'Ekinean' laguntza-zerbitzua: negozio berri bat abiarazi nahi duten ekintzaileentzat

"Ekinean" zerbitzua eskaintzen dute Beterri Buruntza eskualdeko sei udalek Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan, negozio berri bat martxan jartzeko asmoa duten ekintzaileei prozesu horretan laguntzeko xedez. Horrela, interesa duten pertsonei negozio-ideia bat garatzen laguntzen zaie.

Bide horretan ondorengoak dira interesdunen eskura jartzen diren zerbitzuak:

  • Aholkularitza pertsonalizatua.
  • Talde-prestakuntza, gogoeta eta azterketa egiteko eta norberaren enpresa-ideia abian jartzeko.
  • Enpresa sortzeko diru-laguntzak.

Eskualdeko negozioentzat

Negozioa eskualdean jartzeko asmoa duten pertsonei zuzendua dago zerbitzua eta, besteak beste, proiektuen bideragarritasuna aztertzeko eta erabakiak informazio gehiagorekin hartzeko balio du. Lehenik, prozesua banakako elkarrizketekin hasten da, proiektua zein puntutan dagoen eta zein premia dituen aztertzeko. Hala, banakako beharretara egokitutako ibilbide bat diseinatzen da ondoren. Talde-saioen bidez, negozio-ereduari buruz hausnartzen da: ideia merkatuarekin kontrastatzen ba, baita finantzatzeko aukerak eta enpresek dituzten betebeharrak ezagutu ere. Halaber, enpresa plana egiten laguntzea ez ezik, negozioa abian jartzea ere du xede egitasmoak. Eta behin lehen pausoak ematen hasita, negozioa sendotzeko aholkularitza ematen da. Horretarako, harremanetarako pertsona bat dago sortzen diren zalantzak argitzeko eta kontsultak egiteko.

Eskualdeko zerbitzu horrek 2007.urtean hasi zuen ibilbidea eta urte hauetan guztietan 1.597 pertsona baino gehiago gerturatu dira zerbitzura; orotara, 1.139 negozio-ideia aurkeztu dira, 286 negozio plan idatzi, 344 enpresa eratu eta 550 enplegu berri sortu. Zerbitzua urte osoan eskaintzen da eta ideiaren bat duen pertsona oro animatzen da laguntza eta aholkularitza jasotzera.

Horretarako deitu 688776267 telefonora edo idatzi merkataritzaurnieta@urnieta.eus helbidera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!