Hiru garaipen, elkarren segidan

Aste biribilak dira Julen Gabirondo urnietarrarentzat: ekainaren 26an Xabier Zaldua mendean hartu zuen aizkora eta sega desafioan; eta aurreko asteburuan Almitzaren Euskal Herriko Liga eta Gipuzkoako sega txapelketa lortu zituen.

Leitzan apustu sonatua irabazita heldu zen Etxalekura larunbatean, Euskal Herriko XII. Bakarkako Sega Ligaren azken saioan jokatzeko asmoz, eta baita irabazi ere, gizonezko helduen kategorian. Era horretan, Zaldibian, Altzon eta Etxalekun azken asteetan egin diren hiru indar neurketetan punturik gehien lortu duen segalaria izan da Gabirondo, bere atzetik geratu diren segalariekin lehia estu eta gogorrean aritu ostean.

Euskal Herriko
XII. Bakarkako Sega Liga
Etxaleku, Nafarroa. 21/07/03

Sailkapena:

  • Julen Gabirondo 178 puntu.
  • Miel Mari Jauregi 177 puntu:
  • Mikel Lizartza 174 puntu.
  • Jon Otegi 171 puntu.

Bide batez, aipatzekoa ere bada emakume helduen kategorian, Malou Henriksen andoaindarrak hirugarren tokia eskuratu zuela; Alaitz Imazek jantzi zuen txapela, eta Ainara Otamendi bigarren geratu zen kategoria horretan.

Gipuzkoako Sega Txapelketa
Asteasu, Gipuzkoa. 21/07/04

Sailkapena:

  • Julen Gabirondo: 4.946,7 kilo:
  • Jon Otegi: 4.343 kilo.
  • Mikel Lizartza: 3.795 kilo. 

Igandean Julen Gabirondok hirugarren garaipena lortu zuen, Gipuzkoako sega txapelketa alegia. Jon Otegi oiartzuarrarekin eta Mikel Lizartza tolosarrarekin lehian aritu zen, Asteasuko Bulano baserriko belazeetan, Gipuzkoako federazioak antolatuta. Hiru segalariek ohiko erara egin zioten aurre lehiaketari, ordu beteko saioan ea nork belar kilo gehiago moztu. Hirukoteak belar mozketan aurrera egin ahala, geroz eta argiago ikusi zen Gabirondoren nagusitasuna. Asteasun txapela jantzi eta agudo, Gabirondok argi adierazi zuen hiru garaipenek utzitako sentsazio gozoak ahaztu gabe ere, etorkizun hurbilari begira jarri nahi duela burua. “Enbajada handietan” sartu dela azken aldian aitortu zuen, hiru lehiaketei heldu beharko diela hurrengo astetan, alegia: Euskal Herriko sega txapelketa, Gipuzkoako aizkolarien bigarren mailako txapelketa, eta, Euskal Herriko pentatloia. Ia urtebeteko prestaketa fisiko eta tekniko latzarekin lortu duen ”txispa” ez galtzea da bere desiorik handiena oraintxe. Aldi berean, sega baztertu ez arren, orain gutxi arte bereak ez ziren aizkoraren eta harriaren espezialitateei helduko die.

Laguntzaileen ezinbesteko lana

Ez da kirol erraza segarena; inguruko jendearen beharra dauka segalariak nahitaez, eta alor horretan suerte handikoa da Mozotegi baserriko semea. Kuadrilla fina eta langilea dauka ondoan, eta hari zor dio bere garaipenen ardura handia. Bikain aritu dira taldeko kide guztiak, nor bere eginkizunak txukun hartuta, izan sega zorrozten, izan animoak, aginduak eta aholkuak ematen, izan belarra biltzen eta pisatzen…

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!