Abian da Lurraldebusen kontzesio berria

Aiurri 2021ko uzt. 5a, 10:17

Martxan da Gipuzkoako Foru Aldundiak Lurraldebusen bidez eskaintzen duen autobus zerbitzua. Horrela, Lurraldebus sarearen emakida-sistema osatu da, flota berritua mugikortasun jasangarriaren egungo irizpideen arabera diseinatuta, izan ere, emisio kutsagarri gutxiko autobus kopuru handiena duen kontzesioa da.

Kontzesio berri honek 30 autobus hibrido ditu estreinatzeko. Horietatik 10, 15 metrokoak dira, 53 eserlekurekin, 17 zutik eta gurpil-aulkientzako 2 espaziorekin. Beste 20 autobusek 12,75 metro dituzte, 41 pertsona eserita, 27 zutik eta gurpil-aulkientzako 2 gune. 10 urte baino gutxiagoko 11 autobusek osatzen dute flota, aurreko enpresa emakidadunak subrogatuta.

Berrikuntza hori bat dator Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak ingurumen-estrategia globalarekin eta klima-aldaketaren aurkako Gipuzkoa Klima 2050ekin duen konpromisoarekin. Emakida hau martxan jartzeak 10.000.000 euroko inbertsioa ekarri du, eta flota moderno eta ekologiko bat izateko balio du, Lurraldebuseko autobus-flota osoa 2040an hibridoa izan dadin lortzeko urrats erabakigarria da.

Eguneko, gaueko eta ospitaleetako zerbitzua

Orain arte bezala, Urnietatik hiru autobus linea igaroko dira, egunez zein gauez, eta ospitaleko zerbitzua ere indarrean egongo da. Hori bai, autobus horiek identifikatzen dituzten kodeak aldatu egin dira:

  • BU05: Andoain – Urnieta – Hernani – Donostia
  • BU06: Andoain – Ospitalea
  • BU40G (gauekoa): Andoain – Urnieta – Hernani – Astigarraga – Donostia

Urnietan zerbitzua eskaintzen duten hiru lineen ordutegiak esteka honetan kontsulta daitezke.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!