Tabernari eta enkargu egile dabil aspaldi Iturria amak Andoaingo Bazkardo auzoan daukan Irrintzi taberna ezagunean, baina egun batzuk atzera bere pasioa denari atea ireki nahi dio Jonek: bizikleta denda ireki du Urnietan, herriko komertzio gehienak pilatzen diren Idiazabal kalean. Amets bat du, erronka bat: etorkizunean bizikleta konponketa izatea bere ofizioa. Jakin badaki ez dela samurra izango, eta horregatik ordu batzuk sartzen jarraitzen du amaren tabernan. Denda zabalik du dagoeneko, eta bizikletak konpontzera alboko herrietara joaten diren bizilagunak aurrerantzean Zure bike dendara hurbiltzea nahi luke.
Zergatik, bada, bizikleta denda, orain? “Pandemiaren kontuarekin etxean denbora asko pasa dut, taberna itxita zegoelako, eta buruari buelta asko eman dizkiot, taberna utzi eta beste lanbideren batekin bidea egin ote nezakeen. Mekanikari aritu naiz urtetan, talde askorekin, eta agian beranduago garatzeko zen ekimen bat aurreratu egin da”. Momentuz bi lanbide partekatzen segitzen du Jonek: “Irrintzi tabernan aritzen naiz goizeko lehen orduan, Andoainen, seietatik bederatziak arte edo, amari laguntzen, enkarguak egiten, gauzak eskatzen eta beste. Gero dendara etortzen naiz, eta goiz eta arratsaldez egoten naiz, bulegoko ordutegiarekin”.
Iturriaren ama jubilatu egingo da epe ertainean. “Jubilatu bitarte bi lanak partekatzea da asmoa, baina lehentasuna bizikleta dendari emanda. Bizikleta dendarekin aurrera egin badezaket, bertan jarraituko nuke”. Bizikleta gustuko dudalako ireki omen du denda. “Tabernako lanak bukatuta beti garajean aritzen nintzen, batek edo besteak eskatutako mesedeak egiten, bizikletak konpontzen, eta mesede horiek lan bilakatu ditut, dendan eta tailerrean”. Iturriak ez du, momentuz, halako negozio aurreikuspenik egin. “Ez dakit zenbat jende etor daitekeen. Hilero zein gastu asumitu dezakedan kalkulatu dut, eta horri aurre egiten diodan bitartean, aurrera jarraituko dut. Badakit lehen hiruzpalau hilabeteak nahiko gogorrak izango direla. Inbertsio baten modukoa da. Ondo ateratzen bada, aurrera. Ateratzen ez bada, kitto”. 8.000-10.000 euro inguruko inbertsioa egin du denda ireki ahal izateko.
‘Zure bike', Idiazabal kalean
Honatx zergatia: “Abizenarekin hasi ginen. Iturria abizen ezaguna da, anaiagatik eta tabernagatik. Iturria bikes pentsatu genuen, edo Iturria bizikletak, errazena. Gantxo handirik ez zuen, ordea. Orain modan dago ingelesezko izenak jartzea negozioei. Nik tu bicicleta leloa ikusita neukan nonbait, eta azkenean hala atera zen, zure bike izena”.
Martxoan hasi zen lokala prestatzen, eta aste eta erdi darama irekita. Tailerra izango omen da negozioaren bizkarrezurra. “Piezekin eta beste larri samar gabiltza, bizikletak halako boom bat ezagutu duelako pandemiarekin, baina nik tailerreko lanekin irauteko asmoa dut: kableak, kubiertak, balaztak, bizikleta puntuan jarri, horrelako gauzak. Norbaitek bizikletaren bat erosi nahiko balu ere bitartekari lana egin dezaket marka batzuekin. Alegia, aholkuak eman erosleari, nik eskatu eta ekarri”. Garbi dio, dena den, bizikleta denda bateko arima tailerra dela. “Negozioa egiteko modu azkarrena bizikletak saltzea da, baina zure bike denda txikia da. Ezin dut bizikletarik erakutsi, edo salgai jarri”.
Denda toki onean dago, Idiazabal kalean, Guria jatetxearen parean. Aparkatzeko tokia ere badu atarian, eta kiroldegiko kalean ere tokia soberan egoten omen da. “Nahiko eskura dagoela esango nuke, erosoa da etorri nahi duenarentzat”, dio Iturriak. Esperantza badu, herritarrak hurbiltzeko: “Bizikleta konpondu nahi duenak normalean herriko dendara etorri behar luke, eta hala egin dezan saiatuko naiz, zerbitzu ona emanda. Pare bat bezero etorri zaizkit, dagoeneko, orain arte bizikleta konpontzeko Donostia, Hernani edo Andoainera joan behar zuten, eta orain etxetik pauso batera dauka denda”.
Hala bedi!