658.000 euroko kreditu aldaketa onartu da Egapeko eskola eremuaren urbanizazioa egiteko

Aiurri 2021ko uzt. 5a, 10:04

Egapeko DBH-ko eraikina eraikitzeko prozesuak aurrera jarraitzen du eta asteartean Urnietako Udalean izandako udalbatzarrean beste urrats berri bat eman zen eremuaren urbanizazioa egin ahal izateko: 658.000 euroko kreditu aldaketa onartu zen, aho batez.

682.000 euroko beste kreditu aldaketa bat ere onartu zen bilkuran, hain zuzen, bide onetik doan kiroldegiaren eraberritzea amaitzen denean eraikina kirol-jarduera baldintza onenetan egiteko behar den guztiaz hornitzeko: tonifikazioko eta kardioko makinak, aldageletako altzariak, indoor ekipamendua eta telekomunikazioak eta informatika. Puntu hori EAJ-ren gobernu taldearen aldeko bozkekin onartu zen, EH Bilduk eta PSE- EE-k aurka bozkatu baitzuten. Alderdi sozialista ez dator bat proiektu horrekin eta EH Bilduk aipatu zuen ez dela herritar guztientzako kiroldegi bat.

 

Bestalde, Udal lokalen eta eraikinen garbiketa zerbitzuaren kontratuaren pleguen onarpena gauzatu zen adostasun osoz bi lotetan banatuta. Alde batetik, Urnietako udalaren titulartasuneko eraikinak; bestetik, Udal kirol instalazioak. Emaitza bera izan zuen 2020ko kontu orokorraren behin betiko onarpenak jendaurrean jartzeko epea amaitu ondoren, eta baita, Gurutzeta bidea izeneko Udal bide publikoaren desafekzioak ere. Bide hori irteerarik gabe, moztuta eta ondorioz, erabilpenik gabe geratu zen autobia egin zenean. Jabetzak bidea berreskuratzea eskatu du eta horretarako egin beharreko prozesua abian jartzea ontzat eman zen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!