Julen Gabirondo Euskal Herriko herri kiroletako apustu munduko erreferente bilakatu da. Bazen segakoa, hirutan izan baita txapeldun, eta izateko bidean pentatloian, txapeldunorde izan baitzen azken ekitaldian. Apustu munduan ze neurri eman zezakeen erakustea bakarrik falta zitzaion, eta ikusle, aditu, zale eta beste aho bete hortz utzi zituen pasa den larunbatean Mozotegi baserriko semeak. Apustua, berez, parekatua zegoelako atarian. Zaldua, aizkolaria. Gabirondo, segalaria. Batak eta besteak ikasi, trebatu egin behar izan duten diziplinako hobekuntzak desorekatuko zuen balantza.
Eta aizkoran ikaragarri hobetu du Goiburuko mutilak. Lehen apustua zelako, urduritasunaren preso geratzeko beldurra zuela aitortu zion Aiurri-ri Gabirondok pasa den astean, baina kontrakoa gertatu zen. Fisikoki sekulako indarra, baina borroka psikologikoan ere oso nagusi aritu zen. Ikusten edo sumatzen ez den borroka horretan oso trebe aritu zen urnietarra. 20 kanaerdikoetatik erdiak moztuta, 01:20ko errenta zeukan Zalduak. Eutsi egin zion atzerapen horri Julenek, eta azken bost enborretan ia dena jan, aizkora lanak dozena segundoko atzerapenarekin bukatzeko. Hutsaren hurrengoa. Julen konforme zen aizkora lauzpabost minutuko atzerapenarekin bukatu izan balu, baina segundo apur batzuk baino ez zituen galdu. Han ikusi zuen, gauzak normal, berea zela apustua, segan Zumarragako semea baino askoz trebeagoa delako
Eta hala izan zen. Hasiera-hasieratik ikusi zen. Lehen sailean ia bi minutu jan zizkion urnietarrak. Bigarrena bukatzerako kolpea latza. Saila bukatua Julenek, eta Zalduari sail erdia baino gehiago, bukatzeko, oraindik. Julenek berak ere esaten du sarri, sega ez dela matematika, sailak azkarrago bukatzeak ez duela esan nahi aurkaria baino kilo gehiago biltzen dituzunik, baina belarra berbera, edo oso antzekoa da sail batean edo bestean, kilo gutxi batzuetako aldearekin. 670 kiloko aldea atera zion Gabirondok Zalduari bukaeran. Kilo asko da, sail erdia, edo gehixeago, gutxi-asko.
Gabirondok aurkariari, eta bi orduko muturreko ahalegin fisikoari egin behar izan zion aurre. Bi ordu eman eta eman aritzea muturreko desafioa da kirolari onenarentzat ere, eta Zalduak eta Gabirondok atletak direla erakutsi zuten. Urnietarrak oinaze fisiko handiak jasan zituen aizkora lanak bukatuta. “Izterretatik justu samar ibili naiz aste osoan, eta gaur ere bai”, lanak bukatu ondoren aitortu zuen moduan. Giharrak luzatu, eta errezatu, mina handitu eta lesiorik gerta ez zedin, ezin zuen besterik egin. Izterreko karga atzean utzita, sabelaldean hasi zitzaion mina, artean apustua bukatzeko 20 minutu luze falta zirela. ETBn Juanan Legorburu esatariak esan bezala, Julen aitona zahar baten moduan ari zen segan, postura zurrunarekin, normal arituz gero giharrak bale esaten baitzion. Sailetik sailerako aldaketan agerikoa zen urnietarraren ibilera arraroa, baina horri ere buelta eman zion, azken 6-8 hilabetean egin duen prestakuntza lana ona izan dela berretsiz.
Eskaintza zerrenda luzea
Bukatu zuten, dopinaren kontrako kontrola ere pasa zuten, eta epaileak kalkulagailuak sutan. Ia ordu erdi pasa zen, kilo guztiak batzerako, han bildutako zale asko marmarka hasita zeudela. Epaia garbia izan zen, 670 kilo gehiago Gabirondorentzat. Telebistako izarren pare, han desfilatu zuen Mozotegiko morroskoak, umil-umil, Euskadi Irratiko Haritz Gallastegiren mikrofono aurretik, aurrena, eta ETBko Ibon Gaztañazpiren galde-eskeak erantzunez, ondoren. Belar biltzaile eta beste laguntzaile koadrila osoarekin elkartu zen gero, haien lana eskertuz. Aratz semea ere hartu zuen bizkarrean, eta Maitane emaztea eta Araia alaba ere ez ziren urruti. Ezta beste senide eta lagunak ere.
Ordurako Xabier Zalduarekin elkar besarkatu zen, giza legez, eta garaipena umiltasunez ospatu zuen, errespetuz beti ere. Dozenaka lore eta laudorio jaso zituen Julenek, eta denetan burua makurtu eta eskerrik asko esaten baino ez zuen asmatu, lotsatu antzean, halakoak entzutera ohitua ez dagoenaren seinale, umiltasunaren ispilu. Aiurri-ri esandakoen artean ere nekez onartu zuen aurrerantzean apustuetako erreferente bat izango denik, denek berari beldurra izango diotenik, ezta sekulako erakustaldia egin zuenik ere. Eman behar zuena ematen saiatu zela esan zuen, gehienera, Julenek.
Julenek berak eta lan taldeak azkar batean jantzi zuten Mikel Garaialde zenaren omenezko kamiseta, matte zaitugu hitzak erakusten dituena. Gabirondok beti izan du gogoan Azkonobieta Berriko semea, lagun mina, minbiziak ebatsia 2018an, Garaialderen bultzadari esker hasi baitzen sega txapelketetan lehiatzen. Leitzan ere izan zuen, noski, gogoan: “Indar berezia ematen dit, sufrimendua muturrekoa denean. Gaur egun gure artean egon izan balitz nire aurkari gogorrena izango zela badakit, gai handia zeukalako Mikelek, eta bere hutsuneak asko motibatzen nau daukadan guztia emateko”.
Astelehenean oinazeak jota jarraitzen zuen Julenek. Gerri aldean omen zeukan min gehien. Ospakizunek samurtu dute apur bat mina, eta Mozotegiko mutilak apustuak eta desafioak alde batera utziko ditu oraingoz. Gipuzkoa eta Euskadiko Sega txapelketak jokatuko dira orain, aizkorako bigarren mailakoa ere bai, eta pentatloia ere iraila aldera. Hurrengo urtean larunbatean jokatutako tamainako desafio edo apusturen bat gauzatuko ote den galdetuta, ezezkoan da Julen: “Ez da erraza izango, ez baikara hainbeste kirolari aizkoran eta segan neurria ematen dugunak. Eta beste kirol diziplina batzuk sartzea ere erraza ez”.
Lehia pasata, bere auzoko festak iritsiko dira, Xoxokako festak, urrian. Itxuraz, eta pandemiak bereak eta bi egin ondoren, ohiko itxurarekin. Urnieta kirolari handiak ematen ari da hamarkada honetan, eta horietako bat da Julen Gabirondo, herriaren izena han eta hemen barreiatzen duena bere kirol jardunaren bitartez. Gauza ona litzateke Julenen lagun min Mikel oroitzeko moduren bat bilatzea. Herri kiroletako jaialdiren bat baino gauza hoberik ez, ziur aski, eta Goiburu auzoko festetan baino egokiago inon ez!