Gogoa sumatzen da. Gainera apustua berezia dela esango nuke. Antzeko bi jokatu dira, bikote bera bietan, Olasagasti eta Erasun.

Etxekoek zer diote? Ikusi ere ez zintuzten egingo etxean azken urte erdian.

Ez… Lana, merienda pixka bat, lan saioa, afaldu eta bederatzietan etxera, dutxa, afaria eta atsedena, hori izan da nire martxa astelehenetik ostiralera. Lan orduak eta murrizten saiatu naiz pixka bat, indarra gordetzeko.

Nolako aurkaria da Zaldua? Zein dira bere bertuteak?

Segara ondo egokituko dela esango nuke. Zurrumurru batzuk ere entzun ditut, oso ondo ari dela. Zurrumurruak dira, dena den. Kirolari konpletoa da, fisiko onekoa, lan gogor eta luzeetan ondo moldatzen dena, eta diziplina ezberdinetara ondo egokitzen dena pentatloian ikusi ahal izan genuen bezala.

Eta zure handicap-a, baten bat baldin baduzu?

Nire lehen apustua dela. Zalduak asko daramatza, eskarmentua du. Ea nola moldatzen naizen nire lehen apustuan. Aizkorako lehen apustua da, eta 20 kanaerdikoa, lan handia. Itxuraz nire kontra egiten duten faktore batzuk badaude, baina horiek berdintzeko ilusioa eta gogoa daukat.

Burua fisikoa bezain erabakigarria izango da horrelakoetan, ezta?

Dudarik ez. Horrelakoetan kirolariak halako krokis bat darama buruan, nola joan daitekeen proba, eta parametro horiek betetzen ez badira erraza da tenplea, pausoa galtzea. Une arriskutsuak dira horiek, kudeatzen jakin beharrekoak. Segi, eta buelta eman. Ondoko laguntzaileak funtsezkoak dira ez etsitzeko, edo gehiegi ez nahasteko lan horretan.

Beldurren bat baduzu?

Aizkorari. Lehen plaza, 20 kanaerdiko… Etxean asko aritu naiz, baina plaza plaza da. Bera ni baino azkarrago hasiko da, aldea aterako dit, akaso urduritu egingo naiz… Egoera horrek arduratzen nau pixka bat. Korteetan asmatu, egurra ezin puskaturik ez geratzea, lotuta.

Eta Zaldua apustua hausteko asmoarekin abiatuko al da?

Baietz esango nuke. Txikitu ez dakit, gero segan aritu behar duelako. Bizi-bizi hasiko da, ni asko atzeratzen saiatzeko, aizkolaria delako.

Irabaztekotan, garaipena nori eskaini ez zaizu ahaztuko, ezta?

Ez, hori inoiz ez. Mikel Garaialde lagunak esaten zidan beti, apustuak egiteko, eta dagoen lekutik sentituko dut bere indarra.

Ze mezu emango zenieke urnietarrei?

Apustua ikustera joateko, oihu batzuk bota eta gozatzeko.   

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!