Gabirondo, Almitzaren Ligako irabazle atzo eta Gipuzkoako txapelduna gaur

Xabier Lasa 2021ko uzt. 4a, 16:16

Azken egunak benetan biribilak suertatzen ari dira urnietarrarentzat, gogoan hartzekoak bere kirol ibilbidean: Xabier Zaldua mendean hartu zuen aizkora eta sega uztartzen zituen apustuan; atzo, Almitza elkarteak antolatutako Euskal Herriko Liga irabazi zuen. Eta gaur, azkenik, Gipuzkoako sega txapelketako txapela bereganatu du.

Hona Gabirondok egindako adierazpenak, txapela jantzi bezain pronto:

 

Hiru garaipen, elkarren segidan

Atzo, Etxalekun jokatu zen Euskal Herriko XII. Bakarkako Sega Ligaren azken saioan Gabirondo irabazle irten zen,  gizonezko helduen kategorian. Era horretan, Zaldibian, Altzon eta Etxalekun azken asteetan egindako hiru norgehiagoetan punturik gehien lortu duen segalaria izan da Gabirondo. Bide batez, aipatzekoa ere bada emakume helduen kategorian, Malou Henriksen andoaindarrak atzo eskuratu zuen hirugarrengo tokia.

Gaur, azkenik, Julen Gabirondok Gipuzkoako txapela jantzi du, Jon Otegi oiartzuarrarekin eta Mikel Lizartza tolosarrarekin lehian aritu ostean, Asteasuko Bulano baserriko belazeetan, Gipuzkoako federazioak antolatuta. Segalariek ohiko eran jokatu dute lehiaketa, ordu beteko saioan ea nork belar kilo gehiago moztu. Hirukoteak belar mozketan aurrera joan ahala, ikusleek geroz eta argiago ikusi dute Gabirondoren nagusitasuna.

Hona azken sailkapena:

1.- Julen Gabirondo: 4.946,7 kilo:

2.- Jon Otegi: 4.343 kilo.

3.- Mikel Lizartza: 3.795 kilo.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!