Covid19 | Datuak egunez egun

Urnietako Udalak neurriak hartu ditu, herria eremu gorrian sartu ostean

Aiurri 2021ko uzt. 7a, 10:17

Covid 19-ak eragindako kasu positiboen kopurua nabarmen igo da azken egunetan herrian: ondorioz, Urnieta eremu gorrian sartu da. Duela astebete, ekainaren 28an, Urnietako 14 eguneko tasa 100.000 biztanleko 16,11koa zen, eta, atzo, berriz, uztailaren 6an, 724,75n kokatu zen.

Udalak neurriak hartzea erabaki du joera negatiboa iraultzeko eta egoerak okerrera egin ez dezan. Neurriak gaur sartuko dira indarrean eta Urnietak eremu gorrian jarraitzen duen bitartean iraungo dute. Testuinguru honetan, Udalak zuhurtzia eta erantzukizun osoa eskatu die herritarrei beste behin, eta prebentzio-neurri guztiak zorrotz betetzearen garrantzia azpimarratu du.

Hartutako neurrien artean, parkeak erabiltzeko ordutegia murriztea dago. Hala, arratsaldeko 20:00etatik goizeko 9:00etara itxita egongo dira. Bestalde, hemendik aurrera ezingo da udal-lokaletan ekitaldirik antolatu. Bertan herritarrentzako arreta-bulegoak, berriz, zerbitzua ematen jarraituko du, baina herritarrei gomendatzen zaie benetako beharrizana dagoenean bakarrik joan daitezela, garrantzi berezia ez duten gaietarako modu telematikoa eta telefono bidezko deiak lehenetsiz. Kiroldegiak eta igerilekuak irekita jarraituko dute aurrez hitzordua eskatuta eta protokolo guztiak zorrotz beteta. Hitzorduak hartzeko Udaleko web orria eta APP erabil daitezkeela gogorarazten da. Ikasgelan mahai bakoitzean pertsona bat baino ezingo da egon. Liburutegian ere irizpide bera jarraituko da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!